2019/01/18
  • Andia Kaleko bulegoan, Urgull atzean ikusten dela.
    Andia Kaleko bulegoan, Urgull atzean ikusten dela.
  • elkarrizketa//EMAKUMEAREN EGUNA

    «Emakumeok behar duguna da, lehendabizi, gureganako konfiantza landu»

  • Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua da Arantxa Tapia Otaegi astigartarra. Aspaldi utzi zuen herria; «denbora gehiago daramakit Zumaian, Astigarragan baino». Eta are urrutiago ere iritsi da, bistan denez. Emakume izateak ez dio trabarik sortu, baina argi dauka denen egoera ez dela berdina, gaur egun ere.

  • HERNANI
    2017/03/08 00:00 Asteazkena
  • Martxoaren 8a da gaurkoa. Modu bereziren batean ospatzen duzu?
    Orokorrean, ez dut zortzia bereziki ospatu izan. Guretzako izan da ikaskideok, nes­kak elkartzeko izaten genituen egunetako bat. Baina nire bizitza pribatuan ez dut ospatu izan. Politikan izaten dira eki­taldiak. Igandean, adibidez, Sabin Etxeak deituta, emakume abertzaleak han bildu gara. Eta gaur, bestelako hainbat egin­be­har izango dira eta niretzako, ez da be­re­ziki ospatzeko eguna izango.

    Astigarraga Donostiako auzoa zen oraindik, bertan hazi zinenean. Asko aldatu da? Joaten zara bertara?
    Ama han bizi da, eta joaten gara. Esango nuke herria erabat aldatu dela. Go­go­ra­tzen dut txikitan, bertan bizi izan naizen urte guztietan Donostiako parte izan dela. Donostiatik independentzia lortu eta Astigarraga herri bihurtu zenetik ur­te­be­te­ra joan nintzen. Donostiako parte bezala ezagutu dut, eta bazuen bizitza, baina agian garaiak ere desberdinak ziren. Orain ikusten dut askoz ere haundiagoa dela, eta nahiz eta herri izan, Donostiako jende asko joan dela bizitzera, agian hemengo etxeak nahiko garestitu dire­la­ko! Aldaketa onerako eman dela esango nuke. Jende gazte asko ikusten dut hau­rre­kin, eta horrek bizitza ematen dio herri bati. Gazteak egotea, martxa desberdinak izatea... Bizitza ematen du, eta pozten naiz izan duen bilakaerarekin.

    Ingeniaritza Industriala ikastea erabaki zenuen, eta orduan, puri-purian zegoen borroka feminista. Bizi izan zenuen?
    Oso emakume gutxi ginen gelan, eta ba­ze­goen sentimendu bat, gutxi ginela eta, elkartzekoa. Baina azkenean halako na­has­keta bat egin genuen. Neskak elka­rre­kin, baina mutilak ere bai, tartean. Nor­mal­tasunera eta integraziora jo genuen. Guretzako ingeniaritza ikastea, momentu horretan, erronka bat zen. Pentsa; 120 ikasleko gela batean, gutxi-gorabehera 12 neska ginen, %10. Horrek zekarrena zen, nes­kak elkartu eta alboratuta geratzea, edo integraziora jotzea. Guk bigarrena au­ke­ratu genuen, eta normaltasunez, nes­kak eta mutilak elkarrekin aritzen ginen gaiak lantzen, sagardotegirako planak egi­ten edo bestelako ekimenak prestatzen.  Gure unibertsitatean ez zen nabaritu halako mugimendu feministarik. Baina gure apustua izan zen integrazioaren aldekoa, elkarrekin ibiltzea. Oraindik mantentzen dugu erlazioa, beraz, uste dut ondo landutakoa izan zela.

    Orduan ‘mutilentzako ikasketak’ ziren. Orain ere bai?
    Nik uste, gainditze bidean dagoela. Gero, EHUn Ingeniaritza Teknikoko irakasle izan nintzen, politikara pasatzeko utzi nuen arte. Ordurako, ikasleen %35 baziren neskak. Uste dut ez dela hainbeste nesken edo mutilen karrera bat. Gehiago da gustatzea zientziak eta teknologiak. Eta hori, normalean izaten da DBHn izan dituzun irakasleen araberakoa, zure gustoen araberakoa... Horrek markatzen du gehiago, beste ezerk baino. Orain ez dago mutilen edo nesken karrerarik. Gus­tatzen bazaizu, eta ahalegin haundi bat egiteko prest bazaude -hori ere esan egin behar baita-, ez dago des­ber­din­ta­su­nik.  

