Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Astigarraga
Joxe Amiama Pedagogoa

2017/10/21, larunbata

«Etxerako lanak eskatu izan dira beti, baina pentsatu gabe zenbateraino diren baliagarriak»

Jose Amiama, Mont de Marsaneko unibertsitateko liburutegian.
Jose Amiama, Mont de Marsaneko unibertsitateko liburutegian.

‘Etxerako lanak, hausnarketa eta familiaren laguntza’ hitzaldia eskainiko du Joxe Amiama pedagogoak, datorren asteartean, 17:00etan Astigarragako Herri Eskolan.

Frantziako Mont-de-Marsan herritik erantzun dio Kronika­ren deiari, Joxe Amiama pedagogoak. Astigarragako Herri Eskolan hitzaldia eskaini au­rre­ko astean, ikerketa lanetan murgilduta aritu da, bertako unibertsitatean, Frantziako hez­kuntza sistema eta erabiltzen duten materiala ezagutzen.

Ikertzeaz aparte, ekintza berezirik izan duzu egun hauetan Frantzian…
Bai, euskeraz eman diet klase bat unibertsitateko ikasleei, eta inork ez zekien euskeraz. Filologia ingleseko ikasleak ziren, eta asmoa zen beraiek ikustea, nola jasotzen duen haur batek inglesa, aurrenekoz entzuten duenean, eta nola testuinguruaz baliatuz, zerbait ateratzen duten. Horretarako, euskeraz aurkeztu nintzen, zenbakiak erakutsi nizkien euskeraz, koloreak ere bai, euskerazko kanta batzuk jarri… Eta ondoren, hausnarketa egin zuten: nola blokeatu ziren, zein estrategia erabili daitezkeen… 

Eta Frantziatik Astigarragara. Datorren asteartean, hitzaldia eskainiko duzu Herri Eskolan. Etxeko lanen gaiari helduko diozue bertan...
Etxeko lanen gaia, begirada ezberdinetatik ikusi daiteke: irakasleen begiradatik, ikasleen begiradatik, edo familiaren begiradatik. Astearteko saioan, familiaren begiradan zentratu­ko gara. Hausnarketa txiki bat egingo dugu gaiaren inguruan, eta gero estrategia batzuk planteatuko ditugu. Estrategia xume batzuk izango dira, fa­mi­liak ikasleei laguntzeko etxerako lanak antolatzen, baina ez egiten edota esplikatzen. Guk ez daukagu euskeraz jakin beharrik, edota eduki horiek ezagutu beharrik. Baina kudea­keta aldetik bai, lagundu dezakegu; eta estrategia motibadoreak ere planteatuko ditugu. Eta azkenik, ikusiko dugu eskola eta familiaren arteko harremanean, ateak zabalik eduki behar ditugula, gai honen inguruan.

Etxerako lanei buruzko tesia egin zenuen, orain urte batzuk. Askotan entzun dugu, ikasleek etxerako lan gehiegi dauzkatela; baina gutxitan aztertu da arazoa, ezta?
Hori izan zen nire aurreneko arazoa. Gaztelaniaz eta euskeraz ez zegoen ezer aztertuta, eta frantsesezko eta inglesezko erreferentzietara jo behar izan nuen, hemendik kanpo bai daukatelako gaia aztertuta. Frantzian, esaterako, debekatuta dago lehenengo hezkun­tzan idaztekoak diren etxerako lanak bidaltzea. Eta Ingla­te­rran, etxerako lanei buruzko dokumentuak egin behar dituzte irakasleek, zer eskatu, nolakoak, zein helbururekin… Uste dut nire tesia aurrenekoa dela estatu mailan. Bitxia da, tresna hori erabili izan dela beti, baina pentsatu gabe zenbateraino den baliagarria.

