San Sebastian Eguneko danbor hotsak Urumea bailara osoan entzungo dira

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 20a, 00:00

Urumea ikastolako haurrak, atzo bezperan, irten ziren jolastokira danborrarekin San Sebastian ospatzera eta gaur bailarako herritar asko hurbilduko da Donostiara festaz gozatzera.

Urumea ikastolako haurrek atzora aurreratu zuten San Sebastian Eguna danbor soinuekin. San Sebastian Eguna gaur da, ordea, eta Donostian, 24 orduz ospatzen ari dira donostiarren egun haundia. Sebastian bat bada zeruan, Donostia bat bakarra Munduan doinupean rataplan soinuak hiriko txoko guztietan entzungo dira. Bailaran egun berezia da, Urumea itsasoratzen den Gipuzkoako hiriburuko patroia baita San Sebastian. Horrek eragin zuzena du inguruko herrietan eta astigartar, hernaniar, ereñotzuar, goizuetar eta aranoar askok ospatzen dute.

Bart gauean, jende asko ibili da parranda giroan, eta gaur egunean zehar luzatuko da festa. Gauean itxiko da 24 orduko jaia banderaren jeitsierarekin eta bigarren parrandarako gauarekin. 

Donostiako danborradak errekorrak hautsiko ditu berriro. Helduen konpainien kopurua bikoiztu egin da 1999tik, eta aurten 160 izango dira guztira, 21.306 parte-hartzailerekin. Donostiako jaia inoizko jendetsuena izango da. Eta berdinzaleena.

Beste lau danborrada misto izatera pasa dira (Ondar Gain, Zubi Gain, Katedral Mendeurrena eta Club Cantábrico), eta lauk jarraituko dute bakarrik gizonezkoenak izaten (Gizartea, Amigos del Europa, Aizepe eta Antonio Bar). Horrek esan nahi du konpainien %97k emakumeak onartzen dituztela. Parte hartzaileen %55 gizonezkoak dira (11.556) eta %45 emakumezkoak (9.750).

Haurren danborrada gaur, 4.732 haurrekin

Bailarako biztanle asko hurbiltzen da gaur Haur Danborrada ikustera ere. Haur Danborradak hiriko erdigunea zeharkatuko du eguerdiko 12:00etatik aurrera, 4.732 haurrekin eta irudi berriarekin. Danborrari gazteak Alderdi Ederretik abiatuko dira, eta Hernani kalea, Avenida, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez eta Gipuzkoa Plaza zeharkatuko dituzte.

Donostiara autobus eta tren bereziak, San Sebastian Eguna dela eta

San Sebastian Eguna dela eta, Lurraldebusek aldaketak egingo ditu geltokietan. Honela, bertan behera geratuko dira BU05ean (Andoain) Okendo 10eko eta Zubieta Plazako paradak. BU11n (Aiete) bertan behera geratuko dira Okendo 4 eta Urbieta 38ko geltokiak. BU12an eta BU13an bertan behera geratuko dira Okendo 18, Urbieta 28 eta Centenario Plazako geltokiak. 

Renfek tren bereziak egunean zehar jarriko ditu, baina ez gauean zehar

Renfek tren bereziak jarri ditu, ohikoak mantenduta, egunean zehar. Gaur, larunbata zerbitzua indartuko du egunean zehar, nahiz eta gauean ez den zerbitzu berezirik izango. Bihar, Donostiatik Hernanira, lehenengo trena 6:23an aterako da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!