2019/01/18
  • elkarrizketa//

    JOSÉ RAMÓN CHICA - PSE-EEko zerrenda burua

  • HERNANI
    2007/05/19 00:00 Larunbata

  • José Ramón Chica (Hernani. 1969) PSE-EEko zerrenda buru aurkeztuko da datozen udal hauteskundeetan. Hamasei urte daramazki udaletxean PSE-EEko zinegotzi, eta legealdi honetan joango da lehenengoz alkategai. PSE-EEk lau zinegotzi ditu gaur egun, eta lauak mantendu edo gehiago lortzeko esperantza du Alderdi Sozialistak. ´Hernaniko erreferente izaten jarraitzea` izango da beren helburua ´eta herritarren beharrei irtenbidea ematen jarraitzea`.

    Zein da PSE-EEren helburua datozen hauteskundeetarako?
    Gure helburua da erreferente izaten jarraitzea Hernaniko bizitza politikoan, eta herritarren beharrei irtenbidea ematen jarraitzea.


    Gaur egun 4 zinegotzi dituzue Udalean. Zer asmo duzue datorren legealdirako?

    Gutxienez oraingo 4 zinegotziak mantentzea espero dugu eta gure helburua da hobetzea, gutxienez beste zinegotzi bat gehiagorekin.

    Gobernu taldearen eraketan PSE-EE prest egongo litzateke partiduren batekin paktatzeko? Ze partidurekin eta ze baldintzetan?
    Hauteskunde aurretik ez dugu ezer pentsatu eta erabakiko. Paktu bat izatekotan hilaren 28tik aurrera izango litzateke, emaitzak ikusita. Eta oinarria litzateke programan kointzidentziak izatea edo bilatzea, eta inoiz ez poltrona betetzeagatik hitzartzea.

    Ezker Abertzaleko EAE-ANV alderdia hauteskundeetan izango da. Horrek oraingo proportzioak asko aldatu ditzake. Ze irakurketa egiten du PSE-EEk?
    Nik udal talde bezala pentsatzen duguna esango dizut. ANV aukera berri bat da Hernanin, eta bere estatutuetan bi gauza badaude, orain arteko erradikal abertzaleen alderdietatik desberdin egiten dutenak: batetik, autonomistatzat dute beren burua independentistatzat izan beharrean; eta bestetik, biolentziaren erabilera gaitzesten dute. Horrek eskemak hautsi diezazkieke boto emaileei, noraino? Ez dakit. Ongi etorriak izan bitez aukera berri bat diren aldetik, baina ez dakit zer mailatan ordezkatuko duten ezker abertzalearen aukera. Proportzioak noski aldatuko direla, EA eta EAJ aparte joanda bezala.

    Zure hautagaitzaren aurkezpenean azpimarratu zenuen gobernura iritsiz gero behar sozial haundieneko alorretan lan egingo duzuela. Zehaztuko zeniguke?
    Gure programaren barruan garrantzia haundia ematen diogu herritarren bizi baldintzak hobetzeari. Pertsonen baldintzak hobetzea da oinarria eta planteatzen dugu: enplegua sustatzeko programak bultzatzea, lan beharretan eta herritarretan oinarrituta (bere garaian enplegu plan bat aurkeztu genuen, Udaleko kajoiren batean galdu dena, inork ezer esan gabe); etxez etxeko laguntza ikastaroak sortzea jende askoren lan irteera izan liteke; zerbitzu sozialak bultzatzea, eskubide unibertsal diren aldetik, eta ez kendu eta jarri egin litezkeen zerbait bezala (horretarako onartu berri den dependentzia legea dugu, lan egiteko oinarria jarri eta eremu zabala irekiko duena); eta horrez gain garrantzia haundiko beste gai bat etxebizitza publikoena da. Guk etxebizitza publikoa sustatu nahi dugu, lau urteotan ez baita lehengo egitasmoetatik zetozen etxe publikoak besterik egin, eta legez promotore pribatuak egin behar zituztenak. Promozio publikorik ez da egin, eta Sagastian 8 urte galdu dira.

