Zabalik da Andre Gobadarien Ibai Parkea, atzo arratsaldetik. Dagoeneko herritar guztientzat erabilgarri dago, Urumea Berri eta Urumea ibaiaren arteko ibai parkea. Aisialdirako gunea izango da, eta aukera dute bertan, paseatzeko, ariketa fisikoa egiteko, haurrek jolasteko edota irakurtzeko, besteak beste.
«Lau helburu lortu ditugu, ibai parkearen proiektuarekin: garapen urbanistikoa, uholdeen aurkako esku-hartzea, aisia, eta ibaiaren habitat naturala leheneratzea», nabarmendu du Astigarragako Udalak.
Ibaiaren eremua da parkea, eta «ahalegin berezia» egin dute, «ibaiaren izaera eta nortasuna» berreskuratzen: ibaiaren bidea errespetatu, landaretza inbaditzailea kendu, bertako zuhaitz eta zuhaixkak landatu (1260 guztira), ibai eremuetako fauna berreskuratzeko baldintzak jarri...
Uholde arriskua, parkeak
«Ibaiak urtean zehar behin baino gehiagotan hartuko ditu urez, parkearen hainbat eremu; eta beraz, edozein jarduera ezin da bertan egin. Jarduera eta instalazio horietarako, Ura agentziaren baimena eskuratu beharko da», azaldu du Udalak. Arrisku haundiena beheko eremuak dauka: «beraz, erne ibili behar da. Ez dugu ahaztu behar, Urumea ibaiaren emaria indarrez etorri ohi dela, eta Urumea ez dela erreka txiki bat. Arduraz jokatzea eskatzen dizuegu». Eta aurreratu dute, uholde arriskua dagoen egoeretan, seinaleak jarriko direla parkean, arriskuaz ohartarazi eta parkera sartzea debekatuz.
Oraingoz, farolarik ez dago beheko bideetan, baina eskaera egin diote Ura agentziari. Txakurrak aske ibiltzeko eremu itxi bat ere jarri nahi du Udalak, baina Ura agentziaren baimenaren zain daude, horretarako ere. «Beraz, oraingoz, txakurrak lotuta ibili beharko dira parkean».
Era berea, debekatuta dago bizikletaz ibiltzea, haur txikien kasuan izan ezik; eta patinetean, patinetan eta horrelakoetan, mantso ibili beharko da. Eskatu du, halaber, zaintzeko landatu diren zuhaixkak, zaborrontziak, mahaiak...
Azkenik, azaldu dute azaroan jarriko dutela Ur gardena eskultura, parkearen goialdean. Maria Jose Lacadena oriotarrak egindakoa da, Urumea ibaiaren ertzean gobada egiten zuten emakumeen omenez.