«Herri kiroletan matxismoa badago eta aizkoran emakume erreferenteak falta dira»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 8a, 00:00

Ane Zapirain astigartarra aizkolaria da.

Ane Zapirain astigartarra Euskal Herrian dauden emakume aizkolari urrien adibide bat da. Ez da erreferente sentitzen, baina orain urte gutxira arte aizkolaritza zen gizonen mundua.

Ane Zapirain emakume erreferente bat da?

Ez naiz herriko erreferente sentitzen. 

Gaurko eguna modu berezian bizitzen duzu?

Bere garrantzia du, baina niretzako beste egun bat bezala izaten da. Emakumearen Eguna egunero da niretzat. Erreibindikazio eguna urtean zehar egin beharreko gauza bat da, ez egun batean soilik.

Aizkolaria zara, orain urte gutxira arte gizonak bakarrik aritzen ziren kirola. Berdintasunik ba al dago aizkolaritzan?

Berdintasunetik oso urrun gaude. Oraindik lan haundia dago egiteko. Pixkana-pixkana ari gara bidea egiten. Herri kirolak jarduera gogorrak dira eta kosta egiten da gizonak eta emakumeak hurbiltzea. Mutilak oso gaztetatik hasten dira aizkoran eta plazara oinarri sendo batekin ateratzen dira. Neskak hilabete gutxi batzuk entrenatzen ibili ondoren ateratzen gara plazara. Alde haundia dago. Hala ere hasi egin behar da. 

Herri kirolen mundua matxista al da?

Oraindik bai. Entzun behar izaten ditugu ea plazan zer egiten dugun, oraindik ez dakigula erraminta heltzen eta horrelako esaldiak. Denetarik dago. Pozten den jedea eta asko laguntzen digunik ere badago, baina oraindik matxismoa nabaria da.

Kirol askotan emakumeak urte asko daramatzate kirol horietan, baina herri kiroletan esan daiteke hasi berriak zaretela.

Ibilbide asko dago egiteko. 80garren hamarkada amaieran Saralegi ahizpak egin zituzten erakustaldiak aizkoran, baina esan daiteke 21garren mendean sartuta hasi ginela emakumeak herri kiroletan.

Erreferenteak behar dira. Ba al dago erreferenterik aizkolaritzan?

Aizkoran falta dira erreferenteak. Urte gehiena daramatzaten bi aizkolariak Nerea Sorondo eta Maika Ariztegi dira. 

Harrijasotzen Idoia Etxeberria izan zen erreferente nagusia. Figura hori falta da?  

Ez dugu horrelako izen haundirik eta beharrezkoa da.

Emakumeentzako txapelketak falta dira?

Urtean zehar bi txapelketa bakarrik ditugu. Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa. Beste denak txapelketa bezala saltzen dira, baina ez dira. Hiru aizkolari aukeratzen dira, antolatzaileek nahi dituztenak, eta hori txapelketa bat dela esaten dute. Ez gara aizkolari asko, baina garenentzako ere gutxi daude. Urte osoa egoten gara entrenatzen eta gero bi txapelketa besterik ez ditugu.

Zenbat emakume aizkolari daude gaur egun?

Esango nuke hamar-hamabi aizkolari inguru izango garela.

Animatuko al ditugu emakumeak aizkoran probatzera?

Noski baietz. Malen Barrenetxea erreferente bilakatu daiteke eta horretan lan haundia egin dezake. Gazteena da eta eredu izan daiteke eta bere bidetik gazte gehiago hasi daitezke aizkoran. Harrijasotzaile gehiago dago, Ostolaza eta Izeta eskolen inguruan emakume gehiago hurbildu dira eta aizkolaritzan eskola hori falta da, erreferente horiek falta dira. Askotan ez dakigu nondik bideratu aizkoran aritzeko nahi hori. Bakarrik aritzea zaila da eta eskolak horretan laguntzen du. Taldea sortzen du eta horrek emakumeak animatzen ditu.

Zer ari zara prestatzen?

Pentatloian animatu naiz. Bigarren mailakoa prestatu nahi dut. Urtean zehar txapelketa gutxi izaten ditugunez, ekaineko txapelketa horretan parte hartu nahi dut. Emakumeentzat oraingoz irtenbide bat da. 

Lan munduan ere nabaritzen duzu berdintasun falta hori?

Gutxiago. Administraria naiz eta esparru horretan langile gehienak emakumeak gara. Administrazio publikoan aritzen naiz Oiartzunen. Lan asko egin da, pauso asko eman dira eta berdintasuna nabari da.

Etorkizunari begira jartzen bagara. Nola ikusten duzu?

Berdintasunaren bidean goaz. Matxismoa hor dago, ez da desagertu eta oraindik bidea dago egiteko. Pertsonalki nire bizipenetan berdintasuna sentitzen dut. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!