Bertso afari musikatua antolatu dute Alorrenean maiatzaren 24rako

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 8a, 00:00

Andoni Rekondo, Xabat Illarregi eta Andoitz Urdapilleta arituko dira bertsotan, eta maiatzaren 20ra arte apuntatu daiteke.

Astigarragako Alorrenea sagardotegian bertso afari musikatua antolatu dute maiatzaren 24rako, ostiralez. Axixko eta Kapilu gai-jartzaileek Andoni Rekondo, Andoitz Urdapilleta eta Xabat Illarregi jarriko dituzte bertsotan. 19:00etan trikipoteoa izango da, eta 20:30etan hasiko da afaria, Alorrenean bertan. Bikariok, Zipik eta Xalbak jarriko dute musika, bailarako zenbait gaztek prestatutako jardueran. 

Menua osatuko dute fritoek, bakailu tortillak, txuletak, gaztak, sagar melatuak eta intxaurrek, 35 euroren truke. Maiatzaren 20ra arte eman daiteke izena Astigarragako Ikatza tabernan, Hernaniko Garin tabernan, edota Donostiako Antiguo auzoko Plateron. Interesa duena Instagram bitartez ere jarri daiteke antolatzaileekin harremanetan, @bertsoafaria helbidean.

Giro ona ziurtatuta izango da. Andoni Rekondo bertsolari hernaniarra da, Andoitz Urdapilleta donostiarra, eta Xabat Illarregi leitzarra; hirurak ere, bertsolari gazteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!