Hegazti eta saguzarrak ugaritu, sagastietako izurriteak gutxitzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 22a, 02:00

«Bertako ekoizpena eta biodi­bertsitatea uztartzeko asmoz», Biobox proiektua jarri du mar­txan Aranzadi Zientzia elkarteak. Europan edota Estatu Ba­tuetan dagoeneko probatu du­ten formula bat, eta Euskal He­­rrian aurrenekoz egingo dutena: «espero dugu, emaitza izatea naturarentzako onura, eta baita produktu hauen jasanga­rritasunarentzako ere», azaldu zuen Juantxo Agirrek, Aranza­di­ko idazkari nagusiak, atzo Petritegi sagardotegian egin zu­ten aurkezpenean.

Izan ere, aipatutako produk­tu horiek, sagardoa eta txakolina dira. Eta proiektuaren fun­tsa, hegaztiak eta saguzarrak sagasti eta mahastietara erakarri eta ugaritzea, izurriteak eragiten dituzten intsektuak jan ditzaten, eta horrela, izurriteak gutxitu daitezen.

«Carpocapsa da sagastietan izurriterik ohikoena, eta gero eta haundiagoa da bere kaltea. Hori tratatzea derrigorrezkoa zaigu. Bestela, erdira gutxitu liteke, urte bateko sagar uzta. Proiektu honek funtzionatuz gero, ziur horrelako habi-kutxa asko ikusiko ditugula sagasti­etan», adierazi zuen Unai Agi­rrek, Euskal Sagardoa jatorri deituraren koordinatzaileak.


Habi- eta babes-kutxak, Petritegin eta Zapiainen

Hegaztiak eta saguzarrak erakartzeko, hain justu, habi-ku­txak eta babes-kutxak jarri di­tuzte: «habi-kutxek zulotxoa daukate, amilotxa eta kaskabeltza bezalako hegaztiek hori bilatzen baitute. Izugarri ma­te­rial pila ekartzen dute habia egiteko, eta kutxan 10 bat zentimetroko kapa osatzen dute. Saguzarrentzako, berriz, babes-kutxak jarri ditugu. Izan ere, asko mugitzen dira, eta normalean ez dute umatzen, nahiz eta gertatu daitekeen», azaldu zuen Beñat Diazek, Aranza­di­ko ornitologoak.

Urtarriletik dago proiektua martxan, eta dagoeneko azaldu dira aurreneko hegaztiak. Saguzarrak, berriz, ekainetik aurrera hasiko dira agertzen.

Proiektuan parte hartzen ari dira lau sagardotegi eta lau txakolindegi. Horien artean daude, Petritegi eta Zapiain sa­­­gardotegi astigartarrak, eta Zamalbide auzoko Egiluze. Eta sagardotegi bakoitzeko, bi sa­gastitan egingo dute ikerketa: batean habi-kutxak eta babes-kutxak jarrita, eta bestean jarri gabe, konparaketa egiteko.


Emaitza onak emanez gero, gainerakoetara zabaldu

«Jakina da hegazti eta sa­gu­­za­rrak elikatzen direla izurriteak eragiten dituzten intsektuez. Ikusi nahi dugu, kutxek la­gun­tzen duten izurriteak gu­txi­tzen. Ari gara egiten intsektuen kon­trola, eta hegazti eta saguzarren errolda ere egingo dugu. Gai­nera, udara eta gero, bigarren fase bat jarriko dugu mar­txan: hitzaldien bitartez, herritarrei emango diegu pro­iek­tu­aren berriz, biodibertsitateari buruz hitz egin...», aurreratu zuen Maite Lasok, Aranza­di­ko orni­tologoak. Eta gehitu zuen: «beste herrialdeetan, emaitza onak eman dituzte horrelako proiektuek, arroz plantazioetan adibidez. Biobox proiektuak fun­tzionatuko balu, metodologia bat ga­ratu­ko genuke, gainerakoetara za­bal­tzeko».

Gipuzkoako Foru Aldundiak egin ditu kutxak, eta Trantsi­zio Ekologikorako Ministerio­a­ren babesa ere jaso du pro­iek­tuak, Fundación Biodiversi­dad erakundearen bitartez.

Petritegi, Zapiain eta Egilu­ze­rekin batera, Ikaztegietako Begiristain da laugarren sagar­dotegia. Eta txakolindegiak, be­rriz, honakoak: Ameztoi, Talai­berri, K5 eta Arbela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!