2019/01/18
  • Cheij Ahmed Bahiak asko eskertzen du, Sahararako egiten den janari bilketa.
    Cheij Ahmed Bahiak asko eskertzen du, Sahararako egiten den janari bilketa.
  • elkarrizketa//SAHARARAKO JANARI BILKETA CHEIJ AHMED BAHIA

    «Ez dugu galduko itxaropena, Sahara libre batera itzultzeko»

  • Bere aberria bihotzean darama Cheij Ahmed Bahia (1973) sahararrak. Marokoren okupazioaren aurka urte luzez ekin dion Polisarioa eratu zen urte berean jaio zen, eta gaztea zela, dena eman zuen bere herria askatzeko borrokan.

    Gaur egun gure artean bizi da, etorkizun oparo bat bilatu nahian. Hala ere, gatazkak azkenaldian hartu duen norabide ezkorra ikusita, ez du baztertzen Saharara itzultzea, okupazioaren aurkako
    erresistentzian jarraitzera.

  • HERNANI
    2017/02/04 00:00 Larunbata
  • MIKEL AGINAGALDE UGARTEMENDIA

    Zenbat denbora daramazu Euskal Herrian eta zer dela eta etorri zinen?
    Orain dela bost urte heldu nintzen Euskal Herrira, Estatu espainiarrak emandako turismo-bisa bat baliatuta, eta nire aberria atzean utzi ondoren. Lehenago, Marbellan (Andalu­zia) eta Valentzian bizi izan nintzen denbora batez, eta ostalaritza alorrean lanean jardun nuen; bertan nire egoera zibila erregularizatu nuen. Gerora, Bizkaiko Arratia herrira joateko aukera izan nuen, eta handik Hernanira etorri nin­tzen. Saharatik alde egitearen arrazoi nagusia ekonomikoa izan zen; bizi baldintza duinak bilatzea zen asmoa, nire herrikide anitzek egin izan duten bezalaxe. Gaur egun langabezian nagoen arren, lan aukeraren bat aterako den itxaropena daukat. Hala ere, nire egoera benetan berezia da. Izan ere, Estatu espainiarrak Sahara herrialde gisa onartzen ez duenez, nik herrigabe estatusa daukat, eta egoera horrek nire asmoak oztopatzen ditu.

    Estatu espainiarraz gain, badaude Sahara herri bezala onartzen ez duten beste hainbat herrialde. Nola ikusten duzu zure aberriaren egungo egoera?
    Sahararrak ikusten ari garena da, gure herriak Marokorekin bizi duen gatazka konpontzeko nazioarteak duen konpromiso falta. Espainiako Gobernua, esaterako, ez ikusiarena egiten ari da azken hamarkadetan, eta okupazioaren aldeko mugimendu estrategikoak egin izan ditu, zoritxarrez. Esate baterako, Saharako baliabide naturalak irrazionalki ustiatzen ari den Marokoren jarrera, begi onez ikusten du Madrilgo gobernuak, baita mendebaldeko gizarte kapitalistek ere. Orain hilabete inguru, hala ere, Estrasburgoko Giza Esku­bideen Europako Auzitegiak kaleratutako ebazpenaren arabera, saharar herriari kontsultatu behar zaio nekazaritza eta arrantza produktuen ustiapen eskumenei buruz; hau da, sahararrek eduki beharko lukete erabakitze ahalmena. Modu baikorrean baloratzen dugu Estrasburgon adostutakoa, eta aurrerapausoa dela deritzogu. Dena den, Nazio Batuen Erakundeak eta gainontzeko nazioarteko eragileek izan dituzten aurrekariak aintzat hartuta, ez dugu etorkizunean modu baikorrean sinesteko arrazoi haundirik.

    «Errefuxiatuen kanpamentu horietan guztietan izana naiz, eta esan behar dut, egoera oso dramatikoa dela».

