2019/01/18
  • Ainara Ortega, estudioko grabaketan, barrez.
    Ainara Ortega, estudioko grabaketan, barrez.
  • elkarrizketa//AINARA ORTEGA

    «Mamia duen musika egin nahi nuen: testuak, moldaketak, instrumentazioa, emozioa…»

  • Pasa den urteko apirilean atera zuen argitara Ainara Ortegak bere lehen bakarkako lana. Hemendik aurrera, telebistan ere ikusiko dugu, ETB1ek asteartean estreinatuko duen ‘Eskamak kentzen’ telesail berrian.

  • HERNANI
    2016/02/20 00:00 Larunbata
  • - IDOIA IGLESIAS IZAGIRRE -

    Herrian aski ezaguna da Ainara Ortega, eta musikari familiatik datorrela badakigu. Gurasoak musikariak izanik, berak ere hala izan behar zuen: «ez dut uste beste erremediorik zegoenik!», dio txan­txetan. Graziarik edo tajurik ez balute, ez zituzten horretara bul­tzatuko: «txikitatik bizitu izan gara musikaren bueltan eta halako erraztasuna edo, ikusiko ziguten Joanari (ahizpa) eta bioi». Beraz, orduko haur guztiak bezala, zazpi urterekin solfeoan hasi, eta amarekin egin zituen bost urteak. Eta bederatzi betetakoan biolin ikasketei ekin zien, hemeretzi urte bitartean.

    Urte askotan aritu zara musikan, profesionalki, eta aurretik lan  ugari eta desberdinetan aritu zara. Nondik etorri zen diskoa grabatzeko ideia?
    Diskoa grabatzea hitz haundiak izan dira niretzako beti, eta ederki kosta zait erabakia har­tzea. Erreferentziak Pablo Mila­nés, Imanol, Elis Regina edota Hermeto Pascoal dituzunean, izugarrizko lana da zer edo zer grabatzeko ausardia ateratzea. Gustuak gustu, mamia duen musika egin nahi nuen, testuak, moldaketak, instrumentazioa, emozioa… Eta horiek denak argi ikusitakoan grabatu nuen nire adiskideen eta Vaiven Produkzioen laguntzaz.

    «Hurrengo kontzertua Donostiako 2016 Jazzaldian izango dugu, dotore, programa ofizialean».

    Musikari askoren ametsa izaten da disko bat grabatzea. Zuk ere bazenuen amets hori? Zer sentitzen da behin hori lortuta?
    Ametsa baino askoz dorre garaiezinagoa zen nire kasu­an, baina nahi izan eta lan eta lan egitea baino beste bidezidorrik ez dago. Sentitu? Esker ona; aldamenean izan ditudanei, bultzaka eta tiraka aritu zaizkidanei, parte hartu nahi izan dutenei eta, batez ere, diskoa erosi dutenei. Herrian jende pila ederrak, gustura aditzen dutela esatea baino mokadu goxoagorik… 

    Zergatik eman diozu Scat izena lanari?
    Musikeneko ikasketak egiten ari nintzenean, adarra jotzen zidaten ikaskideek, inprobisaziorako, scata egiteko nuen afizioa zela eta. Urte batzuetan disimulatu edo despistatzen aritu naiz, baina azkenean beti itzultzen naiz jolastoki ber­tsuetara.  Ahots inprobisaketa gainera, amaigabea eta misteriotsua da beti, zirrikitu be­rriak irekitzen dira behin haritik tiraz gero. Askotan, bukatu eta neronek: Ze tximista izan da hau? (barrez).

    Diskoa entzuteko aukerarik izan ez duenak, zer aurkituko du bertan? Nola definituko zenuke lan hau?
    Jazza da zeharo eta era berean, jendeak, ez dela hain jazza. Entzule bakoitzak jazzaren irudi desberdina du, bitxia da. Batzuk Donostiako Jazzaldian pasioan somatutako edozein talde du gogoan, betiko, edo behin Kursaalean ikusitako kontzertu hura. Musika honek ehun urte baditu eta dozena bat  estilo daude, zutabe ga­rran­tzitsuenak aipatzekotan. Nik swing musika, estandarra eta musika brasildarraren aldera jo dut baina euskal kanta ere bada, gazteleraz neronek sortutakoa ere bai, New Orleans pixka bat, be-bop garaikoa…

    «Musikenen, adarra jotzen zidaten ikaskideek, inprobisaziorako, ‘scat’a egiteko nuen afizioa zela eta».

