Bi Talia sari potoloenak eskuratu ditu Kulunka konpainia hernaniarrak, 'Forever' antzezlanarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 26a, 00:00
'Forever' antzezlanaren eszena bateko irudia.

Bi Talia sari potoloenak eskuratu ditu Kulunka konpainia hernaniarrak, 'Forever' antzezlanarekin

Ederra egin du, beste behin, Kulunka antzerki konpainia hernaniarrak. Talia Sarien banaketa ekitaldia egin zuten joan den astelehenean, Madrilen; eta bi sari potoloenak eskuratu zituen Kulunkak, 'Forever' antzezlanarekin: antzezlan onenaren saria, eta eszena-zuzendaritza onenarena, Iñaki Rikartek jasotakoa.

Arte Eszenikoen Espainiako Akademiaren eskutik, errekonozimendu gorena jaso du Garbiñe Insausti hernaniarrak sortutako konpainiak. Antzezlaneko aktoreetako bat da Insausti bera, José Daultekin eta Edu Cárcamorekin batera. Gainera, hernaniarrak egindakoak dira antzezlanean erabili dituzten maskarak. Iñaki Rikartek zuzendu du obra, Hernanin bizi den gasteiztarrak. Madrilgo Zen­tro Dramatiko Nazionalaren eta Bilboko Arriaga eta Donostia­ko Victoria Eugenia antzokiekin ba­tera ekoitzi dute obra.

Hirugarren sari bat jasotzeko ere hautagai zen 'Forever', eszenografia onenarena, Ikerne Giménezen eta Javier Ruiz de Alegríaren eskutik. Baina sari hori Alessio Melonik eskuratu zuen, 'Cielos' antzezlanarekin.

 

Maskaren hizkuntza isila

Antzezlan berezia da 'Forever': maskara bitxiak daramazkite aktoreek, eta hitzik gabekoa da obra. Lehenago ere egin ditu beste bi obra Kulunkak, ezaugarri berberekin: 'Andé eta Dorine' eta 'Solitudes'. Azkeneko horrekin, antzezlan onenaren Max Saria lortu zuen 2018an.

Urruntze baten istorioa da 'Forever': izango zela amesten zu­en horretatik urruntzen dijoan familia bat. Umorez eta ironiaz islatzen ditu maitasunaren kontraesanak, eta horien bidez, beste hainbat gai jorratzen ditu: gurasotasuna, heziketa, desgaitasuna, gehiegizko babesa, sexualitatea eta indarkeria. Antzezlanak islatzen du noraino eraman dezakeeen familia bat inkomunikazioak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!