'Nik sinesten dizut' babes sarearen ekimena martxan, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 23a, 00:00

Honako hauek dira banatuko dituzten txapak.

Kanpainaren baitan, 'Nola jokatu eraso matxista baten aurrean?' hitzaldia antolatu dute, martxoaren 2rako.

'Nik sinesten dizut' babes sarearen ekimena jarri dute Astigarragan, «txotx denboraldian ematen diren jarrera onartezinei aurre egiteko». Herriko zenbait eragile ezberdinen artean antolatu dute, eta herritarrei honakoa jakinarazi diete: «jokabide matxista, arrazista, homofobo edo bestelakoen aurrean, zure babesa eskaini nahi baduzu, Emakumeon etxean eskuratu dezakezu 'Nik sinesten dizut' txapa».

Txapa hauek eginkizun bat dute; batetik, babes sarearen parte izateko; bestetik, jokabide desegokiak salatzeko; eta azkenik, laguntzeko prest dagoen eta segurua den pertsonatzat identifikatzeko. 

 

Hitzaldia martxoaren 2an

Babes sarearen ekimen honen baitan, 'Nola jokatu eraso matxista baten aurrean?' hitzaldia ere antolatu du Emakumeon Etxeak, martxoaren 2rako. Emagin Elkartearen eskutik izango da hitzaldia goizeko 10:00etan hasita, euskeraz. Indarkeriari buruz eta eraso matxisten esku hartzeari buruz jardungo dute, besteak beste. Hitzaldiaren ondoren, 'Nik sinesten dizut' txapak banatuko dituzte. Amaitzeko, Emaginek aditzera eman du gizonezkoak ere bertaratu daitezkeela hitzaldira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!