    Azpimarratu zenuen udalean hernaniarren parte hartzea eta gestioa hobetu beharra ere.
    Udaletxera datorren bizilagunak pisu batetik bestera ibili beharrik ez izatea nahi dugu, departamenduz departamendu. Orain hiru urte egin genuen leihatila bakarraren proposamena aurrera eramatea nahi dugu, oraindik hasierako azterketa ere ez baita egin. Denok hitz egiten dugu horretaz, baina ikusten da nork duen benetako gogoa eta nork ez. Bestalde, herritarren eta administrazioaren arteko harremanean teknologia berriak erabiltzea planteatzen dugu, eta ez internet bakarrik, telefono mugikor bidez, TDT telebista bidez... Orain hona etorrita egin behar diren gestio asko etxetik egiteko modua jarri behar da. Eta udaleko web orriaren barruan, ahaztua dagoen herritarrok web orria txertatu, udal taldeek beren proposamenak jartzen dituzten moduan, herritarrek ere berenak jarri ditzaten, agintariek kontuan hartu ahal izateko.

    Arau subsidiarioen proiektu berria Foru Aldundiaren onarpenaren zain dago behin betiko onartzeko. Nola baloratzen du PSE-EEk gai hau? Onartuaz gero bera garatzea izango da 4 urtetako hirigintza helburua?
    Arau subsidiarioak berez ez dira helburu bat, erreminta bat dira. Herriaren garapena da helburua. 8-12 urteko herriaren hazkundea zehazten digu, eta beretan oinarritu beharko dugu.

    Etxebizitza arazoa da herritarrengan buruhauste asko sortzen dituenetako bat. Hernanirako zer proposamen egiten dituzue?
    Legez egokitzen diren babestutako etxebizitzekin bakarrik ez geratzea planteatzen dugu, sustatzea, edo beste instituzio batzuk bultzatzea sustapen horretara. Lurzoruaren Lege berriarekin abanikoa asko zabaltzen da gainera: VPO, tasatuak, Eusko Jaurlaritzak sustatuak, Diputazioak, geronek... Guk lortu dugu udalak diru bat gordetzea lurzorua erosteko, gaur egun ez baitu udalak eraiki litekeen batere lurzorurik. Horrez gain, jendeak hutsik duen etxea alokairuan jartzeko egiten denaren aurkakoa egitea planteatzen dugu: jartzen ez duenari diru zigor bat jarri beharrean, jartzen duenari onurak ematea udal zergetan.

    Arau Subsidiarioen proiektuak arazoari irtenbidea emango diola uste duzue?
    Leku bakoitzean zenbat etxe joango den jartzen dute normek, baina nork eta noiz ez. Gure lana da babestutako etxeen beharra ikustea eta sustatzea. Zaharren Egoitzaren zabaltzea martxan dagoen proiektua da.

    Zer gehiago aurrikusten du PSE-EEk hirugarren adinari dagozkien zerbitzuei begira?
    Iniziatiba asko daude. Lehen esan dudan moduan, zerbitzu sozialak eskubide moduan ulertzen ditugu guk. Planteatzen duguna da bono soziala kentzea, eskubide izaera hori ez baitu betetzen dirua dagoen artean emate horrek. Hori ez da beharra duen bati laguntza ematea. Diru hori etxez etxeko laguntza haunditzen erabili behar da eta kontrol eta kalitate haundiagoa eskainiko ditugu. Eta dependentzia lege berriak aukera asko irekiko ditu eta poliki-poliki indarrean jartzen hasiko gara.

    Eta gainerako zerbitzu sozialei begira?
    Zer behar dauden ikusteko azterketa bat egitea ikusten dugu, eskaera eta eskaintza datuak eguneratzeko: zer behar duen jendeak, zer laguntza jaso ditzakeen, beren egoera nola aldatu den eta abar.

