Zubipen jokatuko dute gaur arratsaldean Euskal Ligako neskek

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua.

Hernaniko mutilek Elgoibarren zelaian jokatuko dute, eta Mundarrokoak Lezon ariko dira. 

Bi jardunaldiren ostean, Zubipera itzuliko da gaur arratsaldean Hernaniko Euskal Ligako nesken taldea. Basauriko Kimuak taldearen aurka jokatuko dute 31. jardunaldiko partidua, 16:00etan hasita. Sasoi onean iritsi da Hernani denboraldi amaierara, eta horren erakusgarri da azken jardunaldietako emaitza onen bolada: bederatzi jardunaldi daramatza galdu gabe, eta horietatik lau partidutan lortu du garaipena. 

Sailkapeneko seigarren postuan dago Hernani, eta denboraldia gorabehera haundirik gabe bukatuko duen arren, ahozapore gozoarekin itxi nahi dute liga. Gaurkoan aurrean izango duten taldea, Basauriko Kimuak, kontrako egoeran iritsiko da Zubipera. Izan ere, bizkaitarrek azken bost norgehiagoketatik lautan galdu dute.

Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak Elgoibarren jokatuko du gaur, arratsaldeko 18:00etan. Bost jardunaldi geratzen zaizkio Hernaniri denboraldia bukatzeko, eta liga txukun amaitzea da taldearen nahia. Sailkapeneko hamaikagarren postuan daude berdeak, eta dexente kostatzen ari zaie puntuak pilatzea. Elgoibar, aldiz, une onean dago, eta norgehiagoka gogorra izatea da aurreikuspena.  

Mundarrok ere etxetik kanpo jokatuko du gaurko partidua. Lezon arituko dira, Plazeta zelaian, arratsaldeko 15:30etatik aurrera, Allerruren aurka. Jaitsiera postuetatik kanpo dago Astigarragako taldea, eta helburu hori beteta, posturen bat aurreratzea da denboraldi amaierako helburua. Allerru ere sailkapenaren erdialdean dago, eta azkenaldian ez ditu emaitza onegiak lortu; azken bost jardunalditan hiru partidu galdu ditu. Mundarrori lau jardunaldi besterik ez zaizkio geratzen liga amaitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!