«Udalaren ekarpena jaitsita diru gehiago mugituko dugu aurten»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00

Alex Lopez Ekhilurren aurkezpen prentsaurrekoan.

«Espero gabeko gorakada» izan du Ekhilur kooperatibak eta Ekhi monetaren erabilerak. Alex Lopez kooperatibako kideak zehaztu du erritmo onean jarraitzen duela bazkidetzak, eta «hazten jarraitzea» da orain helburua. 

«Sistema kapitalistako elementu zentraletako bat da dirua, eta gure zirkuituan ezaugarri jakin batzuk ematen dizkiogu. Guk jartzen ditugu nahi ditugun baldintzak». Horrela azaltzen du Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kideak Ekhi monetaren funtzioa. 2022an martxan jarri zenetik gorakada nabarmena izan du monetaren erabiltzaile kopuruak, eta gaur egun erabiltzaileen %40a da kooperatibako bazkide: «Erabiltzaileen aldetik espero genuen graduala izango zela bazkidetzarena. Ez dugu kanpainarik egin, baina aukera ahalbidetu orduko 300 bazkideren langa gainditu genuen», azaldu du Lopezek. 

Datuei erreparatuta, goranzko joeran jarraitzen du Ekhilurrek. 2023ko memorian azaldu zuten 1,85 milioi euroko salmenta bolumena lortu zuela kooperatibak; aurtengo aurreikuspena, ordea, handiagoa da: «Hernaniko Udalak iaz baino %16 gutxiago jarriko du, eta %35 gehiago mugituko da». Izan ere, 2.500.000 euroko salmenta bolumena eta 100.000 operazio baino gehiago izango direla pentsatzen dute. «Herriko ekonomian sistema garrantzitsu bat bihurtzeko pausoak ematen ari gara. Zirkuitu ekonomiko bat osatu dugu Ekhiarekin», gehitu du Lopezek.  

Hobariak izan dira arrakastaren gakoetako bat

Ekhia erabiltzeagatik hobariak eskaintzen hasi ziren iaz, eta aurten jarraipena izan du bonifikazio sistema horrek. Alabaina, 2024a hastearekin batera, hobari horiek komertzioek eskaintzeko proposamena egin zien Ekhilurrek Hernaniko merkatariei, Udalaren ekarpena murrizteko asmoz. Establezimenduen %97ak onartu zuen proposamena, eta Hernaniko 91 komertziotan daude %5 eta %15 arteko hobariak: «Kontsumitzeko ohiturak aldatzea oso zaila da inzentiborik jarri ezean. Badakigu jende asko hobariengatik hurbildu dela gugana, baina, era berean, ikusten dugu jendearen ohiturak ere aldatzen ari direla», azaldu du Lopezek. 

Dena den, Ekhilurretik garrantzi handia ematen diote Ekhiaren alderdi sozialari. Horregatik, Lopezek adierazi du kanpaina bat jarriko dutela martxan proiektuaren ideologia eta asmoak ezagutarazteko: «Hasiera batean onura ekonomikoa duelako sartzen da jendea horrelako gauzetan, baina onura bestelakoa ere izan daiteke; etikoa edo soziala, adibidez». 

Hazten jarraitzea helburu

Hemendik aurrera aurrerapausoak ematen jarraitzea da Ekhilurren helburua.  Lopezek azaldu du zirkuitu ekonomikoaren lanketarekin aritu direla orain arte, baina asmoa da zirkuitu finantzieroa ere garatzea: «Masa finantzieroaren zati bat, beti kontrolpeko arriskuan, Hernaniko proiektuetan berrinbertitzea da asmoa. Hau da, aberastasun hori herrian mantentzea eta horren zati batekin bertako proiektuak finantzatzea». 

Hernani Burujabe proiektuaren barruan ere helburuak finkatu ditu Ekhilurrek; hala nola, «Udalaren aportazioa jaisten joatea, Udala sistemaren barruan integratzea eta Hernani Burujabeko beste proiektuekin lankidetza bide berriak sortzea». Azken puntu horretan lanean aritu da Ekhilur, Herrilurrekin eta Henaserekin gehienbat. 

Lopezek nabarmendu du Hernanin garatzen ari diren zirkuitua Euskal Herrira zabaltzea izango litzatekeela ideala: «Pixkanaka herri mailan hedatzea da asmoa, gero probintzia mailara eta ondoren erkidegoetara. Behetik gorako erainkuntza izango da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!