Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Ostirala2019ko urriak 18

Astigarraga

2019/10/08, asteartea

Ekarpenak egiteko tartea, Berdintasun Plana abenduan aurkeztu aurretik

Ostegunean egin zuten bilera irekia, herritarren ekarpenak jasotzeko.
Ostegunean egin zuten bilera irekia, herritarren ekarpenak jasotzeko.

Udara aurretik aurreko Planaren ebaluazioa eta erronka berrien diagnostikoa egin zen. Orain hirugarren plana diseinatzen ari da.

Ostegunean bildu ziren hai­n­bat herritar udaletxean, Ber­dintasun zinegotzia eta teknikariarekin eta Elhuyar Ahol­kularitza zerbitzuko teknikariarekin, Astigarragako III. Berdintasun Plana diseinatzeko. Udara aurretik, II. Ber­din­tasun Planaren ebaluazioa eta egoeraren diagnostikoa egin zen, eta irailean hirugarrenari begira hasi dira lanean.

Aurreko Planaren diagnostikoa eginda, urte berriari begira erronka batzuk zehaztu dira, eta osteguneko saio irekian ekarpenak egiteko aukera izan zen.


Erronkak gauzatzeko ekarpenak, herritarrek

III. Berdintasun Plana 2020an martxan jartzea da asmoa, eta horregatik, hau diseina­tzeko fasean ari dira orain. Hain zuzen, erronka batzuk finkatuta daude, eta azaroa bitartean, herriko hainbat era­gilek egin nahi dituzten ekarpenak jasotzen ari dira.

Hasteko, erronkak zehaztu dira. Batetik, Udalean genero-zeharlerrotasunez lan egitea; hau da, genero-berdintasun ikuspegia arlo guztietan txertatzea.

Bestetik, baliabide eta az­piegitura gehiago izatea, ber­din­tasuna sustatzeko. Era be­rean, emakumeen ahaldun­tzea lantzeko beharra azpi­ma­rratu da, bizitzako alderdi desberdinetan, eta horrekin nolabait lotuta, beharrezko jotzen da emakumeen parte-hartzea eta ikusgarritasuna lantzea, kirol arloan.

Bestalde, hezikidetza eta berdintasunari lotutako gaiak lantzeko beharra ere jaso da. Astigarraga herri gaztea dela kontuan hartuta, oinarritik lan egiteko asmoa azaldu da, horrela. Horrekin lotuta, gizonekin maskulinitatearen in­gu­ruko lanketa egitea ere beharrezkotzat jotzen da. 

Azkenik, indarkeria ma­txistari aurre egiteko, prebentzio lana egitea ezinbesteko erronka da, eta baita indarkeria matxista jasotzen duena artatzeko baliabideak sendotzea ere.


Abenduan jendaurrera, martxan jarri aurretik

Udalak martxan jarri nahi duen III.Berdintasun Plan hau deiseinu fasean dago orain. Erronkak zehaztuta daudenez, herritar eta eragileen ekarpenak jasoko dira azarora arte, eta asmoa da, abenduan prozesuaren inguruko balorazioa egitea, eta Planaren berri herritarrei ematea. 

Horrela, Plana 2020an martxan jarri ahal izatea espero da.


Familiarekin tailerra, eskolan

Ekarpenak egiteko osteguneko bilera ez zen izan berdintasun sailetik aste honetan antolatutako ekitaldi bakarra. Horrez gain, ostegunean bertan tailerra antolatu zen eskolako atarian, familiei zuzenduta.

Bertan, helburua izan zen, haur eta gurasoak elkartuta, indarkeria matxistari aurre egiteko tratu onak sustatzea. Tratu onen txinpartak izenburupean, jolasak, kantuak, ipuinak, marrazkiak... erabili zituzten.