Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko iralak 15

Astigarraga
Udala

2019/02/09, larunbata

Herritarrek aurkeztutako sei alegazio txertatu dituzte, Terrazen Ordenantzan

Zazpigarren bat ere onartu dute partzialki, terrazak jartzeko ordutegiari dagokiona: murriztu egingo dute egun guztietan neguan, eta igandetik ostegunera udaran.

Behin betiko onartuta geratu zen urtarrilaren 30ean, Asti­ga­­rragako Udalaren Plenoan, Terrazen Ordenantza. Baina onartu aurretik, herritar talde batek aurkeztutako hamar alegazioetatik, sei onartu eta txertatu zituzten osorik, eta beste bat partzialki.

Hori horrela, zenbait aldaketa izan ditu Ordenantzak. Hasteko, bizilagunen eskubideak babestuko direla jaso du­te Ordenantzan. Bestetik, sonbrillak, kupelak eta haizetik babesteko elementuak, terrazako altzarien barruan sartu dira, Ordenantzaren bosgarren artikuluan. Eta zortzigarrenean zehaztu dute, establezimenduaren jabea izan­go dela erantzule zibil subsidiarioa.

Gainera, debekatu dute aul­kiak eta mahaiak jartzea por­txeen barruan, baina posible izango da mahai altuak edota tonelak jartzea, betiere bi me­troko tartea uzten bada, pasa ahal izateko. Bi metroko tartea utzi beharko dute elkarren artean, baita ere, ondoz ondo dauden establezimenduek.

Terrazak kentzeko ordua, aurreratuta
Partzialki onartu den alegazioa, terrazak jartzeko ordutegiari dagokiona da. Murriztu egin dute, eta aurrerantzean, lehenago kendu beharko di­tuzte terrazak. Neguan, urritik apirilera, ordubete lehenago kendu beharko dituzte igande­tik ostegunera, 23:00etan; eta ordu erdi lehenago ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperatan, 01:00etan. 

Udaran, maiatzetik irailera, txikiagoa da murrizketa: ordu erdi lehenago kenduko dituzte igandetik ostegunera bitartean, 01:00e­tan; eta mantendu egingo dute gainerako egunetan eta jaiegunen bezperatan, 02:30etan kenduta.

Onartu ez diren alegazioen artean, dago ostalaritza lizen­tzia daukan pertsonaren eran­tzukizun eta isunei buruzkoa, «dagoeneko erregulatuta dago­elako», azaldu du Udalak. Eta ez da onartu, ezta ere, terrazetan metatuta uzten den materiala, lokal barrura sartzeko es­kaera ere, «batzuek toki nahi­korik ez dutelako».

Bigarren epean, alegazioak
Udal Gobernu Taldeak na­bar­mendu du, «urte erdi bai­no gehiago» daramakiela Terra­zen Ordenantzarekin lanean, eta helburua izan dela «herriko bizilagunen eta ostalaritzaren arteko elkarbizitza hobe­tzea». Ordenantza osatuta, uztailetik irailera bitartean egon zen jen­daurrean ikusgai, urrian behin betiko onartzeko asmoz. «Baina gaiaren garrantzia iku­­sita, beste epe bat ireki ge­nu­en, abendura arte, bereziki bizilagunek alegazioak aurkezteko», azaldu dute.

Epe horretan aurkeztu zi­tu­en astigartar talde batek, hamar alegazioak. Aben­dua­ren 5ean entregatu zituzten Udal Erregistroan, eskaera babesten zuen sinadura bilketa batekin. Alegazioak aztertu ondoren, az­keneko Hirigintza Batzor­de­ra eraman zuten Terrazen Orde­nantza berriro, eta bertan aur­keztu zuen Gobernu Tal­de­ak, alegazioei erantzuna. Hori ho­rre­la, urtarrileko Ple­­no­an onar­tu zuten, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bil­du­ren abstentzioarekin.