Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Asteartea2019ko martxoak 19

Astigarraga
Jasota Bezala

2018/09/29, larunbata

Gezurra ari du... atertuko ote?

Joan den uztailaren 21ean Felix Zusberro jaunak (Astigarragako EAJko presidenteak) artikulua argitaratu zuen “HORRELA, EZ” izenburuarekin Urumeako Kronikan. Idatzi horretan bi gezur esaten ditu, biribil-biribilak: 1 Oraingoan gonbidapena ez da Gure Esku Dagotik etorri Ezker Abertzaletik baizik eta, 2 Ezker Abertzaleak monopolizatu du Gure Esku Dago.

Idatzia irakurri eta sinistu ezinik, gezur horiek salatzeko komunikabideetan erantzuna argitaratzea pentsatu genuen, baina ez genuen egin. Nahiago izan dugu, horren ordez, Astigarragako EAJko presidente Felix Zusberrori eta alkate den Zorione Etxezarragari hitzordua eskatu eta gaia argitu. GED dinamika anitza eta bateratzailea da eta horrelako gaiak plazara atera aurretik landu egin behar direlakoan gaude. 
 
Bi bilera egin ditugu. Bilera horietan EAJri eskatu diogu okerra zuzentzeko eta horrelako gezurrik esaten ez ibiltzeko, baina ez dugu horrelakorik lortu. Uztailean idatzitakoa berretsi baizik ez dute egin. Ez dugu ez zentzuzko azalpenik jaso, ez okerra zuzentzeko asmorik entzun. 

Hori dela eta, honakoa argi eta garbi adierazten dugu:
1. Ekaineko giza katearen ha­ri­tik antolatutako ekimenetan parte hartzeko Astigarra­gako EAJri eta EAJko udaltaldeari egindako gonbidapenak Astigarragako Gure Esku Dagok egin zituen.
2. Astigarragako GEDren jardun eta dinamikan inork ez du ezer monopolizatu nahi izan eta ez du ezer monopolizatu. Parte hartu duen pertsona orok bere izenean parte hartu du erabakitzeko eskubidearen alde, inor inoren gainetik edo azpitik jarri gabe eta inoren jatorri ideologikoari edo praktika politikoari begiratu gabe. 
3. Hurrengo ekimenetan ere astigartar guztiei egingo dizuegu dei erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenetan parte hartzeko. GED zeharkako dinamika da, erabakitzeko eskubidearen alde dagoen per­tsona ororentzat atea zabal-zabalik duena.
4. Garai bateko mamu zaha­rrak eta gezurrak alde batera uzteko garaia da, lankidetzan aritzeko. Ziur gaude. Atertuko du.