Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Asteartea2019ko martxoak 19

Arano
Aizkora apustua - Xauxar baserriko Joseba Izeta

2015/07/22, asteazkena

«Jendeak ikusteko polita izatea nahi dugu; pike pixka bat egon dadila»

Joseba Izeta, entrenamendu bat bukatu berritan.
Joseba Izeta, entrenamendu bat bukatu berritan.

Aranoko festetan herri-kirolik ez zela izanen jakitean, bere burua lanerako prest azaldu zuen Joseba Izetak. Ezkurrako Moises Gogortzarekin batera, Aizarnako Luis Txapartegiren kontra ariko da aizkoran, Santio egunean, eguerdiko 13:00ean.

Nerbioso xamar jarri da Joseba Izeta Kronikan aterako zela jakitean. Herri kirolak maite dituelako animatu da aizkoran lagunarteko saio bat egitera. Baina orain kezka­tuta dago, propaganda gehie­gitxo ez ote duen izanen... Hala ere, lanean txukun ari da, poliki-poliki entrenatzen, saio polit bat eskaintzeko ahaleginean.
 
Bizi, ez zara Aranon bizi, baina badaukazu loturarik herriarekin, ezta?
Andrea da bertakoa, Xauxar baserrikoa. Jaiotzez, bere aita zen bertakoa, eta ama ere aranoarra da. Han bizi da, orain ere.

Ohiturarik badaukazue bertara joateko?
Astero joaten gara, astebu­rue­tan.

Zer du Aranok politena?
Herria bera da polita. Etxeak ere berrituta daude, oso ondo jarriak. Jendearekin tratua ere badaukagu...

Eta aurten, festetan parte hartuko duzu, aizkora desafioan. Nolatan?
Aurtengo festetan herri ki­rolik ez zela izanen jakin nuen, eta ni dispuesto azaldu nintzen. Gure kontra ariko dena, Aizarnako Luis Txapar­tegi, enpresako bezeroa da, eta beti zirikan aritzen zaigu.

Lehenago aritu zara aizkoran? Edo nondik datorkizu afizioa?
Ni Gabonetan hasi nintzen preparatzen! Baina afizioa beti izan dut. Aitari ere asko gustatzen zaio, eta beti ikusi izan ditugu aizkoran aritzen direnak, telebistan. Apustuak ere gustatzen zaizkigu eta... Horrela hasi nintzen, aita­re­kin, afizioa sortzen.

«Nik uste, berdintsu joanen dela, baina ikusi egin behar! Jende aurrean... 10 lagun nahikoa da nerbioso jartzeko!»

Ezkurrako Moises Gogortzarekin batera ariko zara Txapartegiren kontra. Nolako desafioa izanen da?
Desafioa... Jendeak deitu dio horrela! Lagunarteko saioa izanen da. Bera, Txapartegi, primerako aizkolaria da; lehenengo mailan aritzen da. Ezkurra, berriz, Nafarroako Txapelketan aritzen da, hi­ru­garren mailan. Eta ni hasibe­rria naiz! Txapartegik 10 egur ebaki beharko ditu, eta gu ikusten ari gara ea denbora horretan zenbat egur mozteko gaitasuna dau­kagun. Guk denbora horretan egin behar dugu, sartu. Jendeak ikusteko polita iza­tea nahi dugu; pike pixka bat egon dadila. Baina lagu­narteko bat izanen da. Hala ere, lagunartekoa izanda ere, plazara ateratzean ahaztu egiten da hori! Behin aterata, irabaztera ateratzen dira profesionalak!

«Lagunarteko saioa izanen bada ere, plazara ateratzean ahaztu egiten da hori!»

Nola ari zarete entrenatzen?
Egur txikiekin berotzen gara, eta gero, gutxi-gorabehera Txapartegik eginen duena egiten saiatzen gara, den­boran sartzeko.

Eta nork irabaziko du? Etxean jokatzeak bentaja ere izanen du, ezta? Aranoarrek animatuko zaituztete...
Animatu, edo nerbioso jarri, igual! Nik uste, berdintsu joanen dela, baina ikusi egin behar! Jende aurrean... 10 lagun biltzea nahikoa da nerbioso jartzeko! Jende aurrean beti presio gehiago sentitzen da, nahiz eta lagunartekoa izan.

Disfrutatu, behintzat, eginen duzue?
Horixe! Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara, eta ondo pasatzen. Beti ego-n­en da kritikatzen duenen bat, ez garela ondo ari eta... Gainera, orain, Kronikan aterata hainbeste propa­gandarekin... Gehiegi! Baina ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Hori da inportanteena.

Etxekoek zer esaten dizute?
Jende aurrean nerbioso jarri­ko naizela! Nik nahi baino animo gutxiago ematen dizkidate! Lagun artean gehiago animatu eta lagundu naute. Ulertu ere gehiago egiten dute. Batzuk aizkorak ere utzi dizkidate, aldatu ahal izateko...

«Festa guztietan gustatzen zaitena, herri kirolak izaten dira. Gaueko musika baino gehiago!»

«Txapartegik 10 egur ebaki beharko ditu, eta gu ikusten ari gara ea denbora horretan zenbat egur mozteko gaitasuna daukagun»

Hau izanen duzu aurreneko desafioa. Behin aizkoran hasita, jarraitzeko asmorik badaukazu?
Segitzeko asmoa badaukat, baina lagunartekoetan eta horrelakoetan. Hala ere, mundu garestia da hori... Baina aizkorak erosi ditut eta, erabili egin behar!

Gertatutakoak gertatu, desafioa bukatuta ospatuko duzue?
Ospatu, edo! Ikusiko dugu nola bukatzen dugun!

Zer gustatzen zaizu gehien Aranoko festetatik?
Neri, herri kirolak! Pilota par-t­i­duak ere izaten dira, baina neri herri kirolak gustatzen zaizkit. Eta aurten ez zegoenez, neroni hasi! Festa guztietan gustatzen zaitena izaten da horixe. Gaueko musika baino gehiago!