Donibane Lohitzuneko erailketa matxista salatzeko kontzentrazioak egingo dituzte bailaran

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 8a, 00:00

Erailketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Astigarragan, 19:00etan Joseba Barandiaran plazan; eta kontzentrazioa bihar Hernanin, 19:00etan Plaza Berrin.

Maiatzaren 3an Donibane Lohitzunen gertatutako erailketa matxista dela eta, horretarako prestatuta dagoen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako protokoloa aktibatu da. Hortaz, kalera aterako dira Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak, eta erailketa matxista salatzeko hitzorduak jarri dituzte Urumea bailaran ere.

Honela, gaur arratsaldean, elkarretaratzea egingo dute Astigarragan, 19:00etan Joseba Barandiaran plazan, Emakumeon Etxeak antolatuta. Hernanin, be­­­­rriz, biharko deitu du kontzentrazioa Hernaniko Koordinadora Feministak. Arratsaldeko 19:00etan izango da hori ere, Plaza Berrin. «Bertan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak. Nazkatuta gaude!», aldarrikatu dute.

Deialdiekin bat egin dute Astigarragako eta Hernaniko Udalek, eta horietan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak.

Astigarragako Udalak, gainera, adierazpen instituzionala argitaratu zuen atzo, Udaleko alderdi politiko guztiek aho batez adostutakoa. Horretan, bere «gaitzespen irmoa» azaldu du Udalak erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei. Gogorarazi du, era berean, heriotzek «emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino» ez dutela erakusten. «Tragedia honek berriro dakarkigu gogora erakundeek eta euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!