Noiz eta nola sortu zenuten plataforma?
2018 urtearen hasieran planteatu genuen, bazirelako bizilagun talde batzuk, laguntzen zutenak gai sozialetan eta animalistetan. Nahi genituen indarrak batu eta helburu beraren alde lan egin, eta animaliak babesteko balio positiboak bilatu. Gazteei tresnak eskaintzeko ikuspegi batetik enfokatu behar da. Iruditu zitzaigun aukera onena zela plataforma apartidista gisa aritzea, aukera ematen dielako kolaboratzaileei parte hartzeko pribatutasuna eta askatasuna mantenduz.
Zertarako sortu zenuten plataforma?
Animalien eskubideen alde, instituzioetan lan egin beharra dago, modu urgentean, bizilagun guztien mesederako izango diren ekintzak proposatuz, izan animalista edo ez. Animalista gehienek, uste dugu hezkuntza sistemak bere barnean hartu beharko lukeela animalien errealitatea, hezteko eta ez desinformatzeko; begibistakoa baita zeinen toxikoa izan den gure gizartearentzat, normalizatzea animalien kontrako tratu txarrak. Garbi dago, horrelako ekintzak doazela elikaduraren sektoreko hainbat enpresaren interesen kontra. Gero eta gehiago ikusten ditugu prentsan, sektore horren irregulartasun sanitarioak, tradizioa eta kultura aitzakia hartuta; baina horiek krudelkeria eta tratu txarrak besterik ez dira.
«Animaliengatik liskar gutxi izan dira. Bestalako liskarrak badaude, ia urte osoa irauten dutenak, eta ez zaie hainbesteko ‘publizitatea’ egiten»
Firma bilketa bat egin duzue. Nola sortu zen ideia?
Kexa asko planteatu ziren, Udaltzaingoa hasi zelako isunak jartzen txakurrak aske eramateagatik, aurrez informatu gabe. Kexa horien emaitza da firma bilketa.
Ordura arte ez dugu isunik jaso horregatik, eta elkarbizitza egokia izan da bizilagunen eta animalien jabeen artean, ohiko salbuespenak izan ezik. Ordenantza aspalditik dago, eta isunak jartzeko modua erabat neurrigabea izan da, herrian arazo larriagoak baitaude, edozein kolektibori isunak jarri baino lehen konpondu behar direnak. Proportzionaltasuna eskatu diogu Udalari.
Espero zenuten 400 sinadura biltzea egun gutxitan?
Modu informalean egin genuen bilketa, eta kopuru horietara iristea zen asmoa, baina ez hain egun gutxitan, kolaboratzaile batzuen artean egin genuelako lana. Firmak Udalean entregatzera joateko, paseo bat egin genuen txakurrekin, manifestazio bat izan zena berez; eta horrek aukera eman zigun sinadura gehiago biltzeko.
«Apirileko jaialdian, helburu nagusia izango da animaliak babesteko heziketa eta kontzientziazioa»
Zer erantzun jaso duzue herritarren aldetik?
Aurrera jarraitu behar dugula, horrelako ekintzak errepikatu, eta plataformaren izaera apartidista indartu, irtenbide erreal eta eraginkorrak bilatzeko interes orokorra gailendu dadin, interes politiko edo ekonomikoen aurrean.
Alkateari berari entregatu zenizkioten sinadurak.
Eskertzekoa da alkateak berak pertsonalki jasotzea, eta bizilagun batzuen kritikak jasotzea. Badakigu Udaleko alderdi politikoak lanean ari direla gaiaren inguruan, bakoitza bere aldetik. Paseo horretan parte hartu zuten 100 lagun inguruk eta 25 txakurrek, eta bildutako 400 sinadurek, erakusten dute gaia larria bezain urgentea dela, eta ezin dela albo batera utzi.
Jaso duzue erantzunik, Udalaren aldetik?
Hiru alderdi politikoen artean ezadostasunak egon arren, kontzientzia eta borondate aldaketa bat nabari da, hobekuntzak bilatzeko. Aldaketa horrek ahalbidetu zuen, urtarrilaren 30eko plenoan onartzea proiektu animalista bat, animalia abandonatuentzat eta tratu txarrak jaso dituztenentzat. Hiru alderdiek aho batez onartu zuten, eta eskertzekoa da.
Egungo ordenantza hobetzea eskatzen duzue. Zein aldaketa eta hobekuntza behar ditu?
Badago proiektu bat, eskualdeko udaletako teknikariek landu dutena, boletin informatzaile bat aurkezteko Eusko Jaurlaritzak egingo dituen aldaketekin, udal guztiei eragingo dietenak. Uste dugu udal bakoitzak daukala erantzukizuna, bere baliabideak eskaintzeko ordenantzak modu praktiko batean hobetu daitezen. Askotan konplexuak, zaharkituak eta betetzeko zailak dira. Nahi duguna da, indarrak batu eskualdeko beste talde batzuekin, udaletatik egingo den informatze lana eraginkorra izan dadin, idazkera ulerterraz batean.
