2018/12/12
  • Landarbaso abesbatza eta Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin, ‘Laida Pilota’ ikuskizuneko eszena batean.
    Landarbaso abesbatza eta Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin, ‘Laida Pilota’ ikuskizuneko eszena batean.
  • albistea//LAIDA PILOTA - PIER PAUL BERZAITZ

    «Bertsoa, dantza, pilota... elkarri lotzen ditut»

  • Harritzar batekin jentilak; makilekin batera artzainak; esku soilez hainbat euskaldun edota amerikar; raketarekin emakumeak... Modu askotara jokatu izan da eta jokatzen da oraindik ere pelotan, eta musika, dantza, bertsoekin elkartuta bildu ditu istorio guztiak Pier Paul Berzaitzek, ‘Laida Pilota’ emanaldian. Hernaniarrak ere lagun ditu bertan.  Hazparnen izango dira gaur, 21:00etan.

  • HERNANI
    2018/09/15 00:00 Larunbata
  • Kultura eta kirola batu ditu Pier Paul Berzaitz musikariak Laida Pilota ikuskizunean. Pelota goraipatzeko erabili ditu kantua, dantza edota bertsoa; beti elkarri lotuta sentitu baititu. Eta loturen inguruan asko dauka esateko, pelotak berak. Lotu ditu bi Euskal Herriak, eta baita munduko beste hainbat txoko ere. Horixe egin nahi izan du Berzaitzek berak ikuskizunarekin ere, eta bertan elkartu zaizkio lanera Her­na­nitik, Iosune Marin, Joxan Goikoetxea eta Haritz Ezeiza musikariak, eta Aimar Garaiar dantzaria. Eñaut Agirrek ere ordezkatu du emanaldi batean Xabier Euzkitze bertsolaria.

    Orain arte Iparraldean eman dute ikuskizuna. Gaur Haz­­par­nen ariko dira, 21:00e­tan. Eta Hegoaldera abenduaren 15ean iritsiko dira; Villa­bonara. Tar­tean, Hernanitik pasatzeko go­goa baduela aitortu du.

    Zer litzateke Euskal Herria, pelotarik gabe?
    Egia da orain pixka bat aldatu direla gauzak. Agian mintzo naiz gehienik Iparraldean. Ez dakit zein modutan bizi den pilota Hegoaldean. Pentsa dut profesionalak badirela. Gure herrietan luzaz egon da gauza sozial hori; kirola baino gehiago. Umeek asko jokatzen zuten pilotan. Ez zen beste gauzarik egiteko gure herrietan. Beti pilota. Izan da mugimendu sozial inportantea. Uste dut kulturala ere baietz. Bertsoa, kantua, sentitzen ditut pilotari lotuta. 

    Horregatik egin diozu ‘laida’ edo gorazarre?
    Gorazarre. Laida esaten dugu. Gora pilota! Gora! 

    Kirola baino gehiago dela argi uzten duzu emanaldian; antzerkia, musika, dantza… lotu dituzu.
    Balore asko erabiltzen ditu. Horregatik deitzen genuen plaza gizona, badu zerbait ikusteko. Herriko jaietan beti pilota zen, eta pilota artean, dantza. Egiten zen ikuskizun orokor bat bezala; hori asko maite nuen. Euskal herri guztietan berdintsu zen. Pilota, eliza, bazela lotura handia. Orain aldatu da pixka bat. Orain beste kirol bat da, eta umeek aukera dute eskolatik hasteko; zirkuitu profesionala sortu da. Pilota sartu da beste kirol moduen munduan, eta galdu du, nire iritziz, sozial puntu hori.

    Pena ematen dizu?
    Kristorena. Herrialde batean horrelako gauzak inportanteak direla uste dut. Pilota, dantza... Lehen pilota toki famosoetan ikusten zen. Orain errugbi zelaiak daude eskolako zelaietan. Ezin da hori debekatu. Bizitza horrela dihoa. Baina ustet dut pilotak bideratu duela zerbait garrantzizkoa.  Pilota hedatu da Biarno eta Landesetan, Pirinioetan... Eus­kal Herrian galdu duen ohiar­tzuna, beste toki batzuetan harrapatu du. Badu kulturarekin lotura handia eta horregatik gustatu zait gai hori trata­tzea. Bertsoa dantza, pilota… elkarri lotzen ditut. 

    «Pilota sartu da beste kirol moduen munduan, eta galdu du sozial puntu hori»

    Hainbat istorio harilkatzen dira kontakizunean: jentilak, osaba eta ilobaren arteko harremana, Atharraztarrak elkartearen garaipena, 
    pelotaren ibilbidea Ameriketaraino heldu arte… Horietakoren bat izan al da bizipen propioa?

