Pediatria zerbitzuaren aldeko herri argazkira joateko, kedada Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 26a, 00:00

Leitzan eginen dute herri argazkia bihar, goizeko 11:00etan, 'Leitzaldean pediatria orain' lelopean. Ordubete lehenago elkartuko dira goizuetarrak.

Hainbat mobilizazio egin dituzte hilabete honetan zehar, Leitzaldean pediatria zerbitzua berrezartzea eskatzeko. Eta bihar izanen da hurrengoa, Leitzako plazan: herri argazki erraldoia eginen dute, goizeko 11:00etan, 'Leitzaldean pediatria orain' lelopean. «Oraingoz ez dugu erantzunik jaso gure eskakizunaren aurrean. Ikusezinak ote gara?», adierazi dute antolatzaileek. Maskara txuriak eramateko deia luzatu dute, argazkirako.

Argazki erraldoiaren ondoren, Leitzako konpartsak eta dultzaineroek girotuko dute plaza, eta eguerdiko 13:00etan kalejira eginen dute trikitilariekin.

Goizuetatik ere luzatu diete bertaratzeko deia herritarrei, eta kedada antolatu dute, kotxeetan Leitzara elkarrekin joateko. Goizeko 10:00etan jarri dute horretarako hitzordua, Goizuetako Plazan, herri argazkia baino ordubete lehenago. Plazan bertan egin zuten elkarretaratzea, apirilaren 12an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!