Sasoiko zetorren Tolosa Zarkumendegira, bigarren itzulian partidu bakarra galduta; eta hasieratik erakutsi zuen bere arriskua, baloiaren jabe eginda. Baina buelta emateko gai izan ziren astigartarrak, eta 2-1 nagusitu zen Mundarro, garaipen garrantzitsua lortuz, partidu estu eta lehiatuan.
Partiduan sartzea kosta arren, baloi arriskutsuak lapurtu zituzten moreek, baina ez zituzten gol aukerak aprobetxatu, 20garren minutura arte: aurreneko gola egin zuen Aitor Grandek, hegaletik ateratako falta bat errematatuz. Gero, partidua berdindu egin zen atsedenera arte, markagailua aldatu gabe.
Bigarren zatia hasi eta berehala, bi aukera eder izan zituzten astigartarrek, baina ez zuten asmatu; eta hortik aurrera, Tolosa nagusitu zen. Moreen atezainak eta defentsek, gol aukera haundiak salbatu zituzten, aurretik jarraitzeko. Eta lasaiago geratu ziren, 17 minuturen faltan Iñurrik bigarrena egin zuenean, Marcosek lapurtutako baloia aprobetxatuz.
Tolosak ez zuen etsi, ordea, eta aldea murriztu zuen markagailuan (2-1), 12 minuturen faltan. Haien jokalari bat kaleratu zuen epaileak gero, eta horrek lasaitasun pixka bat eman zien astigartarrei, baina bukaeraraino sufritu zuten.