Korrika Goizuetatik igaroko da aurten, 15 urteren ondoren

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 00:00

2022ko 'Korrika ttikia' Goizuetan. Argazkia: Felix Loiarte.

2700 kilometrokoa izango da 23. Korrika.Bigarren astean pasako da Urumea bailaratik, martxoaren 19an eta 23an.

Ate joka dator 23. Korrika eta gogoangarria izango da aurtengoa Urumea bailaran: 15 urteren ostean, Goizuetatik pasatuko da, martxoaren 19an. 2009. urtean igaro zen azken aldiz, eta, alternatiba gisa, maiz, 'Korrika ttikia' antolatu duten arren, lasterketa gosez daude herritarrak. Halaxe adierazi du Goizuetako Korrika Batzordeak: «15 urteren ondoren goizuetarrok harro hartuko dugu lekukoa, beraz, gorde ongi agendan martxoaren 19a, aurrekoetan bezalako harrera beroa egingo baitiogu lasterketa berezi honi. Adi deialdiei, hurrengo egunetan deituko da eta Goizuetako Korrika antolatzeko lehenengo bilera irekia».

Ostegunean ezagutarazi zuen AEK-k Korrikaren 23. edizioko ibilbidea. Irundik abiatuko da martxoaren 14ean eta Baionan amaitu hilaren 23an, 2.700 kilometro osatuz guztira. Otsailaren 1etik aurrera egongo da aukera kilometroak erreserbatzeko.

Urumea bailaratik, bigarren astean pasako da: martxoaren 19an eta 23an. Kronikako webgunean ikusgai daude dagoeneko bailarako ordutegiak.  
 

Martxoaren 19an, asteartea, Goizuetan eta Hernanin

Goizuetarrak izango dira lehenak lekukoa hartzen. Aurreikuspena da arratsaldeko 18:38etan helduko dela Leitzatik euskeraren aldeko lasterketa, eta Goizuetako kaleak zeharkatu ostean, Hernanirantz abiatuko da.

Martxoaren 19an zein 23an bisitatuko du Hernani korrikak. Goizueta atzean utzi ostean, 20:20etan helduko da Arano parera eta 20:31etan Ereñotzura. Lehen egunean, batez ere, Hernani kanpoaldetik ibiliko dira korrikalariak, baina zentroan ere sartuko dira Lasartera abiatu aurretik. Plaza Berri, esaterako 21:33an bisitatuko dute, eta segidan izango dira Gudarien Plazan eta Madalena eta Lizeaga Kaleetan.

Hilaren 23an, larunbata, Hernanin eta Astigarragan

Korrika bigarrenez izango da larunbatean Hernanin. Urnietatik igaro ostean, Aratz Ikastola izango du lehen geldialdietako bat, arratsaldeko 17:11etan, eta herrian barrena ibiliko da ia ordubetez. Astigarragara, azkenik, 17:49etan helduko da, Troia ibilbidetik, eta, besteak beste, 17:57etan izango da Plaza Nagusian, Donostiarantz abiatu aurretik.

Korrikaren app-aren bitartez, lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, eta lasterkariek Korrika aurreratuta edo atzeratuta datorren jakin ahal izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!