    Nolakoak dira errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren zure herrikideen bizi baldintzak?
    Kanpamentuetan bizi duten egoera, zinez kaotikoa da. Aljeriako Tinduf hiriaren inguruan, bost errefuxiatu gune daude; eta bertan, orotara, 180.000 saharar inguruk bizirauten dute, egoera oso prekarioan. Janari eta botiken beharra handia da, eta kanpotik iristen denaren menpe bizi dira. Zentzu horretan, garran­tzia haundia du eta asko esker­tzen da, Euskal Herritik eta beste zenbait lekutatik bidal­tzen den era guztietako lagun­tza.
    Hamarkada ugari daramazkigu irtenbide bat bilatu nahian, baina Marokok erakusten duen jarrera zorrotzaren aurrean, zaila da onurak lortzea. Ni neu kanpamentu horietan guztietan izana naiz, eta aski ongi ezagutzen ditut esparru horien nondik norakoak, eta esan behar dut, egoera oso dramatikoa dela. Beroa jasanezina izateaz gain, azpiegitura ezak biziraupenerako itxaropena murrizten du. Gaztea nin­tzenean, errefuxiatu gisa bizi izan nintzen kanpamentuetan, eta ondoren Ku­bara joan nintzen, ikasketak amaitzera. Gerora, berriz ere itzuli nin­tzen Tindufera; fusila hartu, eta Polisarioarekin fron­tean aritu nintzen. Maro­ko eta Mauritaniaren aurka, gerrilla-gerran ibili ginen, eta garaipen garrantzitsuak lortu genituen okupatzaileen aurka.

    Azkenaldian komunikabide ezberdinetan entzun da, gatazka politikoa momentu tirabiratsuan dagoela, eta irtenbiderik aurkitu ezean, Polisarioa armak berriro hartzeko prest dagoela. Zer deritzozu?
    Zalantzarik gabe, egoera leher­tzeko zorian dago, eta aterabiderik aurkitzen ez badugu, gerrara itzuliko gara berriro ere. Sahararren artean aldarri hori gero eta ozenagoa dela ziurta dezaket. Esan bezala, Marokoren jarrera autoritarioari aurre egiteko lanabesak falta zaizkigu, eta nazioarteko eragileak itsu daude arazoaren aurrean. Mendebaldeko Saha­ran, adibidez, okupatzaileek 2700 kilometroko horma eraiki zuten 1980 eta 1986 urteen artean, eta harresi hura pertsonen kontrako minez josi zuten. Gainera, gure herrikideen aurkako erasoak etengabeak izan dira gaurdaino: legez kanpoko atxiloketak, preso politikoen aurkako zigor gogorrak, torturak, erailketak... Egoera hori ikusita, eta 1991an adostutako Bake Akordioan aurrerapausorik eman ez dela ikusirik, bide militarra besterik ez zaigu geratzen. Izan ere, Marokok ez ditu inondik inora bete, bakea lortzeko hartutako konpromisoak. Esaterako, lehenago aipa­tutako harresia eraikitzen jarraitu dute, eta beste adostasun asko ere bortxatu dituzte. Gezurretan eta tranpati aritu dira uneoro. Hori guztia ain­tzat hartuta, esan behar dut ni, pertsonalki, frontera itzultzeko gertu nagoela, nire herria eta herrikideak defendatzeko prest nagoela, alegia.

    Autodeterminazio eskubidea eskuratuko duzuela uste al duzu?
    Noski baietz, ez daukat zalan­tzarik; baina lortzekotan, bo­rroka gogorrari esker izango dela ziur naiz. Esan bezala, estrategia militarra ez dugu inola ere baztertzen. Edozein bitarteko erabiltzeko prest gaude, gure herriaren askatasuna lortzeko. Hala ere, uste dut Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko potentziek, Marokori blokeo ekonomikoa egitea ezinbestekoa dela; eta hori lortzeko, laguntza eta elkartasuna beharko ditugu. Okupatzaileak badaki, erreferendum bat eginez gero, independentziaren aldeko jarrera erabatekoa izango dela. Zentzu horretan, Marokoren estrategia argia da. Mendebaldeko Saha­ran kolonoak sartzen ari dira, ber­tako herritarrekin nahas­teko xedez, eta demografian aldaketak eragin nahian. Hori gutxi ez, eta sahararrak Maro­kora eramaten ari dira, bertan ikasi, lan egin eta asimilatu daitezen. Ziur naiz, beren helburua ez dutela lortuko. Izan ere, kulturalki eta hizkuntzari dagokionez, oso desberdinak gara, eta mundua ulertzeko dugun modua ere diferentea da.

    «Nabaria da gure herriak Marokorekin bizi duen gatazka konpontzeko nazioarteak duen konpromiso falta».