Uste duzu etxerako lan gehiegi izaten dituztela ikasleek?
Aldagai desberdinak hartu behar dira kontutan. Adinaren arabera, uste dut, kasu batzuetan, lehen hezkuntzakoei etxerako lan gehiegi eskatzen zaizkiela. Bestetik, etxerako lanen tipologia zein den ikustea oso garrantzitsua da, asko diren edo ez erabakitzeko. Eta azkenik, ikusi behar da ikasleentzat baliagarria diren: batzuentzat hala izango dira; baina beste batzuentzat, errepikakorrak izango dira, egiten badakitelako; edo alderantziz, egiten ez badakite, zailtasunak izan di­tzakete horiek egiteko, eskolatik kanpo. Ez da asko edo gutxi diren esatea bakarrik, etxerako lanen kalitatea eta bestelako aldagaiak sartzen dira jokoan.

Zein ondorio atera zenituen, tesia lantzerakoan?
Aurre­nekoa da, eskolek ez daukatela dokumentu sendorik, gaiaren inguruan. Eta beraz, etxerako lanen kudeaketa irakasleen esku geratzen da, eta helburuak eta tipologia ez daude zehaztuta. Beste ondorio bat da, ikasle, irakasle zein familiek balio haundia ematen dietela etxerako lanei; beraz badirudi baietz, erabilgarriak izan daitezkeela, baina beste era batera. Eta azkenik, antolaketa falta dagoela. Askotan, curriculumaren norabidea alda­­­tzen da, eta familietan zailtasunak izaten dira aldaketa horiek kudeatzeko, eta gatazkak sor­tzen dira. Gainera, familiarengana soilik jotzen da, ikasleak etxerako lanak egiten ez dituenean; familiak ez du prozesu osoan parte hartzen. 

Horren inguruko hausnarketa egingo duzue saioan.
Kontua da, etxerako lanen inguruan ez dagoela diskurtso elaboratu bat, eta horrek na­has­mena sortzen du. Para­dojak izaten dira: irakasleek familiari esaten diote, ikasleak berak bakarrik egin behar dituela etxerako lanak, baina aldi be­rean, jarraipen bat egin behar diotela. Nola egin hori, beraz? Horri buruzko proposamen bat egingo dut saioan, eta kokatzen saiatuko naiz, zein den familiaren papera prozesu horretan. Gainera, askotan kulpa sentimenduak sortzen dira gurasoengan, pentsatzen dutelako ez direla gai seme-ala­bari laguntzeko, edukiari buruzko ezagutza ez daukatelako. Beraz, horri guztiari buruz hausnartuko dugu.

Nolakoa izan beharko litzateke familiaren laguntza hori?
Faktore oso garrantzitsu bat dago horren atzean, eta da ikasleek nola ikusten duten laguntza hori. Ikusten badute modu baikor batean, laguntza bezala, oso ondo baloratzen dute. Baina beste batzuk, kontrolatuta sentitzen dira. Agian familiaren asmoa laguntzea da, baina ikasleek kontrol be­zala perzibitzen dute. Hori kontutan hartu behar da, estrategia zehazteko orduan, bestela haserreak sortu daitezke eta.


Soluzio jakinik badauka, etxerako lanen arazo honek?
Aurreneko akatsa da, arazoaren konponbidea bilatzeko, azkeneko eslaboiari begiratzen diogula, etxeari. Baina hori pro­ze­suaren azkeneko pausoa bes­terik ez da. Gaur egun, ara­zo bat daukagu curriculumarekin, eduki kantitatea oso zabala da. Eta pentsatzen badugu eduki guztiak landu behar ditugula, denak ezin direnez klaseko orduetan landu, kanpora bideratzen ditugu, etxeetara. Adierazgarria da, etxerako lan kopurua haunditu egiten dela kurtso bukaeran, liburua derrigor bukatu behar dugula uste dugulako. Beraz, etxerako lanen arazoak puntu asko dauzka, ez bakarrik etxekoa. Hitzaldian puntu hori landuko dugu, baina arazoa aurretik dator.

Etxera iristen zaien arazo hori nola kudeatu aztertuko duzue, alegia.
Hala da, bai. Aurrena gurasoak lasaitu nahi ditut, kulpa sentimendu sortzen delako gai ho­ne­kin. Etxerako lanen arazoaren eskema aztertuko dugu pixka bat, eta ondoren, tresna batzuk proposatuko ditugu, hori kudeatzeko.