Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Astigarraga
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2015/10/24, larunbata

Azken errimara arte, bertsoz jositako bidea

Gaur hasiko du bere ibilbidea Agin Laburuk, Gipuzkoako Txapelketa Nagusian.
Gaur hasiko du bere ibilbidea Agin Laburuk, Gipuzkoako Txapelketa Nagusian.

Fase erabakigarrian sartu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta abenduaren 19ko finalera arte, bertsotik bertsora arituko dira, 15 saiotan, final laurdenetara sailkatu diren 43 bertsolariak.

ESTITXU NEIRA MARTINEZ

Irailaren 20an, Beasaingo Usurbe antzokian hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapel­keta. Guztira, berrogeita hiru bertsolari lehiatuko dira. Fina­la abenduaren 19an izango da Donostiako Ilunben arratsaldeko 17.30etan hasita. Bertara, zortzi bertsolari ailegatuko dira.
Berrogeita hiru bertsolariek sailkatzeko bi bide izan dituzte. Horietako hamahiru, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zutenak dira. Gainontzeko hogeita hamarrak, udaberrian abiatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik batu zaizkie. 
Horiez gain, bederatzi gai-jartzaile, hemeretzi epaile, hiru idazkari eta laguntzaile ugarik egingo du lan txapelketa honetan.

Txapelketan, 15 saio guztira
Txapelketa luzatuko den hiru hilabeteetan, hamabost saio egingo dira Gipuzkoako zenbait herritan: sei final zortziren, bost final laurden, hiru final aurreko eta finala.
Asteburu honetan, final laurdenetan murgilduko da txapelketa, hogeita hamar bertsolari arituko dira denera fase honetan, hauek, bost taldeetan banatuko dira. Hogeita hamar horietatik hogeita hiru, aurreko fasetik sailkatuak dira; eta gainontzeko zazpiak, duela lau urteko txapelketan finalera heldu zirenak. 

GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA
HURRENGO SAIOAK

FINAL LAURDENAK
Urriak 24, Zumarraga-Urretxu, Ederrena pilotalekua.
Urriak 25: Errenteria, Agustina Otaola Raketista Profesionala pilotalekua
Urriak 31: Zestoa, kiroldegia
Azaroak 1: Ormaiztegi, Zubipe pilotalekua
Azaroak 8: Eskoriatza, kiroldegia


FINAL AURREKOAK
Azaroak 22: Zarautz, Aritzbatalde kiroldegia
Azaroak 29: Tolosa, Usabal kiroldegia
Abenduak 6: Eibar, Astelena pilotalekua

FINALA
Abenduak 19: Donostia, Ilunbe

 

Agin Laburu

«Nere aurtengo erronka nagusia izango da gaiei beste tono bat ematea»

Agin Laburu astigartarrak gaur ekingo dio bere bideari Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Azken txapelketan finalera ailegatu izanagatik, final laurdenetara  sailkatu da zuzenean.

Gaur bertan izango da final laurdenetako lehenengo saioa, Urretxu-Zumarragako Ederre­na Pilotalekuan, arratsaldeko 17:30etan hasita; bertan ariko da Agin Laburu astigartarra. Ez da taldean izango den Herna­niko Bertso Eskolako kide ba­ka­rra. Berarekin, eskarmentu haundiko Jexux Mari Irazu arituko da, biak azken Gipuz­koako Bertsolari Txapel­ke­tatik zuzenean sailkatuta. Eta hauekin batera, Bertso Esko­la­ko bi kide gazte izango dira baita ere, hauek aurreko fasetik sailkatutakoak: Asier Azpi­roz eta Eli Pagola. Azken honek, sailkapenarekin sekulako ezustekoa eman du. Taldea osatzeko, Nerea Elustondo legazpiarra eta Villabonako Beñat Iguaran izango dira.
Bertso Eskolako beste hiru kide ere arituko dira final laurdenetan: Beñat Gaztelumendi, urriaren 25ean Errenterian; Unai Gaztelumendi, azaroaren 1ean Ormaiztegin; eta Unai Agirre, azaroak 8an Eskoria­tzan.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan zure ibilbidea hastear da, urduri zaude? 
Orain arte nahiko lasai nengoen, baina pasa den asteburuan aurreko faseko azken saioa entzutera joan nintzen eta jada tximeletak tripan hegaka hasi zitzaizkidan. Beraz, urduri xa­mar eta tentsio puntu batekin.

«2013ko Euskal Herriko Txapelketan erabaki nuen, nere estiloaz aspertuta nengoela, eta amaiera emateko unea zela. Beraz, ziklo horrekin bukatu nuen, eta berria hastear naiz».

Itxaropentsu zaude txapelketarako? 
Lehenengo fase hau gainditzeko badet esperantza. Finala oso garrantzitsua da eta bertara iristea gustatuko litzaidake, noski. Baina gutxienez, final aurrekoetan egotea ezinbestekoa da merkatuan jarraitu ahal izateko. Final aurrekoetara iristeak, bi urte barru Euskal Herriko Txapelketan sartzeko giltza ematen baitu;  bestela, hurrengo Gipuzkoako  Txapel­ketan parte hartu arte, lau urteko lehortea izango litzake. 

