Euskerazko zortzi film labur eta zortzi istorio berezi, gaur arratsaldean Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 8a, 00:00

Miren Gojenola da 'Mundu berri bat' film laburreko protagonista.

Laburbiraren emanaldia eskainiko dute, 19:00etatik aurrera, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. Ordu eta erdi inguruko saioa prestatu dute, film «sorta ikusgarri» batez osatutakoa, eta doakoa izango da sarrera.

21garren edizioa du Laburbirak, euskerazko film laburren zirkuituak, Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. Apirilaren 12an hasi zuen hilabeteko bira, Euskal Herriko herrietan; eta beste urte batez, hutsik egin gabe, Hernanin egingo du geldialdia, Dobera Euskara Elkartearen eskutik.

Gaur arratsaldean izango da hori, 19:00etan hasita, Biteri kultur etxean. Ordu eta erdi inguruko saioa prestatu dute, eta doakoa izango da sarrera. Herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea. Izan ere, bi helburu nagusi ditu Laburbirak: euskal zinemagintza hauspotzea, zinegileei beraien lanak erakusteko aukera emanez; eta herritarrei ezagutaraztea euskeraz sortutako film laburrak.

Zortzi film labur, aurtengoan

Film «sorta ikusgarri» batez osatu dute aurtengo Laburbiraren bilduma, aditzera eman dutenez. Zortzi film labur dira, eta guztiak eskainiko dituzte gaurkoan Biterin: 'Erro' (Amaia Lejarretak zuzendutakoa), 'Dena asmatuta dago' (Jone Arriola), 'Mundu berri bat' (Mikel Alvarez), 'Zirrara' (Ane Cuesta), 'Katalinaren zoria' (Guillermo Ordás), 'Babesa' (Ander Iruretagoyena), 'Talkak' (Ilune Diaz eta Jordi Nuet), eta 'Betizu buru' (Kim Maiteny Munoa).

Amaia Lejarreta artista plastikoak zuzendu duen lehenengo ikusentzunezko lana da 'Erro'. Denboraren iragankortasuna islatu nahi izan du filmean, bodypainta, dantza eta irudi ikusgarri eta iradokitzaileak baliatuz.

Bainugela arrosa zahar bat da 'Dena asmatuta dago' filmaren kokalekua. Bertan, bainuontzi barruan, porro bat erretzen ari dira Lur eta Martin (Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urresti). Sei hilabete dira elkar ezagutu zutela, baina beraien harremanak oraindik ez du izenik. Ur eta lurrun artean, elkarrizketa deseroso bezain beharrezko batean murgilduko dira. «Dena asmatuta badago, gure artekoa zer da?».

Bainugelatik gatazkaren erdigunera egingo dute salto 'Katalinaren zoria' filmarekin. Gerra latz baten erdian biziraun nahian ari da Katalina (Natalia Hostalot), eta bere kemen eta indar guztia baliatu beharko du onik ateratzeko.

Aratz (Ander Iruretagoyena) da 'Babesa' filmeko pertsonaia nagusia, eta egoera prekarioan bizi da. Prostituzioan ikusten du bere arazoak arintzeko bidea. Horrela ezagutuko du Migel (Ander Jimenez), eta harekiko sentituko duen erakarpenak hankaz gora jarriko du berez erraza ez den bizimodua.

Oso bestelako egoera islatuko du 'Mundu berri bat' filmak. Apokalipsi zonbiari hogei urtez biziraun ondoren, janaria biltzetik etxera bueltatzean, artaburu txuri baten hozkada jaso du Loinazek (Miren Gojenola). Bere buruaz beste egitetik gertu dagoela, plaga amaitu dela jakingo du. Sendagaia topatu dute, eta etxean daukanarekin prestatu dezake. Mundu berri bat du aurretik, ala ez? Bira Produkzioak eta Katihotsak izan dira film honen ekoizle.

'Zirrara' filmean, berriz, neskato gazte bat (Enara Artola) bere gorputza deskubritzen hasi da bat-batean. Uste baino buruhauste haundiagoak ekarriko dizkio horrek...

Jolas parkera egingo du salto emanaldiak, 'Talkak' marrazki bizidunetako filmarekin. Krisian dagoen bikote batek, ezusteko talka-terapia perfektua topatuko du bertan, bere arazoak berehala konponduko dituena.

Bestelakoa izango da amaiera, 'Betizu buru' filmeko bikote protagonistarentzat. Miren (Ainhoa Artetxe) eta Manuren (Koldo Olabarri) harremana ez dago egoera onean, eta baserri batean pasako dute asteburua, gauzak konpontzen saiatzeko. Bortizkeriak bortizkeria dakar, ordea, eta bailarako kondairak dio zintzarri batena dela zapaltzaileek entzuten duten azken hotsa...

Euskal zinemagintzaren «erreferentziazko erakusleihoa», Laburbira

Orain arte, 20 urteko «bide arrakastatsua» osatu du Laburbirak, Euskaltzaleen Topaguneak nabarmendu duenez; eta «euskal zinemagintzaren erreferentziazko erakusleiho» bilakatu da. «Izan ere, zinea ekoiztea berez da jarduera zaila eta garestia, eta horren ondorioz, film laburren sorkuntza da zuzendariek zinemaren industrian hasteko daukaten modu bakarra. Zentzu horretan, Laburbirak berebiziko garrantzia du autoreei eta beraien lanei ikusgarritasuna emateko orduan, eta zirkuitu egonkor eta zabala eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri gisa ere eragiten du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!