Aizkolarien arteko lehia ikusgarria, Martindegiko San Ferminetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 9a, 20:19

Ikuskizun paregabea eskaini dute, eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri' eta Xabier Zaldua nagusitu dira tarte txikiarekin, Suharri Rodriguez 'Paolla'ren eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'en aurretik.

Gozatu ederra hartu du gaur eguerdian, Martindegiko San Ferminetara hurbildu denak, herri kirol erakustaldira. Erakustaldia baino gehiago, ikuskizun paregabea eskaini dute aizkolariek, bi bikote osatuta: batetik, bailarako bi gazteak, Suharri Rodriguez 'Paolla' eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'; eta bestetik, Hodei Ezpeleta 'Bihurri' eta Xabier Zaldua.

Jo eta su aritu dira lanean, seina enbor mozten, txanda librean. Hasieratik hartu dute tartetxoa Ezpeletak eta Zalduak, eta haunditu egin dute pixkanaka, baina inoiz ez minutu erditik gora. Pare bat aldiz gerturatu zaizkie 'Paolla' eta 'Basozabal', baina azkeneko enborrera iristerako, bazirudien lehia erabakita zegoela. Ezta hurrik eman ere: lehertu beharrean erritmoa bizitu dute bailarako bi gazteek, eta gogotik estutu dituzte 'Bihurri' eta Zaldua. Azkenean, oso kolpe gutxiren aldearekin nagusitu dira haiek, kronometroak 16 segunduren aldea markatu duen arren: 19:26 Ezpeletak eta Zalduak, eta 19:42 'Paolla'k eta 'Basozabal'ek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!