Hamaika esku pelota partidu, urtea amaitzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 30a, 00:00

Txapelketa ofizial zein pribatuetako partiduak izango dituzte bailarako gazteek, gaur eta bihar.

Bailarako esku pelotariek atzo ekin zieten urtea amaitu aurreko azken partiduei. Egun historikoa izan zen, gainera: Gipuzkoako Txapelketako finala jokatu zen lehen mailako haurren kategorian, eta bi finalistak izan ziren CD Hernanikoak: Imanol Ormazabal astigartarra, eta Oier Arsuaga hernaniarra.

Gaur eta bihar ere partidu ugari izango dira. Trinketekoei dagokienez, Iruran jokatuko dituzte, gehienak gaur, goizeko 10:30etan hasita. Eta txapelketa pribatuen artean, Gabonetako Torneoko finalerdia jokatuko da Altzan, goizeko 10:30etan. Bertan, aurrez aurre ariko dira Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrak, eta Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrak. Oso partidu gogorra eta estua espero da, maila haundiko lau pelotarirekin. Hernaniko bikotea Euskal Herriko Txapelketa jokatzeko sailkatu da, probintziako torneoan hirugarren izanda. Goizuetako bikotea, berriz,  txapelketa pribatu garrantzitsuenak jokatzen ari da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!