2018/11/15
  • albistea//1918KO GRIPEA URUMEAN

    100 urte, 1918ko gripea izan zela

  • Josu Arrieta hernaniarrak egindako azterketaren arabera, 1918ko gripeak Urumea bailaran izan zuen eragina «izugarria» izan zen. Mundu mailan, aldiz, biztanleriaren %1-%1,5 hil zela kalkulatzen da. 

  • HERNANI ARANO GOIZUETA
    2018/09/01 00:00 Larunbata
  • Ehun urte bete dira aurten, 1918ko gripeak mundu osoan gogor jo zuenetik; gaixotasunak Urumea bailarako herrietan izandako eragina aztertu berri du Josu Arrieta hernaniarrak. Eta, hain justu, berak jasotako datuekin osatu du Kronikak erreportaje hau. 

    ‘Espainiar gripea’ ezizenarekin ezaguna
    Arrietak azaltzen duen bezala, «espainiar gripea ezizenarekin pasa da historiara, eta eragin izugarria izan zuen mundu osoan zehar». Dena den, «Es­tatu Batuetan izan zuen jatorria; aurreneko Mundu Ge­rran parte hartzen zuten Estatu Batuetako soldaduek Europan zabaldu zuten, eta gero, handik mundu osora hedatu zen». 

    1918ko udaberrian izan zu­en aurreneko agerraldia, baina udara bukaeratik udazkenera arteko bigarrengoak izan zitu­en «eragin latzenak». 

    Balantze mundiala «ikaragarria» izan zela dio Arrietak, ikertutakoaren arabera, eta «gerrak baino hildako gehiago» utzi zituela. Hain zuzen,  mundu mailan biztanleriaren %1-%1,5 hil zela kalkulatzen da. 
    Urumea bailaran ere, eragina «izugarria» izan zela dio.

    «‘Espainiar gripea’ ezizenarekin pasa da historiara, eta eragin izugarria izan zuen mundu osoan zehar»

    Aurreneko informazioak, Nafarroatik
    La Voz de Guipuzcoa zen garai ho­­­rretan erreferentziazko egun­ka­rietako bat, eta bertan, irailaren 8ra arte ez da gripearen erreferentziarik agertzen. Aurreneko hori, gainera, Nafa­rroatik dator; Iruñeako korrespontsalak Goi­zue­tako egoera azaltzen du. Ber­tan dio 300 gaixo daudela, 8 hildako izan direla bi egunetan, medikua ere gaixotu dela... Arrie­­tak dio «kronikak esajeratu» egiten duela egoera, baina Goizuetan egoera «oso larria» zela (garaiko albiste originala irakurtzeko: www.­kro­nika.eus).

    Aurreneko kronika horrek alarma piztu zuen Euskal He­rriko herrietan, nahiz eta gripea ez den inon aipatzen, eta herri ba­tzuetan neurriak hartu zituzten. Horietako bat izan zen Hernani; neurri gogor bat har­tu zuen herriak, hain zu­zen, Nafarroarekin muga ixtea.

    Urritik aurrera, gai nagusia
    Urriaren hasieratik aurrera, eta hil osoan zehar, hartu zuen garrantzia gaiak La Voz de Guipuzcoa egunkarian. Josu Arrietak adierazi bezala, «he­rrietan dauden gripe kasuak, era­kundeek gripearen epidemiaren aurrean hartzen dituzten neurriak, mugaren kontrolak eta itxierak...» irakurri daitezke. 

     

    Gripea hernanin

    Andre Kalea izan zen Hernanin, kaltetuena

    77 hildako izan ziren 1918ko urrian Hernanin, urte osoko hildakoen erdia; gripeak herrian izandako eraginaren islada da datu hori. Herrian hartutako neurriak ere, gogorrak izan ziren. Horiek guztiak aztertu ditu Arrietak.

    Goizuetako egoeraren berri eduki bezain laster, neurri gogorrak hartu zituen Herna­nik, Udalaren eskutik. Izan ere, Herriko Osasun Batzor­de­aren bitartez, Udala izan zen epi­demia kudeatu zuena.

    Aurreneko bilera, irailean
    Esan bezala, Goizuetatik ze­tozen berriek asko aldatu zu­ten egoera Hernanin; aurretik ‘tifusa’ zena, Nafarroako he­rrialdeko epidemiarekin lotu zuten. Hori ikusita, premiaz­ko bilera deitu zuen Herriko Osasun Batzordeak. Bertan erabaki gogorrak hartu zituz­tela azaltzen du Josu Arrietak, besteak beste: «epidemia sor­tu zuen gaixotasunaren berri izatea, Probintziako Osasun Inspekzioari premiazko abi­sua ematea, mediku azterke­ta egin aurretik Goizuetatik datorren edozein laguni debe­katzea Hernanin sartzea, go­ber­nadoreari berri ematea hartu­tako osasun neurrien zailtasun ekonomiko eta na­turalez, eta Urumeko uraren erabile­ra eta bertan bainatzea debekatzea». 

    Ez ziren, ordea, neurri ba­karrak izan: «bilera berean arbitrioak -jan, edan eta erre­tzeko produktuen sal­neu­rrien gaineko errekar­gu­ak- kobra­tzeko Biterin zeukaten garita Naparralde baserrira erama­tea erabaki zuten, hau da, Nafarroarekin Hernanik duen mugara, bertan, Goizu­etatik zetozen goizuetarrei osasun azterketa egiteko, gai­xo-aztarnak ez dituztenak de­sinfektatzeko eta guardak mu­ga zaintzeko». 
    Horrez gain, desinfekzioak, arropen inguruko neurriak eta gaixoen isolamendu batzuk ere izan ziren garai horretan. 

