2023 urteari agur esateko ekintza ugari antolatu dira bailaran

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 30a, 00:00

Iazko urte zaharreko erronda.

Mendi bueltak, koplak, errondak eta mus txapelketak, makina bat plan izango dira aukeran bihar.

2023a agurtzeko ekintza sorta zabala antolatu da bailaran, gustu eta adin guztietarako.

Kirol zaleak direnek hiru plan dituzte aukeran: Goizuetan eta Hernanin mendi bueltak antolatu dira goizetik. Arainburu Mendi talde goizuetarrak, ibilaldia egingo du Mandoegira. Goizeko 08:00tan abiatuko dira plazatik. Hernaniarrei dagokienez, Santa Barbara igotzeko aukera izango da, Portuko Auzo Elkarteak antolatuta: goizeko 10:30etan jarri dute elkartzeko zita, Ibarrolaburu plazan. Gogoan izan arratsaldean San Silbestrea ere izango dela.

Arratsaldeko 16:00etan mus txapelketak antolatu dira, horiek ere Goizuetan eta Hernanin. Goizuetakoa goiko lokalean izango da, eta Hernanikoa Gaztetxean. 

Amaitzeko, musika eta bertsozaleek ere izango dute zerekin gozatua. Goizean goiz, Kantuz taldea kopla kantari ibiliko da, Astigarragako Bustieta baserrian hasi eta Ikatza tabernan bukatuta Interesatuek aurrez 637736629 telefonora deitu behar dute. Arratsaldean, berriz, Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatzak urte zahar eguneko erronda egingo du erdigunean, 17:30etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!