    Gazte batzuek gune bat eta autogestioa eskatu dute eta lehengo udal jangela okupatua daukate kiroldegian. Zer iritzi du PSE-EEk honen gainean?
    Udal jangela zenaren okupazioarekin batere ados ez gaude, besteak beste horren beharrik ez dutelako. Agian, orain urte batzuetako udalak oso bestelako jarrera zuen eta ez zuen inolaz ere ematen lokal bat, eta Paradorean irtenbide moduan ikusi zitekeen okupazioa. Gaur egun, gazte talde honek, nahiz beste edozein taldek, baldintza bakarra behar dute udaletik lokal bat lortzeko: elkarte bat sortzea eta horretarako ia egina dagoen paper bat betetzea. Beste gauza bat da, hori egin nahi ez izatea. Hori eginda izango lukete lokala eta nola gestionatu nahi duten beren esku geratuko litzateke.

    SagardoGunea eta Chillida Leku turismoa erakartzeko zutabeetako bi dira. Udalak sustatzaile izan behar du proiektu hauetan? Ze mailatan?
    Chillida Leku sustatu behar da, Donostia ez, Hernani dela nabarmenduta eta udalak lan egin behar du Chillida Leku Hernanin barneratzeko. SagardoGunea ere turismo erakargune gisa sustatu behar da, baina ezin gara hor bakarrik geratu: hor daukagu Santa Barbarako gotorlekua, aurreproiektu eder bat badago garatu ez dena; horrekin batean landa inguruetako bide sare dotorea daukagu, egoera onean, baina turismo erakargarri gisa ez da saltzen. Jakin behar dugu Donostia dugula ondoan eta egin ezin duguna berekin lehiatzea da, osagarri izan behar dugu. Eta horretarako eskualdea hartu behar da kontuan, herria baino gehiago. Agian beste hotel bat edo batzuk falta dira.

    Udalak badu euskara plan bat. Datuek diotenez, ordea, gehiena gazteleraz funtzionatzen du udalak eta itzulpen zerbitzuari esker euskaratzen da lan hau guztia. Zer iritzi duzu?
    Lehenengoa ikastea da. Hemengo arazoa da tekniko gehienek ez dutela txosten tekniko bat euskeraz egiteko euskera mailarik. Bestetik, eskubideei buruz ari gara hitz egiten eta ezin dira eskubideak behar bihurtu. Badira funtzionario taldeak euskeraz lan egiteko asmoa hartu dutenak eta ondo derizkiot. Gure programan argi jartzen dugu: euskera erabilera herritarren eskubidea da, eta Udalera etortzen denak euskera erabili nahi badu, dena euskeraz egiteko aukera behar du, gazteleraz egin nahi badu bezala. Barruko funtzionamenduan, borondatezkoa da askotan batean edo bestean egitea eta ezin da exigitu. Legeak baitio kanpora doan guztia bi hizkuntzetan joango dela.

    Beste zerbait azpimarratu nahiko zenuke?
    Legealdi honetan partidu guztiek erakutsi dugu elkarbizitza eraman dezakegula aurrera, hitz egin, gure desberdintasunak errespetatu, eta desberdintasun politikoak eztabaidatu, baina eztabaidatu. Errespetatu dugu elkar eta ez dugu tira-birarik izan eta hori herrira ere trasladatu da, herria lasaiagoa da, orain urte batzuetako krispaziorik ez dago. Eta datorren lege-aldian ere hori horrela izatea nahi nuke; nire aldetik sinatzen dut hori.

    Hernaniko zenbait gairi buruz galdezka

    Kiroldegiko instalazioen egoera
    ´Kirol patronatuko lehendakari izan garen guztiok uste dut ezagutzen ditugula bertako 14-15 tuberia kilometroak. Duen arazoa da eskualde mailarako egin zen monstruo bat dela, herrirako geratu dena. Egin zen garaian ez zen kiroldegirik egiten, eta erabiltzen ez den gune asko ditu. Zaharkitua dago eta asko hobetu behar da, eta hobetzen da. Erremedio zaila du, lurzoru asko ez baitugu, berria egiteak dirutza balioko bailuke, eta bat itxi eta bestea ireki beharko litzateke, zer gertatzen da honekin?... Agian egiten hasi behar dugu kirol pista txikiak auzoetan, baina itxiak. Horrela sakabanatuko lirateke kirolak eta hainbesteko garrantzia ez luke izango kiroldegiaren gune horrek. Eta berria egiterakoan aukera emango luke txikiagoa egiteko`.

