Gurasoei gezurrik ez!

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 17a, 02:00

EAJ-PNVren herri programa irakurrita, azken 4 urte hauetan Gu­raso Elkarteko DBH Eta Handitze Batzordean lanean aritu ga­renok, udal gobernu honek behin eta berriz esandako gezurrak azaleratzera gatoz. Batez ere, bere herri programan, ino­lako lotsarik gabe argitaratutakoak.

«Mendiaundi Aranibar lurzorua erostea adostu du». Ados, lurzorua  erosi da; baina 4 urte daramagu lur sail hori lehenbailehen hiritartu dezan eskatzen. Kasualitatez, hauteskundeak izan baino 3 hilabete lehenago erosi dute lur sai­la baina  «Kokapen alternatibo hoberena bilatzen jarraituko duela» aipatzen dute. Or­du­an, zein helbururekin ero­si dute Mendiaundi Ara­ni­bar?  Zergatik ez dute egia esaten? Be­raientzat kokapen egokia Ergobian egitea delako (nahiz eta honek epea 10 urte luzatuko lukeen). Ergobian eginez gero, promotorak 200 etxebizitza gehiago egingo ditu eraikina bertan egiten bada.

DBHren gaineko gezurrekin nahikoa ez eta Herri Eskolako handitzearekin ere inongo lo­tsarik gabe gezurretan dabil­tza. «EAJk jangela txikia handitzeko proiektu jasangarria martxan» duela dio. Eskolako Organo Gorenak eskaera bat egin zion udalari, pleno bidez onartua izan zena,  eta eskolako eskaerari kasurik ez egitea erabaki zuen. Kasu egin izan balio, 2018ko udan eskatutakoaren erdia gauzatua egongo zen eta 2019ko udan amaituta. 

Gezurrekin jarraituz, eskolarako bi azterketa eskatu omen ditu. Bai, eskatuak dau­de, bai­na Guraso Elkarteak eta eskolako zuzendaritzak egindako eskaera eta presioagatik izan da. 

Esaten dutenarekin badirudi, Guraso Elkartearekin izugarrizko lana egiten dutela. Gezurra da! Eta 4 urte hauek erakutsi digute zein izan den haien inplikazioa. Eta gurekin bildu eta elkarlanerako izan duten prestutasun ezak argi uzten du. 

Ez erabili gure seme-alaben hezkuntza zuen interes politikorako. 

Gurasoei gezurrik ez!


Ainhoa Aranzabal Duran, Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkarteko DBH eta Handitze Batzordearen izenean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!