    Ez dago lotura berezirik. Nahi izan dut kultura eta pilota batu. Atharraztarrak, adibidez, behin dute eraman Euskal Herriko txapelketa Joko garbian, eta izan zen oso garran­tzitsua, eta Etxhaun Irurik egin zuen kantu hori. Horregatik lotura ikusi, eta erakutsi nahi izan dut hori; pilota eta kantua. Jentilekin erakutsi nahi nuen gauza oso xaharra zela pilota. Gero, berrikiago ikusi ditugu artzainak, eta bazuten Urdanka izeneko joko berezia orain arte. Horrela lotu ditut xuberotar dantzariak makilekin eta joko berezia, Urdanka deitzen zena. Kriketa bezalako gauza bat. Gero, sozialki izan dena. Badakit Iratin oraindik badirela aztarnak. XIX. mende arte egiten zuten bota luzea jokoa; errebotaren antzera, jo­tzen dute pixka bat tenisan bezala. Oso trebeak ziren ar­tzainak eta desafioa egiten zuten nafarrekin. Sozial aldetik oso garrantzizkoa zen. Erraza zen pilota jotzea, horma baten kontra edo parez pare. Orain agian, front-bolak ematen du aukera hori. Bada mun­du guztian, sortzen ari da helgarri bat. Gauza ttipia da, gauza gutxiren beharra du, ez da presupuesto handi bat behar. Sorkuntzaren modu berri bat bada, eta pilotaz ar­du­ratzen den jendeak dio, agian, horrek estaliko duela pilota guztia. Oraindik ez dakigu. Eboluzio­nea bada. Aldatzen dira gauzak. Txinan eta Ame­ri­ketan ere ikusten dira umeak horretan. 

    Betiko jokoaren aldekoa zara? Zein lotura izan duzu zuk euskal pelotarekin? 
    Bat ere ez! Ikusi dut eztabaida sortzen zela; Federakuntza pilota tradizionalaren alde, eta beste batzuk uste dute lagundu eta sustatu behar dela berria. Beste batzuk diote dela horriblea. Zenbaitek nahi dute hori sartu txapelketa handietan, eta beste batzuk ez. Eta gogoa izan dut hori aipatzeko. Ez dut egin eztabaida sortzeko. Ez dakit eta ez naiz espezialista. Nik pentsa dut hala ere ona dela, gauzak aldatzen dira, gauza bizia da eta biziaren eboluzioa hala da. Jendeak maite badu jokoa. Badela lagundu. 

    Euskal kulturaren parte dela ezin uka, Iparra eta Hegoaldea ere batu izan ditu; hainbat hernaniar, tartean! Loturak egiteko balio du pelotak?
    Nik pentsa dut hola dela Eus­kal Herria. Egitasmoarekin, ez ba­karrik hitzekin. Hori gauza ttipia da agian. Baina beti izan dut gogoa horrelako sorkun­tzatan bi aldetako artistak par­te  hartzekoa. Garrantzitsua da neretzat. Eta erakusteko, baita ere, bazirela beste joko batzuk: zestarekin bi edo hiru joko diferente baziren, adibidez. Eta Iparralde honetan badira hainbat diziplina ezberdin, eta hori ere ikasi dute. Sentitzen dut gauza ona dela. Eta baita ere, eramaten ditut gazte horiek toki askotara, eta asko maite dut nahastea bi Euskal He­rri­ak; bakarra da, baina bi alderdiko gazteak esan nahi dut. Hori neretzat gauza konkretoa da, eta pilotak permititzen du oso ongi.

    Talde asko elkartu dituzu lanean. Sorkuntza prozesua zailagoa egin du horrek?
    Gauza humano guztietan sor­tzen dira diferentziak. Hori da mundua! Nik ez dut erraiten arazo asko izan direla. Izan du­gu jende konpetentea eta motibatua. Pilotaren gaia Pirinio guztietan garrantzitsua da, eta ematen dio balioa segidan. Gero, hainbeste talderekin, ara­zorik ez dugu ukan. Ba­koi­tzak lana egin du bere txokoan, eta gero elkartzea plazerra izan da. Ez dugu arazorik ukan eta oso pozik nago. 

    «Ikusten dut kultur munduan, gure alderdian, pastoraletan, kantan, dantzan, gaur ez balitz arduradun neska anitz, pentsa dut oso gibelako litzakeela dena.

    Iparraldean ikusi dugu orain arte ‘Laida Pilota’. Hegoaldean ikusiko dugu?
    Azparnen, Miarritzen... Pilotak permititzen du. Nik ez dut maiz jokatu, baina pilotalekuak badira, eta erraz ikusten dute. Hendaian, urtarrileko Bitxintxo festetan; Angelun, martxoan; ez da finkatua oraindik, baina agian Parisen eta Biarnon. Xiberuan ere pentsatu dugu ematea. Hegoal­de­tik ez da izan marketingik. Pilotarien biltzarrak egin du, eta egiazko gauza soziala da eta asko maite dute Pirinio guztietan. Hegoaldean, asmoa badugu, bistan dena! Behin behar dugu Villabonan eman, abenduaren 15ean. Pilota tokia da hura ere. Posible badugu, adibidez, Hernanin, non den erremontea… Bistan da oso pozik ginakeela. Ez da erraza.