Zein dira arazo nagusiak?
Desinformazio haundia dago, eta horrek eragiten du, gizartearen zati haundi batek ez ikustea errealitate kezkagarria. Eta egoera ez bada dramatikoagoa, da sekulako lana egiten dutelako aktibistek eta talde animalistek, behar horiek estaltzeko; desgaste fisiko, psikologiko eta ekonomikoa suposatzen die horrek. Boluntario hitza ezabatu beharko genuke gai animalistetatik. Ez dute borondatez egiten, errealitate krudelaren beharrek derrigortuta baizik. Boluntario hitza erabiltzea akatsa da, esklabo lana edo ez ordaindua esan nahi baitu, eta sektore kontserbadoreak erabiltzen du, errealitatea ezkutatzeko. Berdin gertatzen da kultura deituta plaza batean animalia bat torturatzeari, edo tozino deituta haragi zati bati, makrogranja industrial batean torturatu duten animalia batena.
Azkenaldian pil-pilean dagoen gaia da animaliena. Udalak kanpaina bat jarri du martxan, esanez liskarrak izan direla txakur jabeen eta bizilagunen artean; EH Bilduk bilerak egin ditu txakur jabeekin eta ez direnekin... Zein iritzi duzue, guzti horren inguruan?
Animaliengatik liskar gutxi izan dira, eta talde oso txiki batek eraginda, Astigarragako biztanleria osoaren aldean. Bestelako liskarrak badaude, ia urte osoa irauten dutenak, eta ez zaie hainbesteko publizitatea ematen, herriaren gehiengoarentzat gai garrantzitsuagoak izanda ere. Horietan ere, Udaltzaingoak berdin tratatu beharko lituzke arauak betetzen ez dituztenak, animalista izan edo ez, eta urteko garai guztietan.
EH Bilduri dagokionez, laster argitaratuko ditu bileretako emaitzak, eta beste talde batzuk animatzen ari gara, beraien ekarpenak egitera. Dagoeneko jaso dugu bileretako borradorea, baina azkeneko txostena jasotzean egingo dugu balorazioa. Edozein ekintza politiko beharrezkoa da, hiru alderdiek berandu egin baitute. Eta ez gara sartuko eztabaida publiko, antzu eta zentzugabean, lortu dezakegun bakarra delako alderdi politikoak elkarren kontra jartzea, eta horrek ez dio inori mesede egiten. Guk proiektuetan egingo dugu lan, eta herritarrek bozkatuko diote hauteskundeetan, nahi duten alderdiari. Hori bai, plataforman bada talde bat abstentzioaren eta boto zuriaren aldekoa, egungo gabeziengatik protestatzeko. Gobernu taldean dagoena dagoela, gutxi aldatzen da eguneroko errealitatea, eta egunetik egunera okerrera goaz.
Uste duzue, beraz, ez dela nahikoa egiten ari, arazoa konpontzeko?
Kasu honetan, beste askotan bezala, 2018ko erdialdera arte erantzuna ezezko borobila zen. Baina azkenaldian izan diren aldaketekin, ikusiko dugu datozen hilabeteetan nola eboluzionatzen duen, batez ere hauteskundeak gertu egonda.
Zuek, bestelako ekintzarik badaukazue aurreikusita?
Otsailaren 22an berriro egingo dugu paseoa, aurrez aurre informazio gehiago eskaintzeko herritarrei, jende gehiagorengana iristeko, eta puntu komunak bilatzeko, helburu berak dituzten taldeekin elkarlanean aritzeko.
Apirilean, gainera, jaialdi animalista bat egingo duzue.
Hala da, bai. Zenbait elkarterekin ari gara kontu batzuk lotzen, eta egun gutxitan izango dugu zehaztuta egitarauaren zati nagusia. Dena lotu arte ezin dugu ezer aurreratu, baina ikusmina sortu du, eta ilusio haundia dago jaialdiko ekimen guztiak aurrera ateratzeko.
Nolakoa izango da jaialdia?
Helburu nagusia izango da, animaliak babesteko heziketa eta kontzientziazioa. Zaharraren eta berriaren arteko zubilana izango den jaialdi bat nahi dugu, aukera emateko elkartu eta ezagutarazteko elkarteek egiten duten lan izugarria: Anima Naturalis, Igualdad Animal, NOR, Pacma, PETA, FAADA, eta etor daitezkeen guztiak.
Bestalde, herri mailako elkarte eta plataformak egongo dira, ekintza hezitzaileak antolatzen, eta ezinbesteko balioa eskainiko diote jaialdiari; baita zenbait tabernak ere, pintxo eta menu begetariano eta beganoak eskaintzeko prest azaldu direnak.
Zuekin harremanetan jarri nahi duenak, zer egin dezake?
Jaialdiko eta otsailaren 22ko paseoko kontuak lotuta dauzkagunean, eskainiko ditugu modu ezberdinak, gurekin kontaktatzeko. Baina oraingoz, emailez egin dezakete: p.animalista.astigarraga@gmail.com.