Sagardoaren gisako bertso txinpartadunak eskaini zituzten X. Bota Bertsoako sari banaketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00

Hogei bertsotik gora saritu zituzten Dobera Euskara Elkarteko kideek. Giro ederra sortu zen Atsegindegin, 10. edizioa ospatzeko ekitaldi bereziarekin.

Atzo arratsaldean egin zuten X. Bota Bertsoa lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Urteurren borobila giro ederrean ospatu zuten Dobera Euskara Elkarteko kideek, eta sariak banatzeaz gain Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolarien saioaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. 

Lehiaketari dagokionez, bertso bereziak izan ziren saritutako ale guztiak; onak eta hobeak. Ekitaldian izan ziren saritu gehienak, eta sagardotegi giroan sortutako bertso ederrei esker sagardotegira itzultzeko aukera izango dute gehienek.

Hona hemen saritutako zenbait bertso: 

BERTSO ONENAREN SARIA

EGILEA: KEPA MAIZ

Upeleko ziritik
sagardo jario
zorioneko sagar
usaina dario,
momentuan gozatu
ze erremedio
txinpartaren legeak
horrelaxe dio;
gerorako bizitzak
ez digu balio!

 

POETIKOENARI SARIA

EGILEA: IMANOL ZULUAGA

Aintzinako garaitik
fruta sakratua
Dolarean txikitu
eta zanpatua
Patsak emandakoa
kupelan sartua
Txotxak eragingo du
gero bekatua
Oraina disfrutatu
ateraz zukua 

 

GAZTETXOENARI SARIA

EGILEA: ENARA LABURU

Ni Enara naiz eta
dauzkat zortzi urte,
zaharragoa bazera
esan nahi nizuke:
biharkoek gaurkoa
bere esku dute
eta gaurkoek hori
ere ez dezute

 

EGI ENPIRIKOEN SARIA

EGILEA: SARASOLA SANTA CRUZ

Gaur gaurkua indeu ta
atzo atzokua
bihar biharkua ta
etzi etzikua
etzi damu izangoa
astelehenekua
ea irabazten deun
lehiaketakua

 

SAKONTASUN SARIA

EGILEA: AITZOL ITURBE

Nahiz ta batzuek esaten duten
“jo bizitzari ordago
bizi ahal banaiz bete betea
kontsumituaz oparo”
denok horrela pentsatuz gero,
alternatiba akabo
Nik nahiago dut pistoia jetsi
ta egokitu zeharo
biharra gaurtik eraikitzea
beste biderik ez dago 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!