    Lau hizkuntzatan abestu duzu diskoan: euskera, gaztelania, ingelesa eta portugesa. Jazz estilorako edozein hizkuntza izan daiteke aproposa?
    Ingelesa da jazzik klasikoena kantatzeko gustukoen dudana. Hizkuntza bakoitzak kantaera batera eramaten nau, baina euren artean zubi sendoak eta joan-etorriko noranzkoa dutenak nabari ditut kantuan ari naizenean. Lau hizkuntza ho­riek oso ohikoak ditut musikan eta ezin bakar bat etxean utzi. Gustura aritzen naiz lauretan.

    Diskoan bildutako kanten artean, bi zuk sortutakoak dira. Nola izaten da sortzeko prozesu hori eta nondik datorkizu inspirazioa?
    Aritzea baino inspirazio hoberik ez da! Chopin konposatzailearen nocturno bati ere letra zorrotza egin nion. Jolasa, lana, bilaketa… Denek desberdin esango diote baina orduak egin, egin behar! Inspirazioa edo ideiak edonon ageri dira; hitz arraro batean, egoera batean, bi noten artean eta bizipenetan, noski. Inspirazioz inguratuta gaude eta gero gure aitzakiak daude (barrez).

    Iñaki Salvador, Hasier Oleaga, Javier Mayor, Mikel Andueza eta Baptiste Techer musikariak aritu dira zurekin. Zergatik jo duzu beraiengana?
    Hamar urte egin ditut aurreneko hiru horiekin. Lagun minak eta musikari apartak dira, arrunt jantziak. Andueza eta Techer berriz, kalitate handiko musikariak eta lagunak. Lehe­na irakaslea izan nuen, bigarrena ikaskidea. Zorte haundikoa naiz, sekula ez nukeen nire aurreneko diskoa halako musikariekin imajinatu! 

    «Ni ez naiz sekula musikaz bizitu, eta ez dut inoiz lanbide bakarra izan; horregatik egiten dugu aurrera, bi edo hiru edo lau gauza desberdin uztartzen ditugulako»

    Amaia Zubiriarekin grabatu duzu kantu bat lan honetan, Zure tristura. Zergatik berarekin eta zergatik kantu hori?
    «Kantu honekin, kantatu behar izango ez banu, negar egingo nuke», esan nuen Vic­toria Eu­geniako aurkezpenean. Xabier Lete eta Imanolen kantua, pen­tsa. Nork lagundu behar zidan Amaiak baino goxoago? Baka­rrik abesteko kantu xamurregia, etenerrazegia, gordinegia. Amaia bezalako emakume pus­ka bati laguntza eskatzea bezala izan zen, bizitzan joan-etorri mordoxka bat egina baita, ederki zaildutakoa. Kutixia izan da.

    Noiz izango dugu kontzertu bat ikusteko aukera?
    Hurrengo kontzertua Donos­tia­ko 2016 Jazzaldian izango dugu, dotore, programa ofizialean. Baina uztaila han dago, tokitan. Halakoxea da nire moduko asko eta askoren egoera. Autoproduzitu, autoidatzi, autosaldu, autopromozioa eta autodistribuzioa egin ondoren, panorama zaila edo ia ezinezkoa daukagu. Ni ez naiz sekula musikaz bizitu eta ez dut inoiz lanbide bakarra izan; horregatik egiten dugu aurrera, bi edo hiru edo lau gauza desberdin uztartzen ditugulako. Dirurik ez omen dago erakunde eta udaletan, baina dagoenaren erdia kontzertu edo ekitaldi bakar batean gastatzen da, ikuskizun haundiak, izugarriak eskaintzen dira, milaka watiotakoak edota tabernetako ema­naldi txikiak. Tarteko bi­dea, gehiengoek beteko genu­keen aire kamara hori, desa­gertzekotan ibili da. Turis­moaz esan ohi dugun bezala, urrutiko intxaurrak ikustera bidaia eta gastua ere egiten dugu, eta aldameneko parajeak ez ditugu ezagutzen.

