Hernaniko Udaleko EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin-Podemosek adierazpena adostu dute, martxoaren 8ari begira

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 7a, 16:07

2023ko azaroan Euskal Herriko Mugimendu Feministak Denon bizitzak erdigunean lelopean lehen Greba Feminista Orokorra burutu zuen eta horri esker, jendarteko sektore ezberdinak, zaintza eskubide kolektiboaren inguruan kokatuarazi zituen. Honela, erdigunean jarri zuen zaintza sistema publiko eta komunitario baten beharra.


 Hernaniko Udaleko EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemos taldeek bat egiten dute Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenekin eta indarrak batu nahi dituzte zaintza sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin. Zaintzaren sektorean burujabetza lantzeko estrategiarekin asmo horri lotzen gatzaio eta arnas luzeko prozesu honetan urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu.


 Bat egiten dugu mugimendu feministatik osatu nahi den Herri Akordioarekin eta zentzu horretan, egiten duguna bezain garrantzitsua da nola egiten dugun. Zaintza mahai tekniko-politikoa abiatu genuen 2021ean eta Zaintza talde herritarra martxan da 2022az geroztik. Biak ala biak, gobernantza eredu berri baten adierazle dira: zaintzaren gaia ez da Berdintasun Arloaren ardura soila, ezta Instituzioak aldebakarrez ebatzi beharreko arazoa. Behar-beharrezkoak dira Udal Sail ezberdinak koordinatuta lan egiteko ohitura iraunkorrak, baita herritarrekin, alorreko langileekin eta mugimendu feministarekin elkarlanean aritzeko topaguneak ere. Publikoa eta komunitarioaz ari bagara, harremanen ardura eta erabaki partekatuak eraikitzeko bidea zabaltzen jarraitu beharko dugu.


 Zentzu horretan, garrantzia eman nahi diogu zeharlerroko lanketari: denon bizitzak erdigunean jartzeko determinazioak dakar, Udalaren eskumenekoak diren egitasmoen baitan, besteak beste: herrialdeen artean dagoen desorekarekin apurtzea; sektore honetan lan egiten duten emakumeen lan baldintzak hobetzea; etxeko langileen errealitatea mahai-gaineratzea; familiarizatutako eta eremu pribatuan gorde nahi den ardura feminizatua politizatu eta lan banaketa sexista hau salatzea; datozen belaunaldiak tratu on eta erantzukidetasunean heztea; edota Udal programazio orotan, zaintza lanen zama duten pertsonen beharrak aintzat hartzea eta beraien parte-hartzea sustatu eta errazteko bitartekoak jartzea.


 Honekin guztiarekin, herritarrei dei egiten diegu Udal zein herri eragileek antolatutako ekintzetan parte hartzera, baita Koordinadora Feministak antolatutako manifestazioarekin bat egitera ere: 19:00etan, Plaza Berritik hasita.


 Horregatik guztiagatik, Hernaniko Udalak honako hau erabaki du:


* Zaintzaren inguruan abiatutako lanketarekin jarraitzea, sail ezberdinen arteko elkarlana sustatuz.
* Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eredua eta funtzionamenduaren eraldaketan urratsak ematen jarraitzea, publifikazioa helburu, familien beharrei erantzuteko eta langileen lan-baldintzak duintzeko asmoz.
* Bakardade egoera ez hautatuan dauden adineko pertsonak komunitatearekin harremantzeko Auzozaintza egitasmoa babestu eta herri guztira zabaltzea.
* Zaintza talde herritarra egonkortzeko baliabide pertsonalak zein materialak eskaintzea eta euren ekimenak babestea.
* Gure udalerriko etxeko langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa diseinatzea.
* Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten sentsibilizazio ekimenak burutzea, erantzukidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.
* Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, hasteko eta behin, martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko dei eginez. Hortik aurrera landuko den prozesuan eragile aktibo bezala parte hartzeko eta ardurak hartzeko konpromisoa adierazten dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!