Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Ereñotzu
PUTZUZARKO TRIKUHARRIA

2019/01/05, larunbata

«Hezurrik ez dela egongo badakigu, baina egon liteke material minerala»

Putzuzarko trikuharria agerian utzi zuten ereñotzuarrek; indusketa geratzen da orain.
Putzuzarko trikuharria agerian utzi zuten ereñotzuarrek; indusketa geratzen da orain.

K.a. 3.000 eta 4.000 urte artekoa da Putzuzarren aurkitutako trikuharria.

Aranzadi elkarteko Jesus Ta­pia arkeologo astigartarrak kon­­firmatu du: «Putzuzarko tri­kuharria badela ziurtatu du­gu». Pasa den asteburuan izan ziren Ereñotzun, inguruan au­rreneko garbiketa lanak egiten, eta laster jarriko duten hurrengo hitzorduan egituraren in­dus­ketari ekingo diote, ezaugarri zehatzagoen berri jasotzeko.

Oraingoz, zehaztu dute k.a.3.000-4.000 urteen artekoa dela, eta kamera eta tumuluek osatutako egitura dela.

Maldan beherako aurrenekoa
Tapiak azaldutakoaren arabera, duela hiruzpalau urte izan zuen Aranzadi elkarteak trikuuharri honen berri. «Sara­txe­tako lepoan, Akolatik Lan­dar­basora dijoa bidean megalito asko dago, gainaldean, baina maldan behera ba ote zegoen ez zen jakina. Lontxo Ugarte, Aran­zadiko kideak badu afizioa eta asko ibiltzen da mendian. Berak ikusi zuen Put­zu­zarren bazela zerbait, eta abisua eman zion Manu Ze­be­rio kideari. Hau gerturatu, eta baieztatu zuen trikuharria zela; sasi artean es­talita bazegoen ere, ikusi zituen laja edo  harlauza, ganbara osatuko lukeena, eta tumuluko hainbat harri».

Gipuzkoako Foru Aldundia jarri zuten gero jakinaren gainean. «Aurkitu zenetik denbora bat pasa da. Izan ere, inguruko megalitoak iker­tzen ari gara. Txoritokietan ibili izan gara, eta ez genuen data jartzen Pu­tzu­zar­koa begiratzeko. Azke­nean, an­tolatu, eta egin dugu saioa. Nahiz eta guk zalantzarik ez izan, Putzuzarko trikuharria ba­dela ziurtatu dugu».  

«Akolako Joxe Susperregiri galdetuta erabaki dugu izena»

10 metroko diametroa
Ezaugarri nabarmenak bistakoak baziren ere, inguruko sasi eta landareak garbituta, gehiago jakin dute. «Akola eta Igoin inguruetan badira gehiago eta ez daude denak datatuta, baina Iberiar penintsula osoan daudenak bezala, badakigu horrelako egiturak k.a. 3.000 eta 4.000 urte artean erabili zirela. Hilobi kolektiboak dira, familia edo klan bateko kide bakoitza hiltzean irekitzen zena, bertan ehorzteko. Badakigu ez dela azken momentuko trikuharri txikia. Egitura normalekoa da; tumulua osatzen duten harriak forma kontzentrikoan jarrita daude, 10 bat metroko diametroan, eta ganbara 1,5 metro luze eta 1 metro zabalekoa da».

Aurreneko begiratua emanda, aurrerago beste hitzordu bat ere jarriko dute, indusketa egiteko. «Hezur asko egon liteke ho­rrelako lekuetan, baina ez dira erraz kontserbatzen. Hezurrik ez dela egongo badakigu, baina egon liteke material minerala; ze­ramika edo suharri zatiak».

Ereñotzuarrei, eskerrak
Aurreneko garbiketa saiora ereñotzuar asko gerturatu zirela-eta, eskerrak eman ditu Tapiak, eta hurrengo saiorako ere laguntza izatea espero du. 
Era berean, Aranzadiko kide Iñaki Sanz Azkue biologo hernaniarrak argitu du nola jarri dio­ten izena aurkikuntzari. «Akola baserriko Joxe Sus­pe­rri­giri galdetu diogu ea eremuak zein izen duen, eta Ereñotzuko toponimiari buruzko lanetan ere begiratu dugu. Putzuzarko trikuharria izango du izena».