Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Asteartea2019ko martxoak 19

Astigarraga
Txirrindularitza

2015/01/07, asteazkena

«Aurreneko garaipena izan da Astigarragako taldearentzat»

Beñat Blazquez.
Beñat Blazquez.

Beñat Blazquez txirrindulariak irabazi berri du ‘Motelen lasterketa’. 
Oso pozik dago garaipenarekin «sorpresa» izan baita.

Belodromoan karrera bat irabazi zenuen orain gutxi. ‘Motelen lasterketa’ gisa da. Hobeto azaltzerik bai?

Azken aldian pistako mun­duan modan jarri den las­terketa bat da, The longest lap izenekoa. Probaren hel­burua da lehenengo minu­tuetan bizikleta gainean geldirik egotea, hanka lurrean jarri edo helmugako marra ze­harkatu gabe. Epaileek era­bakitzen dutenean, txistua jo eta itzuli bateko esprinta hast­en da, bat-batean. Proba erakargarria da ikusleentzat, izan ere bertan txirrin­dula­riaren indarra eta abiaduraz gain, bere abilezia ere agerian gelditzen da.

«Indarreko txirrindularia naiz. Esprintean ondo moldatzen naiz. Proba motzak eta esplosiboak datozkit ondo»

Pozik izango zara lortutako emaitzarekin. Espero zenuen? 
Ez nuen inolaz ere espero, bai­na zortea tarteko, oso pozik nago emaitzarekin. Astigarragako txirrindulari taldearen lehenengo garai­pena da! Ez nago oraindik oso sasoiko, beraz lagunekin  barre batzuk egiteko aitzakia ederra izan zen.

Belodromoko denboraldia bete-betean da. Beste lasterketetan parte hartzeko asmorik bai?
Pistako denboraldia azaroan hasten da, eta otsailean bu­katu. Donosti-Berri txirrin­du­lari taldeak egiten duen la­na­ri esker egutegi polita osa­tze­ko aukera dugu. Azken urtee­tan maila altua izan da, hain­bat txirrindulari profe­sinalek hartu baitute parte. Niri da­gokidanez, hauxe nuen urte­ko lehena eta az­kena, izan ere Frantzian nabil lanean.

Pistan zein modalitatetan moldatzen zara ondoen?
Indarrezko txirrindularia naiz, beraz esprint motzetan ez naiz gaizki moldatzen. Oraintxe bertan iraupena lantzeko denbora gutxi dut, beraz, indar eta bixitasun puntu hori izanda, pasaden asteburukoa bezalako probak hobeto datozkit. Motzak eta esplosiboagoak.

Pistaz kanpo, karreteran ere aritzen zara?
Azken urtean lehiaketa gutxitan parte hartu dut, Frantzian gauez egiten diren kriterium pare batean besterik ez. Astiagarragako Txirrindulari taldearen filo­sofia berean, lagun taldeko ir­teerekin bizikletaz eta ingu­ruaz gozatzeko aukera ona da errepidea.
    
Nondik datorkizu afizioa? 
Txikitatik etxean beti izan dugu bizikleta. Andoni anaia zaharrak ere izan du bere eragina noski, bera hasi zen lehiaketa munduan. Nik ere gustuko nuen, eta hortxe hasi nintzen.  Astigarragan txi­rrin­dulari taldea sortu iza­nak aukera ederra ematen du bizikleta gosea duten guztiak elkartzeko, eta berriek erreferentzia bat izateko. 

Ofizioaz fisioterapeuta zara eta aipatu duzun bezala Alpeetan egiten duzu lana. Nolakoa da zure bizitza?
Aix-les-Bains izena duen herri bateko ospitalean nabil lanean. Profesionalki oso gus­tora eta asko ikasiz. Bestela Alpeetan bizita, mendiaz, txi­rrindaz eta eskiaz gozatzeko aukera ezin hobea dut. Azken urte honetan fondoko eskiar­ekin hasi naiz!.  

Eta ondo moldatzen zara ofizioa eta afizioa uztartzeko?
Ordutegi ona daukagu eta lana bukatu bezain pronto bertako taldeekin irteten naiz. Hala ere, argi dago zaila dela lehiaketa eta lana uz­tartzea. Konpetizioetan ari­tzeko, txirrindularitzak den­bora eta esfortzu asko eskatzen du.

Zerbait gehitu nahi duzu?
Tarte hau aprobetxatu nahiko nuke asteburuetan jendea belodromora gonbidatzeko. Larunbat arratsaldeetan mai­la haundiko txirrindularitza ikusteko aukera izaten da bertan. Sarrera debalde da. Informazio gehiagorako, www.gtxe.org.