    «‘Eskamak kentzen’ telesailan, zoragarri pasa dugu, baina hala ere, nik eszenatokia eta publikoa aurrez aurre ikustea ez nuke telebistagatik aldatuko»

    Musikan ez ezik, antzerkian ere ibilia zara, eta orain telebistan ere ikusi ahal izango zaitugu. Zer moduzko esperientzia izan da?
    Antzerkian hamar urte egin ditut, konpainia eta antzezlan desberdinak eginez, Vaivenen, Tanttakan…. Hantxe, haurrak jolasgaraian bezalaxe senti­tzen naiz.  Gurasorik gabe eta jostaketetan! Zoragarri pasa dugu eta beste hizkera bat ikasi dut interpretazioaren munduan. Hala ere, nik eszenatokia eta publikoa aurrez aurre ikustea, ez nuke telebistagatik aldatuko, nahiz eta badakidan askorentzat, nire ibilbidea ETB1en Nerea izanez hasiko dela.

    Nola uztartzen dituzu bi gauzak?
    Beste gauza mordo batekin ere uztartu behar izaten dut, bestela ez dago! Lanik ateratzen ez zaidanean, haren zain; muturrak hausten lanean ari garenean, berriz, atsedena iristeko desiatzen. Lanik ez daukagunean ordea, xoxak falta, eta xoxak egiten hasitakoan, denbora falta, haiek gastatzeko. Titiriteroa, komediantea edota musikariaren bizitza halakoxea zen Erdi Aroan, eta ez dakit ba, guk horri buelta emango diogun. %21eko BEZak ere ederki estutu gaitu azken urteotan. Artearekiko maitasunagatik, por amor al arte esaera ez da ez, atsotitz hutsa…

    Hori guztia nahikoa ez, eta Musikari Elkartean ere ari zara lanean.
    Musikari Elkarteko zuzendari­tza batzordekoa naiz, eta bertan ere makina bat lan egin dugu. Besteak beste, gure Jazz Titu­luak egun dituen ezintasunak eta zailtasunak konpon­tzeko lanetan gabiltza bertan, eta aparteko ikasle ohi talde batekin ere bai. Jazza edo mu­sika modernoetarako  irakasleak, klasikoko titulazioa izanda kon­tratatzen ari dira azkenaldian, Euskal Herrian, Sevi­llan, Cáceres, Madrid, Badajoz edota Kanarietan. Ehun orduko ikastaro bat edo merituak paperean aurkeztearekin,  Goi Maila­ko eta Erdi Mailako ikastetxeetan jazz tituludunen lanpostu­ak betetzen ari dira, trikimailuak eta oposaketa majikoak tarteko. Legeak ba­besten ditu une honetan kasu asko, baina Eusko Jaur­laritza eta Goi Mai­la­ko Ikastegi desberdinak bil­tzen hasiak dira egoera honi amaiera emateko. Edozein lanbidetan salatu ohi den intrusismoarekin buka­tzeko ahaleginetan ari gara. Ez daukat aspertzeko asti handirik, ez.
     

    Eskamak kentzeko prest

    Otsailaren 23an estreinatuko da Eskamak ken­tzen telesail berria. La Competencia Producciones eta K2000 ekoiztetxeek ETBrekin elkarlanean ekoitzi dute.
    Kontserba lantegi batean girotutako komedia bat da. Lantegiak hondoa jo eta jabeak ixtea erabakiko du. Baina langileek lantegia erosi eta kooperatiba bat sortuko dute. Denak dituzte erabakiaren aurka, eta zorpetu egingo dira, nahiz eta egoera ekonomiko eskasean egon. 
    Ainara Ortega, Nerearen paperean ikusi ahal izango dugu. Langileetako bat da, bihotz haundikoa eta beti laguntzeko prest dagoena. Aitorren bikotea da, eta bikiak dauzkate.
    Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Itziar Aizpuru, Elena Irureta eta Karmele Larrinaga ditu protagonista telesail berriak, eta hauekin batera, Itziar Atienza, Ramon Agirre, Alberto Berzal, Joseba Apaolaza, Maria Urzelai eta Amaia Irazabal arituko dira.

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Taxi lizentzia salgai Hernanin, jubilazioagatik.

    Telefonoa: 670012987


  • Esperientziadun andreak lan egingo luke adinekoak zaindu edota lagun egiten eta garbitasunean. Ordutegia: 11:30-17:00.

    Telefonoa: 654122548


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Emakumea pertsona helduak egunez edo gauez zaintzeko pronto. Esperiantziaduna eta erreferentziekin.

    Telefonoa: 697866442


  • Tailer mekanikoa salgai Hernanin. Lizentziak indarrean ditu eta makineria guztia prest. Bezero kartera haundia eta errentagarritasun frogagarria.

    Telefonoa: 656709251


  • Pisu bat erosiko nuke, Kaxkoan edo inguruan, igogailuarekin.

    Telefonoa: 664554437