«Oholtza gainean egoten izan da gehien ikasi dudana; bertsolariok ‘tablaua betetzea’ deritzogun hori, alegia».

Zein da zure aurtengo erronka?
Nere helbururik nagusiena, gaiei beste tono bat ematea izango da. Hau da, gaiak beste modu batera jorratu nahi ditut. 2013ko Euskal Herriko Txa­pel­ketan erabaki nuen nere estiloaz aspertuta nengoela, eta amaiera emateko unea zela. Beraz, ziklo horrekin bukatu nuen, eta berria hastear naiz.

Zu zeu, nola prestatu zara azken hilabete hauetan, txapelketarako?
Gure entrenamenduak bi adar izaten ditu. Alde batetik, lagunekin bildu eta kantatu; eta bestetik, etxean egin beharreko bakarkako lana; irakurketa, gaien erreflexioa, aktualitatea jarraitu, etab. Ni, Enara nere alaba uztaila amaieran jaioko zela jakinda, lan karga haundiena aurretik sartzen saiatu nintzen. Ondoren, hilabeteko atsedena hartu nuen, eta duela aste batzuk berreskuratu nuen berriz ere. Kantatzeko dezente bildu naizen arren, etxekoa aurreko urteetan baina gutxiago egin dut, eta zalantza horrekin iritsiko naiz txapelketara.

«Lehenengo fase hau gainditzeko badet esperantza. Final aurrekoetan egotea ezinbestekoa da merkatuan jarraitu  ahal izateko. Horrek ematen du, bi urte barru Euskal Herrikoan sartzeko giltza».

Zein bertsolari lehiatuko zareten jakinda, nolako maila ikusiko dugula iruditzen zaizu? 
Gipuzkoako Txapelketetan beti izaten da maila altua. Hala ere, egun eta une konkretu horietan maila %100ean erakustea ezinezkoa da, hainbat faktorek eraginda baitzaude. Hori da, nere ustez, txapelketek duten arazorik nagusiena.

Zer diozu Hernaniko Bertso Eskolako beterano deritzegunetako batzuk txapelketarako sailkatu ez izanaz; eta ordea, gazteek emandako ezustekoaz, esaterako, Eli Pagolak emandakoa? 
Eli Pagola sailkatu izana gure­tzat ez da ezustekoa izan. Bagenekien maila horretara hel zitekeela, eta baita gorago ere. Beste aldetik, aurre kanporaketetan gelditu diren beterano eta hain beterano ez diren batzuk, bai sorrarazi digutela sorpresa haundia. Baina ez da ezustekorik gabeko txapelketetarik, onerako zein txarrerako.

«Ez nago txapela irabazteko mailan gaur egun, baina gustatuko litzaidake finaleko postutxo hori mantentzea».

Zure laugarren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa izango da autengoa. Zertan esango zenuke heldu zarela? Zer ikasi duzu? 
Bereziki oholtza gainean egoten ikasi det, hau da, bertsolariok ‘tablaua betetzea’ deritzogun hori. Maila artistikoan, hots, bertsoetan ere hobekun­tza izan dut. Baina, txapelketak dakarren tentsioa gaindi­tzen jakitea eta oholtzan egoten jakitea ere esperientziarekin ikasten da, eta horixe da urtetik urtera gehien hobetzen dudana. Gainera, laguntza haundia izaten da gaiei aurre egiteko garaian.

2011. urtean, hau da, aurreko Gipuzkoako Betsolari Txapelketan finalera heldu izanak nolabaiteko presioa eragiten dizu? 
Bai. Lehen zer galdu gabe ateratzen nintzen; orain, ordea, mantentzea gustatuko litzaidaken postutxo bat badut. Jakin badakit, ni hor sartzeko beste norbaiti lekua kendu diodala, eta zilegi litzakela atzeko batek neri ere gauza bera egitea. Hala ere, nahitaez presio hori sentitzen det.

Zer suposatuko luke zuretzat finalera iritsi eta txapela irabazteak? 
Ez det horretan pentsatu ere egiten, ni ez nago txapela irabazteko mailan gaur egun. Baina, txapelak nere ustez erakustokia betetzeaz gain, zure curriculumean urrezko hitzez idatzitako titulu bat ematen dizu. Dena den, txapelketak ez du irabazle bakarra, maila ona ematen duenak plazetara joatea lortzen baitu, eta bertsotan gabiltzanon helburua horixe da, plazak egitea. 

Finaleko azken txanpara iritsiko bazina, noren aurka aritzea gustatuko litzaizuke gehien?
Bertso Eskolako kide baten aurka, jakina! Azken urteotan gehien bat landu izan dudan kideekin, Unai Agirre eta Aitor Mendiluzerekin izan da, eta kontuan hartuta Mendiluze ez dela lehiaketa honetan parte hartzen ari, Unairekin zalan­tzarik gabe. 

Finalean izan zen Agin Laburu, duela lau urteko Gipuzkoako Txapelketan. Finaleko postu hori mantendu nahi du aurten.