Berdintasun Plana osatzeko bilerak izango dira bihar eta otsailaren 15ean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 7a, 00:00

Biharko saioan, Emakumeon etxean, emakume ahalduntzearen gaia landuko da eta 15ean, 'Zaintzen duen Astigarragarantz' landuko da.

Nahi dugun Astigarragarantz prozesuaren baitan berdinzalegoa den Astigarrarantz bidean hainbat aurrerapauso eman ziren iaz. Berdintasunerako III. Planaren ebaluazioa burutu zen herriko hainbat eragilerekin batera, eta aurrera begira berdintasunaren alorrean udalerrian dauden erronkak identifikatu zituzten. Guztira, 40 lagunek eta 5 elkartek hartu zuten parte lanketa horretan.

Berdintasun alorrean identifikatutako erronka nagusiak lortzeko, hurrengo urratsa herritarrekin batera helburu eta ekintza zehatzak adostea da eta modu horretara Berdintasunerako IVgarren Plana osatzea.  Guztira hiru herri gogoeta antolatu dira eta lehenengoa pasa den otsailaren 1ean izan zen. Hurrengo bi saioak bihar, Emakumeon Etxean, eta otsailaren 15ean, Erriberan, izango dira. 

Bihar 17:30etan hasita, emakumeen ahalduntzearen gaia landuko dute eta Emakumeon Etxeari buruzko gogoeta eragingo dute. 

Otsailaren 15ean berriz, Erriberan, 17:30etatik aurrera, Zaintzen duen Astigarragarantz saioa izango da. Zaintzaren gaia ikuspegi anitzetatik jorratu daiteke eta «modu batera edo bestera denoi eragiten digun arloa da», diote antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!