    Hain justu, irakasle bakarrik ez. Katedraduna zara. Emakume izateak baldintzatu dizu bidea, sekula?
    Unibertsitatean, agian, beste edozein lekutan baino errazagoa da. Merituak eta karrerak egiteko behar dena oso tasatua dago. Beraz, urrats guztiak betetzen badituzu, joaten zara aurrera egiten, merituak lortzeko. Ez dago besterik. Apustu pertsonala da, momentu batean. Edozein lanetan bezala, orduak eskaini behar dizkiozu, eta zure tenpoak neurtu behar dituzu. Baina, esango nuke beste edozein lekutan baino berdintasun haundiagoa dagoela unibertsitatean, edo nik hala sentitu dut. Esan dezake norbaitek konformista naizela, edo zorte haundia izan dudala, baina nik ez dut nabaritu diskriminaziorik.

    Are apustu pertsonal haundiagoa egin zenuen 2005ean politikara salto egitean? Ordu gehiago lanean, gutxiago etxean...
    Edozein lekutan bezala, erantzukizun bat har­tzen duzunean, zure ahaleginaz gain, zu­re familiarena dijoa. Etxean laguntza ba­duzu, babesa, eta esaten badizute au­rre­ra egiteko, askoz ere errazagoa da. Nik ha­la sentitu dut. Apustu bat izan zen, baina eskaini zidatenean, bi alabak adin bat zuten, eta etxean animoak eman ziz­ki­daten. Hori da benetan garrantzitsua urrats hori ematerakoan. Ezin duzu ba­karrik eman; edo etxean babesa daukazu edo... Eta berdin gizon edo emakume. Agian emakumeok pentsatzen dugu erantzukizun gehiago dauzkagula etxean, baina nik uste, hori pasata dagoela. Neri, behintzat, hala tokatu zait.

    «Emakumeok gizonek baino prestutasun haundiagoa daukagu akordioetara iristeko»


    Ordutik hona Batzar Orokorretan, Aldundian, Kongresuan ibili zara. Lortu da parekidetasuna politikan?
    Gaur egun parekidetasunera goazela uste dut. Nabaritzen duzunean desber­din­ta­su­na, ez da alderdi poltikoan edo Kon­gre­su­an dagoena. Uste dut pertsonekin izaten dela. Beti egoten da baten bat begiratzen dizuna, pentsatuz, gai izango ote zaren gauzak ondo egiteko. Baina hori beti egon da. Adibidez, pertsona heldu batek gazte batekiko izaten du jarrera hori, emakume izan edo ez. Kontua da, berria dela. Desberdintasuna, nire ustez, pertsonen jarrerek egiten dute, eta ez, gizon edo emakume izateak. Agian emakumeok gehiago sufritu dugu, gehiago kosta zaigulako horraino iristea. Orokorrean hala da, nahiz eta neri ez zaidan tokatu. Baina ez dut uste izan denik emakume edo gizon izateagatik, baizik eta gehiago, esperientzia gehiago daukanetik gutxiago daukanarekiko sortzen den jarreragatik.

    Berdin gertatzen da Jaurlaritzan edo Madrilgo Kongresuan?
    Kongresua desberdina da. 350 pertsona, di­putatu dira. Emakume zein gizon, kul­tu­ra oso derberdinetakoak, eta agian, hor na­baritu dezakezu zein kultura motakoa den pertsona bakoitza. Eta ez da de­rri­go­rrez gizona izan behar, kultura arraro ho­rre­takoa izateko... Emakumeak ere badira hor sartzen direnak, eta nahiko nabaria iza­ten da. Kongresuan nabaritzen da. Hemen ez.

    Esan liteke, Josu Erkorekarekin batera, Urkullu lehendakariaren gertuko sailburua zarela. Emakume izateak baldintzatu dizu ezer, ibilbide horretan?
    Ondoan gaude bai, eserita! Nik ez dut zailtasunik edo desberdintasunik na­ba­ri­tu, ez beraiengandik eta ezta beste edo­no­ren­gandik ere. Zentzu horretan uste dut pertsonak gaudela. Bakoitza bere balio po­si­tiboekin eta erantzukizunekin, eta gai­z­ki egiten ditugun beste gauza batzuekin. Norberak badaki zein dituen akatsak, eta beste bati ere onartu behar dizkio.

