«Etxebizitzaren arazoa transbertsala da eta eskuhartze integrala behar da»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00

Etxegura elkarte sortu berritik diotenez «merkatu logikatik atera behar du etxebizitzak».

Hernani Burujabe proiektuaren barruan etxebizitza da beste esparrua. Lanketa hasi dira egiten, sentsibilizazio berezia sortzen duen gai honetan. Eskumen falta eta legediak ez ditu herritarrak gelditu eta Etxebizitza Mahaia sortu dute.

Hernani Burujabe sortu zenean etxebizitza burujabe baten beharra ikusi zen. Gai potoloa eta zaila denez bilera asko eta asko egin dituzte bi urtetan zehar. Biterin biltzen dira hilabetean bi aldiz. Txaro Untzilla hasieratik izan da proiektuan eta ongi ezagutzen du egin duten ibilbidea. «Gaia korapilatsua izaki, hasieratik bildu gara Stop Desahucios, Amher eta jubilatuen ordezkariak, baita norbanakoak ere. Irekita gaude jende gehiagok parte hartzera, batez ere gazteak. Gai oso sentsiblea eta garrantzitsua da. Gainera lan polita egiten ari gara». 

Helburuen artean daude «diagnosiak eta promosamenak egin, proiektuak gauzatu, planifikatu eta salaketak aldarrikatzea», Gorka Navarrok aipatzen duenez. «Oraindik konkretatzeko dago, baina hori izango litzateke ortzimuga».

Hernanin Etxebizitza bulego bat zabaltzeko asmotan dabiltza, estruktura bat izateko eta horretarako «pauso garrantzitsu bat izan da aurten, Etxegura elkartea sortzea. Helburua da elkarteak Udalarekin hitzarmen bat lortzea, eta besteak beste, aipatu ditugun asmo eta helburu horiek elkartean zabaltzea», dio Untzillak. 

Bulegoak ez du izango funtzio klasikoa. Gorka Navarrok Hernani Burujaberen filosofiaren barruan kokatzen du. «Herritarrek parte hartu ahal izango dute bulego horretan. Herritarren beharra detektatzea oso garrantzitsua da. Espazio seguru bat izango da, hau da, sektore zaurgarrienak babestuak izango dira. Abusuak detektatu eta salatuko dira. Pertsona ahulei laguntza emango zaie eta beti erreibindikazio espazio bat izan beharko luke». 

'Etxebizitza eskubidea da' lema nagusia Txaro Untzillaren hitzetan. «Hori bermatzen saiatuko gara zaila izan arren. Horretarako, egin dugu kanpaina bat etxe hutsak detektatzeko eta ezagutarazteko». 

Ildo horretatik tiraka Etxegurako kideek azpimarratu nahi dute etxebizitzaren arazoa «transbertsala» dela. «Ertz asko ditu. Eskuhartze integral bat behar da. Toki ezberdinetatik heldu behar zaio eskubide subjektibo bat den heinean. Merkatu logikatik atera behar da, jakinda hori lortzea oso zaila dela. Hala ere, indartsu gaude eta lanean hasteko prest, behin elkartea eratu dugun unetik».

Kontzientziazio eta sentsibilizazio lana ere beharrezkoa da eta horretan azpimarra jarri nahi dute Etxegurakoek. «Instituzioek ardura badute noski, baina norbanakoek ere badugu. Alokatzen denean etxebizitza bat 1.200 eurorengatik arazoan bere ardura eta erantzukizuna du. Alokatzera animatu behar ditugu jabeak, denok daukagu ardura». 

Eskuhartze integral horretan, Udalek eta norbanakoek askotan ezin dute gauza askorik egin, eskumenak ez dituztelako. «Baina erreibindikatu ditzakegu helburuak. Adibidez etxe zaharrak birgaitzea, alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoa handitzea, alokairuan etxebizitza gehiago jartzea... alokairuarekin arazo potentea dago. Bi gauza lotzen dira, bat da ia ez daudela, eta gero zer prezioetan dauden gutxi edo bakan horiek». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!