2019/01/18
  • Unai Agirre, Euskal Sagardoa kopan zerbitzatuta.
    Unai Agirre, Euskal Sagardoa kopan zerbitzatuta.
  • elkarrizketa//EUSKAL SAGARDOA

    «Baloratu behar ditugu bertako sagardoa eta sagarra, sekulako aberastasuna da»

  • Euskal Sagardoa jatorri deituraren bigarren uzta merkatuan da dagoeneko: «kalitatezko produktua bermatzen dugu, eta gainera, oso berezia, bertako sagarrak dauzkan balore guztiak berarekin daramazkielako», azaldu du Unai Agirrek, Euskal Sagardoaren koordinatzaileak: «bertan, ondo eta natural ekoiztutako sagarrarekin eginda dago».

  • HERNANI ASTIGARRAGA
    2018/01/20 00:00 Larunbata
  • Bigarren uzta du aurtengoa, Euskal Sa­gardoa jatorri deiturak. Iaz egin zuen age­rraldia, sagardo botiletako kaputxa gorri horrek, jatorri deituraren adierazgarri. Zer dagoen horren atzean? «Kalitatezko produktua da bermatzen duguna, eta gai­ne­ra, oso berezia, bertako sagarrak dauz­kan balore guztiak berarekin dara­maz­kielako», nabarmendu du Unai Agirrek, Euskal Sagardoaren koordinatzaileak.
    Izan ere, %100ean bertako sagarra­re­kin ekoiztutako sagardoa da, jatorri deitura daukana: «baloratu behar dugu, oso produktu duina daukagula, hemengo sagarrak sekulako ezaugarriak dauzkala. Ezkutuan eduki dugu denbora askoan, eta bistara atera behar dugu, sekulako aberastasuna daukagulako».

    13 sagardotegi eta hiru aldiz sagardo gehiago, aurten
    Aurreneko urtea igarota, «balorazio oso ona» egin du Agirrek; baina garbi dauka, bidea luzea dela orain­dik: «badakigu honek den­bora behar duela, ez baita urtebeterako proiektua, etorkizunerako proiek­tua baizik. Oinarriak sendo jarri behar ditugu, eta horretan ari gara. Eta adibide garbia da, aurreneko uztatik biga­rrenera eman dugun gorakada. 13 sagar­dotegi berri sartu dira jatorri deituran, 50 sagarrondo hektarea gehiago, eta hiru aldiz sagardo gehiago ekoiztu da. Orain, erronka da hori balioan jartzea eta dagokion tokia ematea».
    Eta horretarako giltza, kontsumitzai­le­engana iristea da, ikustea eta ulertzea zer den Euskal Sagardoa eta zer dagoen horren atzean: «ikusi behar dute hau serioa dela, lan haundia egiten ari garela, sagar eta sagardo sektoreetan, admi­nis­tra­zioekin elkarlanean... Apustu sendo bat da, eta eragile eta merkatu asko daude horren atzean», adierazi du Agirrek.

    «Hernanin bertan, jokatuko nuke 100 barietatetik gora sagar dauzkagula, bertakoak eta sagardoa egitekoak»

    «Jendeak kontsumitzen duen neurrian, eskatu egingo du»
    Baina kontsumitzaileak nabarituko ote du aldea, sagardo natural arruntaren eta Euskal Sagardoaren artean? «Aurreneko kolpean eta kata itsu bat eginda, ez dakit kontsumitzaile arruntak nabarituko duen, seguruenik ez. Baina nabaritzen da desberdintasuna, eta zenbat eta gehiago kontsumitu eta ezagutu, orduan eta gehiago. Denborarekin nabarituko dute, dudarik gabe. Eta badakigu, jendeak hau kontsumitzen duen neurrian, eskatu egin­­go duela. Zaporez eta kalitatez, ez dau­ka zerikusirik», dio Agirrek. Izan ere, azaldu duenez, ezaugarri propioak dauz­ka Euskal Sagardoak: «bertan, ondo eta natural ekoiztutako sagarrarekin egina dago, osasunerako dauzkan balio guztie­kin. Eta hori guztia beti da kalitatearen alde. Noski, ez dakit nongo sagarrarekin egindako sagardoak ez dauka txarra egon beharrik, eta ez da egongo; baina beti aterako da irabazten, bertako lehengaiez egin­dako produktua», adierazi du Agirrek.
    Eta are nabarmenagoa ikusten du, gai­nera, sagardoaren kasuan: «zeren zerbait baldin badaukagu hemen, sagarra da. Her­nanin bertan, jokatuko nuke 100 barie­tatetik gora sagar dauzkagula, ber­takoak eta sagardoa egitekoak direnak. Ba al dakizue hori zer nolako balioa den? Beste zein produktuk eduki ditzake hain­beste barietate?».

    «Sektorea bateratu egiten du jatorri deiturak»
    Barrura begira lan haundia egiten ari direla uste du Agirrek: «sektorea bateratu egiten du jatorri deiturak, eta ez sagar­do­gileena bakarrik, sagargileena ere bai. Nik oso garbi ikusten dut, bertako pro­duktuekin eta kontzientziaz lan egiten ari diren sagardotegiek, gero eta sagardo ho­bea egiten dutela». Baina kanpora begira ere, lan ona egiten ari direla dio: «bana­keta antolatuarekin, lan haundia egiten ari gara, jendearengana iristeko».

Iragarki merkeak

  • Tailer mekanikoa salgai Hernanin. Lizentziak indarrean ditu eta makineria guztia prest. Bezero kartera haundia eta errentagarritasun frogagarria.

    Telefonoa: 656709251


  • Taxi lizentzia salgai Hernanin, jubilazioagatik.

    Telefonoa: 670012987


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Esperientziadun andreak lan egingo luke adinekoak zaindu edota lagun egiten eta garbitasunean. Ordutegia: 11:30-17:00.

    Telefonoa: 654122548


  • Emakumea pertsona helduak egunez edo gauez zaintzeko pronto. Esperiantziaduna eta erreferentziekin.

    Telefonoa: 697866442


  • Pisu bat erosiko nuke, Kaxkoan edo inguruan, igogailuarekin.

    Telefonoa: 664554437