Langabeziak koxka bat egin du gora bailaran, 2024ko lehenengo hiruhilekoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00
Hernanin egin du pixka bat behera langabe kopuruak, urte hasieratik hona.

Urte hasieratik martxoaren bukaerara, langabe kopurua haunditu da Astigarragan eta Goizuetan; behera egin du Hernanin, industrian bereziki. Hiru herrietan, joan den urtekoak baino hobeak dira datuak, epealdi berean.

2024 urtearen lehenengo hiru­hi­lekoa osatuta, aurreneko balantzea egiteko aukera ematen dute enplegu eta langabezia datuek. Eta Urumea bailarari dagokionean, aldebiko irakurketa bai­mentzen dute urtarrileko, otsai­l­eko eta martxoko datuek, bailara­ko langabe kopuruari eta bertako herritarrek eskuratutako kontratuei erreparatuta. Oro har, langabe kopuruak gora egin du Astigarragan eta Goizuetan, urtea hasi zenetik martxoaren bukaerara bitartean; eta pixka bat behera Hernanin, bidea gorabeheratsua izan den arren. Edonola ere, hiru herriotan, joan den urtekoak baino hobeak dira langabezia datuak, epealdi berean.

Aranoko datu zehatzik apenas dago SEPEren (Servicio Público de Empleo Estatal) txostenetan, kopuruak txikiak direlako. Bost langabe baino gutxiago diren kasuetan, halaxe ematen dute datua, 'bost baino gutxiago' (<5), kopurua zehaztu gabe; eta horixe gertatzen da Aranon.

Urte hasieran baino langabe gehiago Astigarragan eta Goizuetan, gutxiago Hernanin

Honako datuekin bukatu zuten 2023a, eta 2024a hasi, bailarako herriek: Astigarragan 228 langabe, Goizuetan 12, eta Hernanin 874. Aranon, datu zehatzik gabe, bost baino gutxiago ziren.

Ordutik, gorabeherak izan dituzte datuek, aurreneko hiru herrietan, baina oso joera ezberdinekin. Astigarragan behera egin zuen langabe kopuruak urtarrilean, 221era; baina berriro gora otsailean (229), eta are gorago martxoan: 241 langaberekin bukatu du aurreneko hiruhilekoa, urte hasieran baino 13 gehiago.

Goizuetan, bere aldetik, langabe bat gehiago izan zen urtarrilean (13), urte hasierako kopurura bueltatu zen otsailean (12), baina oso datu kaxkarrarekin bukatu dute hiruhilekoa: 16 langabe izan dira martxoan.

Alderantzizkoa izan da joera Hernanin, aurreneko hiruhilekoan. Urtarrilean gora egin zuen langabe kopuruak, 880ra iritsi arte. Nabarmen egin zuen behera otsailean, 34 langabe gutxiagorekin (846), baina berriro egin zuen gora martxoan (862); urte hasierako kopuruetatik behera, hori bai: 12 langabe gutxiago dira Hernanin, aurreneko hiruhilekoa igarota.

Aranon, aipatu bezala, datu zehatzik ez dago, baina uneoro mantendu da bost langabeko langatik behera.

Hori horrela, Goizuetako, Astigarragako eta Hernaniko datuak kontuan hartuta, koxka bat gora egin du langabeziak bailaran, aurreneko hiruhilekoan: bost langabe gehiago dira, zehazki.

Langabe gehienak, zerbitzuen sektorean

Sektoreka erreparatuz gero, zerbitzuena da langabeziak gehien kolpatzen duena Urumea bailaran, eta horixe da Gipuzkoako eta Nafarroako joera orokorra ere. Hernanin 635 langile daude lanik gabe zerbitzuen sektorean, Astigarragan 190, eta Goizuetan 12. 

Industriaren sektorea da bigarrena langabezia datuetan, baina askoz ere neurri txikiagoan. Hernanin 81 dira lanik gabe dauden industriako profesionalak, eta Astigarragan 18. Eraikuntzan 38 dira langabeak Hernanin, eta 10 Astigarragan. Eta 13 dira lanik gabe dauden nekazariak Hernanin. 

Lehenengo hiruhilekoko langabezia datuak, iazkoak baino hobeak bailaran

Ez da hiruhileko ona izan Urumea bailaran, baina datuak iazkoak baino hobeak dira, nabarmen, 2023ko lehenengo hiruhilekoarekin alderatzen baditugu. Joan den urtean, aurreneko hiru hilabeteetan, batazbeste biztanle gehiago izan ziren langabezian, bai Astigarragan, bai Goizuetan eta bai Hernanin.

Astigarragaren kasuan, batazbeste, 240,67 biztanle izan ziren langabezian 2023ko lehenengo hiru hilabeteetan, eta aurten 230,33 izan dira, epealdi berean. Goizuetan, berriz, 15 izan ziren 2023ko lehenengo hiruhilekoan, eta 13,67 langabe aurten. Eta Hernanin, ia 60 langabekoa da aldea: 922 langabe izan ziren batazbeste iazko urtarriletik martxora, eta 862,67 izan dira aurten.

Aranoko datuen arabera, ez zen langaberik izan 2023an, aurreneko hiru hilabeteetan. Bost baino gutxiago izan dira aurten.

2.500 kontratu berritik gora, baina gehienak aldi baterako

Bada gorabeherarik, baita ere, bailarako herritarrek eskuratu dituzten kontratu berriei dagokienean. Guztira, 2.500 kontratu berri baino gehiago lortu dituzte aurreneko hiruhileko honetan: Astigarragan 832, Goizuetan 27, Hernanin 1.648 eta Aranon 10 baino gutxiago.

Baina kontratu berri horietatik, aldi baterakoak izan dira gehien-gehienak. Astigarragan, mota horretakoak izan dira 616 (kontratu berrien %74a), eta Hernanin 1.136 (%68,93).

Lanean hasi eta behin betiko kontratua eskuratu dutenak, berriz, 192 izan dira Astigarragan, eta 443 Hernanin. Gainerakoek aldi baterako kontratua zuten, eta behin betikoa lortu dute.

Sektoreei dagokienean, langabezia datuekin gertatu bezala, zerbitzuen sektorea da nagusia kontratu berrietan ere. Zerbitzuetakoak izan dira astigartarrek eskuratutako kontratuetatik 685 (%82,33), eta hernaniarrek lortutakoetatik 1.168 (%70,87). Goizuetan, ia denak izan dira zerbitzuen sektoreko kontratuak: 27tik 26.

Joan den urteko datuekin alderatuz, joera garbirik ez da izan bailaran, lehenengo hiruhilekoan. 2023an, astigartarrek 1.047 kontratu berri lortu zituzten urtarriletik martxora (aurten baino 215 gehiago), eta datuak hobeak izan ziren Aranon ere, 16 kontratu berrirekin. Aldiz, Goizuetan gehiago izan dira aurten, iazko 21ak baino sei gehiago; eta berdin Hernanin, 1.589 kontratu berri izan baitziren iaz (59 gutxiago).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!