    Topikoa da, ala emakumeek badaukate politika egtieko beste modu bat? Elkarrizketarako prestutasun haundigoa?
    Izan daiteke errazagoa, emakume artean, akor­dioetara iristea. Ez beti, baina pres­tu­ta­sun haundiagoa izaten dugu akor­dio­e­tara iristeko. Mahaian esertzen gara, akor­dio bat lortzeko asmoarekin. Gizonak, be­rriz, ez beti. Gure kasuan, agian, nahiz eta hel­buru horrekin eseri, ez dugu beti akor­di­oa lortzen. Baina gizonak batzuetan ese­ri­tzen dira, eseritzeagatik, eta ez akordio ba­ten bila. Uste dut hori nabaritzen dela. Baina esango nuke, baita ere, askotan be­gi­ratzen duguna dela gizon batek nola be­gi­ratzen gaituen, eta esan be­harra daukat, gau­zarik arraroena ema­ku­me batzuen es­ku­tik bizi izan nuela. Egun batean gizonen ar­te­an nengoen ese­ri­ta, bazkaritan, eta bu­katzean, ema­ku­me­ek esan zidaten gi­zo­nak bezalakoa nintzela. Ea zergatik ez nin­tzen beraiekin eseri, emakumeok bes­te­lako elkarrizketa batzuk izaten di­tu­gu­la­ko. Pentsatu nuen haiek matxistagoak zi­rela nire aurrean eserita egon zirenak bai­no! Kulturalki, askotan pentsatzen du­gu gizonek egiten digutela zerbait ema­ku­meoi, baina badira emakumeak, gizonak baino askoz ere okerragoak direnak.

    «Badirudi modernizatzen ari garela, emakumeak kalean edo edozein tokitan gaude, baina indarkeria matxista izugarria da oraindik. Atentzioa ematen dit»

    Bazkaritan joaten dira orduak... Espainiako Enplegurako Ministroak lanaldiak murrizteko proposamena egin du. Egia al da gizonek beranduago bukatzen dutela, emakumeek baino? Lagunduko luke horrek?
    Erabat ados nago Ministroarekin, zentzu horretan. Gogorra izan daiteke esatea, baina uste dut gizon askok denbora asko pasatzen dutela kanpoan, ez daukatelako gogorik etxera bueltatzeko. Horregatik jardunaldia izugarri luzatzen dute. Baina uste dut nahikoa lan egin duzula, goizean 08:00etan hasi, eta hiru ordu laurdenetan bazkalduz gero, 18:00ak arte jarraituta. Joan zaitezke etxera, kirola egitera, buelta bat ematera... Eta gero, behar izanez gero, beste parte bat orduz aritu zaitezke, etxetik. Asko lagunduko luke. Eta ez la­nal­dia murrizteko bakarrik, baizik eta era­gin­korragoak izateko. Badauzkagu ohitura ezegokiak. Asko gustatzen zaigu mahai baten bueltan eseri eta bi ordu pasatzea, bazkaltzen. Oso ondo dago, baina bi ordu kendu dizkiozu zure bizitza pribatuari. Beste modu batera ere egin ditzakegu gauzak. Iparraldean, agian, oso ohituta daude argi ordu gutxiago dauzkatelako, baina beste ohitura batzuk dituzte, eta gurera ekarriz gero, onu­ra­garriak lirateke.

    Familia kontziliazioan lagunduko luke?   
    Erabat egokia litzateke. Ez dakit noiz iri­tsi­ko den, baina planteatu beharko litzateke, serio. Europako enpresa batekin lanean ari zarenean, arratsaldeko 18:00etan emaila edo faxa bidali eta ez dizu inork erantzuten. Eta erantzuten badu, etxetik ari delako da. Edo Txinarekin ari banaiz, beste ordutegi bat behar da. Badaude lan egiteko beste modu batzuk, eta etxetik ari bazara, uztartu ditzakezu; 18:00etatik 21:30etara, adibidez, nere bizitza egingo dut, eta gero, segiko dut pittin bat.

