«Metodo honek gorputz kontzientzia psiko-fisikoa garatzen laguntzen du, besteak beste»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 9a, 00:00

'Emakumeen osasunerako gorputz ariketa' izeneko tailerra antolatu du Matazak indarkeria sexistaren aurkako elkarteak, gaurko. Goizez eta arratsaldez izango da tailerra Erriberan, Raymonde Mayerren eskutik. Tailerraz gain, Lodifobiari buruzko hitzaldia eskainiko dute, Emakumeon Etxean, goizeko 11:00etan hasita.

Martxoaren 8aren bueltan, ehunka ekintza antolatu dituzte Astigarragan, eta horietako bi gaur burutuko dituzte. Gaur goizerako, Emakumeen osasunerako gorputz ariketa ikastaroa antolatu du Matazak indarkeria sexistaren aurkako taldeak. Raymonde Mayerrek eskainiko du tailerra, goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 15:30etatik 17:30etara, Erriberan. 

Antolaketan buru-belarri jardun duen Cristina Zalduarekin jardun du Kronikak, eta ikastaroari buruzko xehetasunak eman dizkigu. «Tailerra Raymonde Mayerren eskutik izango da, eta tailerra oinarritzen da bizkarrezurreko uhin-mugimenduak praktikan jartzeaz. Emakumeei zuzenduta dago eta egingo ditugu mugimendu zirkularrak bizkarrezurrarekin». Zalduak aitortu du, adin guztiei bideratutako ikastaroa dela, baina 45 urteko emakumeentzat «oso onuragarria» dela bertan lantzen dena: Adin ezberdineko emakume ororentzat dira onuragarriak ariketa fisiko hauek, baina menopausiaurre prozesuan dauden edota menopausia daukaten emakumeei zuzenduta doa zehazki, batik bat, 45 urtetik gorako emakumeentzat. Izan ere, emakumearen zikloak, odol kantitate asko sortzen du, gero hilekoa izan dezan. Baina menopausia prozesua hasten denean, odolaren zikloa galtzen du emakumeak eta gorputza lehortu egiten da. Horrenbestez, emakumearen gorputzak odol gutxiago sortzen duenean eta lehortzen hasten denean, oso garrantzitsua da bizkarrezurreko flexibilitatea izatea. Modu honetara, heldu arora heltzen garenerako osasuntsu egongo gara, nerbio sistemarentzat onuragarriak direlako, besteak beste. Mugimendua duen gorputzak, likido gehiago izango du, eta horrek bizi kalitatea eta osasuna ematen du. Gainera, metodo honek gorputz kontzientzia psiko-fisikoa garatzen laguntzen du, elkarrekin baitoaz».

Amaitzeko, Zalduak jakinarazi du, Astigarragan emakume talde finko batekin astero eskaintzen dituela tailerrak, astelehenetan eta asteazkenetan, Erriberan; eta Astigarragako zein bailarako emakumeei bertara apuntatzeko deia luzatu die: «etorri eta proba ezazu, konektatu zure gorputzarekin».

 

Matazak, begirada kolektiborantz

Matazak Indarkeria Sexista irabazi asmorik gabeko elkartea da, Espainiako eta munduko beste hainbat lekutako emakumeek osatua, eta «begirada kolektibo haundi bat sortzen» ari dira emakumeen aurkako era guztietako indarkeriak agerian jartzeko eta salatzeko.

 

Lodifobiari buruz hizketaldia, Emakumeon Etxean

Ikastaroaz gain, gaur goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00ak bitartean, Lodifobiari buruzko hitzaldia eskainiko dute Emakumeon Etxean, euskeraz. Hitzaldia amaituta, bazkari baten bueltan bilduko dira bertaratutako guztiak, «norberak bere bazkaria eramanda».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!