Zapiain sagardotegia garaile Sagardo Forumean, sagardo naturalaren kategorian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 4a, 00:00
Egoitz Zapiain (eskuinetik hasita bosgarrena), saria eskuan hartuta, Donostiako Kursaalen, gainerako irabazleekin batera.

Sari nagusia irabazteaz gain, urrezko bi domina eskuratu ditu Zapiainek, eta zilarrezko hiru Alorreneak.

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, IV. Sagardo Forum Nazioarteko Sagardo Lehiaketako sari banaketa izan zen larunbatean, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Nazioarteko dastatzaile ospetsuek 9 kategoriatan sailkatutako 262 sargado dastatu zituzten, eta 202 domina banatu ziren guztira: 59 urrezko, 67 zilarrezko eta 66 brontzezko.

Eta sagardo naturalaren kategorian, Urumea bailaran geratu zen sari nagusia: Zapiain sagardotegiak irabazi zuen, Zapiain Euskal Sagardoa Premiun 2022 sagardoarekin. Gainera, kategoria berean, urrezko bi domina eskuratu zituen, eta Alorreneak zilarrezko hiru.

Guztira 19 herrialdetako sa­gardoak aurkeztu ziren, bi urtean behin egiten den lehiaketara. Honakoak izan ziren beste kategorietako irabazleak: garraztasunarenean, Weidmann & Groh (Alemania); mikaztasunarenean, Tencai (Chile); premium sagardo apardunean, Gaec de L'Aubinière (Frantzia); udardoetan, Seppelbauer (Austria); zaporetakoetan, Pomologik (Suedia); berrietan, Valle, Valina y Fernandez (Asturias); postrerako sagardoetan, Restauracja Tabun Agata Falkiewicz-Ponikowska (Polonia); eta kategoria irekian, Pomologik.

Kategoria bakoitzeko sari eta dominez gain, lehiaketako sagardo berezienari 'Best of Show' saria eman zioten, eta Suediako Pormologik ekoizleak eskuratu zuen hori ere, Replicant Pinor Noir sagardoarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!