Botoen %76,27a jasota izanen da Aranoko alkate, Joxan Ruiz Miner, Herri Aierrizeko hautagaia. Partehartzeak behera egin zuen pixka bat atzokoan, 2015 urteko Udal Hauteskundeekin alderatuz: 61 lagunek eman zuten botoa, %59,8ak (2015ean 64 izan ziren, %65,31). Boto guztietatik, emaitza ofizialen arabera, sei izan ziren zuriak, bi baliogabeak, eta 45 lagunek bozkatu zuten, Herri Aierrizen alde.
HERRI AIERRIZ:
JOXAN RUIZ MINER
«Indarra ematen digu partehartzeak, legealdia hasteko»
Emaitzak ezagutu ondoren, Joxan Ruizek nabarmendu zuen «partaidetza nahiko altua» izan zela atzokoan: «Aralarko San Migelen bisita jaso dugu, eta akaso horrek lagunduko zuen, jende gehiagok bozkatzen».
Ruizek azaldu zuen, herritarren babesa jasotzea suposatu zutela partehartzeak eta aldeko botoek: «indarra ematen digu, hainbeste jende bozkatzera gerturatu izanak, legegintzaldi berrirako». Horregatik, «eskerrak eman» nahi izan zizkien guztiei: «saiatuko gara, lana ondo egiten herriaren alde».
EH Bilduk lortu zituen boto gehien, Nafarroarako zein?Europarako Azkeneko horietan, bederatzi boto izan ziren Extremeños Prex Crex alderdiarentzat.
EH Bildu nagusi Aranon, Nafarroako Parlamenturako
Nafarroako Parlamenturako ere bozkatu zuten atzokoan aranoarrek, eta EH Bildu izan zen nagusi. Guztira, 62 lagunek eman zuten bozka; horietatik bat baliogabea. Eta 39 boto jaso zituen EH Bilduk. Geroa Bai izan zen hurrengoa, 15 botorekin; lau lortu zituen Navarra Sumak; bi boto Podemosek; eta boto bat PSNk.
Eta atzo zuten bozka emateko zita, Europako Parlamenturako ere. Horietan izan zen, datu deigarri bat: bederatzi bozka izan ziren, Extremeños Prex Crex alderdiarentzat. Guztira, 61 lagunek eman zuten botoa Europarako, eta horietatik bana, baliogabea eta zuria. EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena, 30 botorekin; 12 boto jaso zituen Geroa Bai-Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioak; hiru boto Partido Animalista Contra Maltrato Animal taldeak; bi boto PSOEk; eta boto bana jaso zuten Movimiento Independiente Europa Latino, Unidas Podemos eta Piratak taldeek.