    Historiari errepasoa egin eta etorkizunari begira jartzen duzu ikuskizuna. Etorkizuna, emakumeena da?
    Bai. Ez dut nahi izan dadin gaurkotasun klixe gauza oker bat. Ikusi dut partida anitz emakumeek emanik. Ez nuen inoiz ikusi hori. Uste dut gauza oso ona dela. Ikusten dut kultur munduan, gure alderdian, pastoraletan, kantan, dantzan, gaur ez balitz arduradun neska anitz, pentsa dut oso gibelako litzakeela dena. Pentsa dut pilotan izan daitekeela berdin. Kul­tur munduan, dantzan ber­e­ziki, orain Xuberoan, beharrik hor ditugu neska mutilatuak transmisioa egiteko. Hori se­gur naiz ikusi dudalako asko. Eta pilotan ere agian, ez dakit, nola erabiltzen duten raketa edo agian eskuekin, zergatik ez. Pentsatzen dut oso berri ona dela pilotarientzat. Moti­ba­zio aldetik, kultur aldetik ikusten dut motibazio gehiago eta kementsuago. Horregatik egin nahi izan dugu bertsoa, itxaropena ere ezartzeko. Ez bakarrik plazer egiteko. 

    «Nahi nuke Hernani eskertu kantu batekin»

    Lotura haundia dauka Ber­zaitzek Hernanirekin. Joxan Goikoetxearen Aztarna disketxearekin hainbat lan egin ditu: zazpi emakumeren bi­zi­tzetako pasarteetan oinarritutako Maite K., Leteren ome­nez egindako Ezpalete­nak ikuskizun eskultoriko-musiko-poetikoa, bere 50 urteko ibilbidea ospatzeko egindako Egunsentiaren kantak... Ho­rre­la, hainbat artista herna­nia­­rrekin ere aritu da elkarlanean, adibidez, Shakes­pear­en soneto euskeratuak biltzen dituen Zeru Horren Infernuak lanean. 

    Hori guztia medio, herriarekin lotuta eta eskertuta sentitzen dela dio. «Pixkanaka ezagutu dut jende asko. Asko maite dut herri hori eta jendea. Ez dut Euskal Herri dena ezagutzen, baina ez dut ezagutzen hain naturalki eta xumeki mintzo den herririk. Pozten nau, anitz. Euskaraz bizi den tokian bizi da jendea manera batean. Asko gusta­tzen zait. Ez da razionala, baina asko maite dut herri hori. Nahi nuke, egun batez, posible bada Hernani eskertu kantu batekin. Beti positibo sentitzen dut herri hori».

    Joxan Goikoetxea 

    Akordeoi-jole eta musikari hernaniarra; interprete, konposatzaile, moldatzaile eta ekoizlea. Az­tarna ekoiztetxearen sortzailea. ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko irakasle eta egun, zuzendaria.

    Iosune Marin

    Gitarra-jole hernaniarra. ‘Hernani’ Musika Eskolan hasi eta egun, Iruñeko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikaslea. 2010eko Gipuzkoako Kantu Txapelketako irabazlea eta hainbat ikuskizunetan parte hartutakoa.

    Haritz Ezeiza 

    Txistu, dultzaina eta alboka-jole hernaniarra. Musikene, Goi Mailako Musika Kon­tser­­ba­to­ri­oan ikasia. ‘Hernani’ Musika Es­ko­lako irakaslea. ‘Bitartean’ folk musika tal­deko kide eta hainbat proiektutan partaide.

    Aimar Garaiar 

    Dantzari hernaniarra. Hernaniko Ttarla dantza taldeko eta Villabonako Oinkari dantza taldeko kidea. Euskal dantzetan eta koreografia berriekin osatutako ikuskizunetan parte hartutakoa.

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Emakumea lan bila, garbiketan, helduak zaintzen...

    Telefonoa: 609209161


  • LOGIKALINE enpresak BOST TELEOPERADORA LANPOSTU bete behar ditu. Lana Hernanin egiteko da. Kontratua: 6 hilabete, hasteko. Gaztelera eta frantsesa eskatzen dira. Lanaldi osoa. Bidali c.v. rrhh@logikaline.com edo deitu 943 31 86 06

    Telefonoa: 943318606


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Garaje itxia alokatzen da Urbieta kalean.

    Telefonoa: 688651260