    Esan duzunez, Estatu espainiarrak Marokorekiko izan duen jarrera kolaborazionista izan da. Euskal gizarteak zein posizio hartu duela iruditzen zaizu?
    Estatu espainiarreko Gober­nuak izan duen jarrera, ezin konpara daiteke gizarte zibilak izan duen elkartasunezko jarrerarekin. Gizarte eragile asko gure kausara batu dira, eta beti eman izan diguten laguntza eskertzen dugu, zalantzarik gabe. Gurekin erabat ados daude, eta Moncloan egon diren gobernu ezberdinen izaera atzerakoia salatu izan dute. Beraz, ez da komeni gobernua eta gizarte zibila nahastea.
    Euskaldunei dagokienez, betidanik erakutsi duten el­kartasuna, borrokarako grina eta sahararroi eskaini diguten berotasuna ikaragarria izan da. Hemen inon baino hobeto nagoela aitortu behar dut; izan ere, lagun euskaldun asko egin ditut, eta beti laguntzeko prest agertu zaizkit. Aipagarria da, aldi berean, nire herrikide den Hassana Aaliarekiko euskal gizarteak, eta bereziki Her­na­niko herritarrek, izan duten elkartasuna eta abiatutako kanpaina. Borroka eta alda­rri­kapenaren bidez, helburuak lor daitezkeela frogatu dute, eta horrek guztiak, aurrera jarrai­tzeko indarra eman digu.

    «Euskaldunek betidanik erakutsi duten elkartasuna, borrokarako grina eta sahararroi eskaini diguten berotasuna ikaragarria izan da».

    Zure sendia Mendebaldeko Saharan bizi da. Ba al duzu haiekin harremanik?
    Bai, badut harremana. Nire guraso eta anai-arrebak Smara hirian bizi dira; Mendebaldeko Saharako hirigune nagusienetakoa da. Nire familiakoekin, gutxi gorabehera, hiru egunetik behin hitz egiten dut whatsapp bidez. Hemendik gutxira Afri­kara itzuliko naiz, beraiekin egun batzuk egotera, eta bertan hilabete inguru egoteko asmoa dut. Ondoren, berriz ere Euskal Herrira itzuliko naiz. Egunen batean, beraiekin elkartu nahi nuke Sahara libre batean.

    Janaria emateko azkeneko eguna gaur, 250 kaxa baino gehiago betetzeko

    Herriko supermerkatuetan bilduko dute janaria gaur, aurtengo kanpainan azkeneko aldiz. Dagoeneko, 247 kaxa bildu dituzte, Saharara eramateko.

    Bi hilabeteko kanpainari, gaur emango diote bukaera; eta azkeneko aukera izango da, beraz, Saharako errefuxia­tu­en kanpamenduetarako janaria emateko. Atzo bezala, gaur ere, herriko supermerkatu­e­tan egin­go dute azkeneko bilketa.
    Eskatu dituzte konpresak, lekaleak, pasta, arroza, azu­krea, atuna, olioa, galletak...

    Eskatu dituzte konpresak, pasta, arroza, lekaleak, azukrea, atuna, olioa, galletak...

    Dagoeneko, 247 kaxa beteta
    Aste honetan bertan, orain arte bilduta­koaren errepaso bat egin dute, eta dagoeneko, 247 kaxa zeuden beteta, mota guztietako produktuekin.
    Horrela, konpresekin 39 kaxa bete dituzte; lekaleekin, beste 38 kaxa; pasta eta arro­zarekin, 59na kaxa daude; atunarekin 23 kaxa; olio bo­tilekin 6 kaxa; eta galletekin beste 3 kaxa.
    Eta arropa ere jaso dute, bilketa kanpaina honetan.
    Atzo eta gaur bilduta­ko­a­rekin, beraz, 250 kaxa baino gehiago beteko dira, eta m­i­laka kilo produktu era­man­go dituzte Hernanitik, Sa­harako kanpamenduetara.

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Taxi lizentzia salgai Hernanin, jubilazioagatik.

    Telefonoa: 670012987


  • Pisu bat erosiko nuke, Kaxkoan edo inguruan, igogailuarekin.

    Telefonoa: 664554437


  • Tailer mekanikoa salgai Hernanin. Lizentziak indarrean ditu eta makineria guztia prest. Bezero kartera haundia eta errentagarritasun frogagarria.

    Telefonoa: 656709251


  • Esperientziadun andreak lan egingo luke adinekoak zaindu edota lagun egiten eta garbitasunean. Ordutegia: 11:30-17:00.

    Telefonoa: 654122548


  • Emakumea pertsona helduak egunez edo gauez zaintzeko pronto. Esperiantziaduna eta erreferentziekin.

    Telefonoa: 697866442


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894