    Berdintasunaren aldeko neurriak hartzen dira politikan, baina oraindik falta da. Zer egin dezakezue politikariek?
    Badaude emakume politikariak, eta arlo publikoan ondo ikusten dira. Ikusten de­na da, gero eta gehiago, indarkeria matxista. Badirudi modernizatzen ari garela, emakumeak kalean edo edozein tokitan gaude, baina indarkeria matxista izugarria da. Horrek atentzioa ematen dit. Badirudi gizarte bezala aurrera goazela, eta orain dela 10, 20 edo 50 urte gertatzen zena, agian etxean eta inork jakin gabe, gaur berdin gertatzen da. Badirudi gizarte bezala ez dugula aurrera egiten; erronka haundi bat dugu. Eta gune pribatura begiratuz gero, hainbat enpresatan orain­dik emakumeek badute ibilbide haundi bat egiteko. Alde batetik, norbaitek utzi egin behar die egiten, eta bestetik, beraiek ere ausartu behar dute. Askotan gertatzen zaigu pentsatzea; nola sartuko  naiz ni horretan? Hor badago egitekoa. Baliteke ho­ri ez izatea politikoa, baizik eta nor­be­rak bere buruarengan konfiantza edu­ki­tzea da kontua. Falta zaigu konfiantza pixka bat. Hezkuntza munduan landu beharrekoa izan liteke.

    Lanpostuetan ere, izaten dira desberdintasunak. ‘Lanpostu feminizatuak’ gutxiago baloratzen dira ‘maskulinizatuak’ baino; hezkuntza edo zaintza vrs. obra, adibidez. Politikoki zer egin daiteke, hori gainditzeko?
    Uste dut gehiago dela enpresa eta lan­gi­lea­ren arteko akordioa ematen denean ma­hai gainean jarri beharreko kontua, edo hitzarmen kolektiboa sinatzean. As­pal­dikoak dira egoera horiek, eta urratsak eman behar dira. Baina desberdintasun hori baino, nahiz eta esan behar dudan neri ez zaidala gertatu, lortu behar dena da desberdintasunik ez egotea lan berdina egiteagatik. Horri egin behar diogu aurre lehendabizi. Lan berdina, soldata berdina.

    Sabin Etxeako ekitaldia aipatu duzu. Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdietako emakumeek ere adierazpena sinatu duzue. Horrelako ekimenek garrantziarik ba al daukate? Edo paperean geratzen dira?
    Ez nintzen egon Gernikako horretan, age­rral­di bat neukalako. Baina bai, ho­rre­lakoak lagungarriak direla uste dut. Agian ez dira izugarrizko urratsak, baina da modu bat, gizartearen aurrean zerbait adierazteko. Izan ere, albistegietan, egunkarietan ema­ten da horien berri, eta gogorarazten di­gu­te hor zerbait bada­goela. Uste dut horrelako keinuak egin be­har direla. Gogorarazi be­har zaio gizarteari ibilbide bat egin du­gu­la, baina oraindik badaukagula ze­re­gi­na. Seguru ez duela eragin zuzenik izan­go, baina ba­da­uka bere balioa. Erakusten du ema­kumeok elkartzen garela.

    Politikariek bakarrik ez. Gizarteak eta norberak ere badauka zeregina, berdintasunaren bidean. Zer?
    Emakumeok behar duguna da, le­hen­da­bi­zi, gureganako konfiantza landu. Nor­be­rak egin dezakeen lana, edozein mai­la­ta­koa izan­da ere, edo gustokoa duzun hori egi­­tea, edo tarte bat bakarrik edo la­gu­ne­kin pa­satzea... lortzen da konfiantzarekin. Ho­rrek eramaten zaitu edozein tokitara. Agi­an baten batek pentsatuko du neri erra­za jarri didatela. Baina uste dut kon­fiantza landuz lortzen dela. Ez naiz inor baino gehiago, baina gutxiago ere ez.

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Esperientziadun andreak lan egingo luke adinekoak zaindu edota lagun egiten eta garbitasunean. Ordutegia: 11:30-17:00.

    Telefonoa: 654122548


  • Emakumea pertsona helduak egunez edo gauez zaintzeko pronto. Esperiantziaduna eta erreferentziekin.

    Telefonoa: 697866442


  • Pisu bat erosiko nuke, Kaxkoan edo inguruan, igogailuarekin.

    Telefonoa: 664554437


  • Taxi lizentzia salgai Hernanin, jubilazioagatik.

    Telefonoa: 670012987


  • Tailer mekanikoa salgai Hernanin. Lizentziak indarrean ditu eta makineria guztia prest. Bezero kartera haundia eta errentagarritasun frogagarria.

    Telefonoa: 656709251


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894