    300 lagun baino gehiago hartuko dituen kultur aretorik eza

    ´Antzoki bat aipatzean pentsatu behar da zertarako. Hainbeste jende ekarriko duen gauza asko ez da programatzen egun`.

    Herriko trafikoa eta aparkalekuak

    ´Nik 16 urte daramazkit Udalean eta beti izan da arazo bat. Pixka bat konpondu da eta saihesbide guztiak egitean gehiago konponduko da. Baina oso komodoak gara eta edozertarako hartzen dugu kotxea, eta hori aldatu artean arazoa egongo da. Aparkamenduei dagokienez, OTA sistema bat ari gara planteatzen, baina OTA sistema baten oinarria disuasio-aparkamenduak dira eta herri honetan ez daude, Txantxillari ere ezin baitzaio hala deitu. Oinarriak huts egiten du, kotxea utzi eta garraio publikoa hartzeko aukera emango digun aparkamendu bat kanpoan jartzen ez bada. Aparkamendu berriak behar dira`.

    Garraio publikoa
    ´Herri artekoa eta herrikoa daude. Herri artekoa Foru Aldundiaren konpetentzia izan arren, herri barruan egingo duten ibilbidea udalek zehaztu lezakete. Hori egin behar da, zenbait auzotatik pasa arazi autobusak. Herri barruko autobusaren kasuan ez da logikoa auzoen erdietara ez joatea, edo tren apeaderora... zerbitzua zabaltzeko aukera planteatu behar da`.

    Auzoetako urbanizazioak

    ´Urte asko daramazkigu auzoetako urbanizazioak berritzen, baina guk uste dugu lege-aldi honetan egin dena ezin dela egin: auzo bateko urbanizazioa berritzen hasi, lehen fasea prestatu eta bigarren fasea ahaztu, beste auzo batera pasatzeko. Hauteskundeetarako oso ondo egon liteke hori, guztiei zerbait egin diezulako, baina logikoa da behin auzo batean sartzean lan guztiak egitea, hasi eta buka. Eta asko kezkatzen gaituen arazoa Zikuñagakoa da, geroz eta irtenbide zailagoa baitu. Industriaz, bidez eta abarrez inguratua dago, eta herri gunearekin loturarik ez du. Guk elkartzea planteatzen dugu Karabel-Portun egingo den urbanizazio berritik barrena, errioa pasatzeko oinezko pasarela bat eginda. Gainerakoan itotzen ari da`.

    Baserriaren egoera, eta horrekin lotuta, mendi eta ingurumenaren egoera
    ´Baserriak galtzen ez dira ari, konturatzen naiz dibertsifikatzen ari direla eta ondo iruditzen zait, hemen argi baitago: berritu edo hil. Gainera, beren artean antolatuak daude hemen Behemendi bidez eta laguntza asko iristen zaizkie. Horrez gain, landa ingurumeneko bide sarerik onentsuena daukagu hemen... baserria nolabait bizitzeko`.

    arrisku haundiko enpresak.
    ´Udalak konpetentzia haundirik ez du eta Ingurugiro Teknikariaren bidez egin liteke egin litekeena. Hernaniko arrisku haundiko enpresek duten ona da kontrola zorrotza dela; eta enpresa hauek Jaurlaritzaren eskaera guztiei baietz esan diete. Arriskua beti egon liteke, baina oso kontrolatua dela uste dut`.

Iragarki merkeak

  • Taxi lizentzia salgai Hernanin, jubilazioagatik.

    Telefonoa: 670012987


  • Esperientziadun andreak lan egingo luke adinekoak zaindu edota lagun egiten eta garbitasunean. Ordutegia: 11:30-17:00.

    Telefonoa: 654122548


  • Pisu bat erosiko nuke, Kaxkoan edo inguruan, igogailuarekin.

    Telefonoa: 664554437


  • Tailer mekanikoa salgai Hernanin. Lizentziak indarrean ditu eta makineria guztia prest. Bezero kartera haundia eta errentagarritasun frogagarria.

    Telefonoa: 656709251


  • Emakumea pertsona helduak egunez edo gauez zaintzeko pronto. Esperiantziaduna eta erreferentziekin.

    Telefonoa: 697866442


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894