    Erabaki gehiago, aurrerago
    Behin tifusa baztertuta, gripe­a­ren epidemia diagnostikatu, eta berriro ere bildu zen Herri­ko Osasun Batzordea 1918ko irailaren 17an. Bilera hartan, aurrekoetan ezarritakoekin ja­rraitzeaz gain, erabakitzen dute Probintziako Osasun Ins­pek­zioa­ri beste mediku bat eskatzea, baina Josu Arrieta­ren azterketaren arabera, «ez du onartzen».
    Segidan beste bi bilera egin ziren: irailaren 19an eta urriaren 4an. Azkeneko hone­tan, Arrietaren ikerketaren arabera, «Goizuetako bizila­gun batzuk Hernani bisitatze­ko baimena eskaera» aztertu zuten; epidemia bukatu arte ukatzea erabaki zuten.

    Gripearen bukaera adieraz­ten duena, aldiz, azaroaren 11ko bilera izan zen: «ikusita epidemia guztiz desagertu zela, Gobernadoreari hurrengo ostegunetan ganadu azoka egiteko baimena eskatzea erabaki zen, baita musika  emanaldia hurrengo igandean izatekoa eta astelehenean, eskolak, desin­fek­tatu ondo­ren, berriro ire­kitzekoak ere».

    Andre Kalean, gehienak
    Hildako eta gaixotuak asko eta asko izan ziren Hernanin, Josu Arrietak egindako azter­ke­taren arabera, eta bereziki urrian nabaritu zen hori: «urrian 77 lagun hil ziren Hernanin, gehie­nak gripearen ondorioz». Gainera, dio: «16 eta 50 urte bitartekoen artean, gutxienez, 59 lagun hil ziren. Beste 14 lagunek, 16 urte baino gutxi­ago zituzten». 142 lagun hil ziren 1918; horietatik erdia hil zen urrian zehar.

    Adin-tartea bakarrik ez, herriko auzoen arteko konpa­ra­keta ere egin du Arrietak. Hala, jakin daiteke: Andre Kalean hil zela jende gehien, 16 hildako izan ziren orduko Urumea kalean; Kale Nagu­sian, 11; orduko Lasarten, 6; Portun, 4; Lizeagan, 2; Martin­degi baserrian, 4; Elorrabin,  2; Villa Martinen, 2; Altuna baserrian, 1; eta Argindegin, 1; eta Tximistenean, beste 1. Irubiden, Antziolan, Lastaolan, Okendoenean, eta beste zen­bait baserrietan eta etxeetan ere izan ziren hildakoak. 

     

    Gripea goizuetan

    Aurreneko hildakoa, fiesten bueltan

    Erregistro Zibilean aurkitutakoaren arabera, aurreneko hildakoa abuztuaren 18ean izan zela baieztatzen du Josu Arrietak.

    Goizueta izan zen gripearen aurreneko kasuak izan zitu­en Urumea bailarako herria, datuen arabera. Horrela ba­da, abuztuaren 18an izan zen aurreneko hildakoa, 22 urte­ko emakumea, Josu Arrietak Erregistro Zibilean aurkituta­ko agirien arabera: «Bronco-pneumonia gripala da agiria­ren arabera heriotzaren diag­nos­tikoa». 

    Eta horrek pentsarazi deza­ke nolabait, «birusa jai egunetan herrian zegoela, eta Ama Birjinetako festak ospatzeko bildutako herriko bazter guztietako lagunen artean erraz zabalduko zela».
    Aurretik azaldu bezala, alarmak iraila hasieran piztu ziren, bai Goizuetan, eta baita inguruan ere, La Voz de Gui­puzcoako kronikaren era­ginez, besteak beste.
    Goi­zu­etan Herriko Osasun Ba­tzor­­deak hartu zuen bere gain epidemiaren kudeaketa. Dena den, Udalak ere la­guntza eskaini zuen, batez ere ekonomikoa, Plenoetako ak­tek jasotzen duten bezala.

    Hiru bilera, Osasun Batzordeak
    Beste herrietan bezalaxe, neu­rriak hartu behar izan zituen Goizuetako Herriko Osa­sun Batzordeak. Horreta­rako, hiru bilera egin zituz­ten irailean zehar: irailaren 2an, 3an eta 10ean.
    Aurreneko bileran, era­ba­ki garrantzitsu batzuk hartu zituzten. Aurrenekoa: «bando bat argitaratzea, famili buru bakoitzak etxe aurrea garbitu behar zuela agintzen zuena, eta jasotzen zen zaborra Uda­laren ardura­dunak era­man­go zuela esa­nez, bost pe­zetetako isuna jarriko zitza­iola bete­tzen ez zuenari». Horrez gain, Aranoko prak­tikantearen la­guntza eska­tzea erabaki zen, baita hara­kinari gaixoei elikatzeko adina behi haragiz hor­nitzeko.

    Ordu gutxitan, gripea he­rrian asko hedatu dela iku­sita, bigarren bilera bat deitu zuten hurrengo egunerako. Bertan erabaki zen garaiko Udal idazkaria Iruñean bil­duko zela Gobernadorearekin eta Probin­tziako Osasun Ins­pektorea­rekin, egoeraren la­rritasuna­ren berri eman eta herria bisitatzeko eskaera egiteko. Irailaren 9an egin zuen bisita Gobernadoreak; eta Inspek­toreak hilaren 10eko bileran hartu zuen parte. 

    Hildakoak, bikoiztuta
    1918ko gripearen eragina nola­koa izan zen ikusteko, 1917ko datuekin alderatzen du Arrie­tak: 1917an 14 hildako izan ziren Goizuetan; 1918an, aldiz, 30. Irailean eta urrian izan ziren hildako gehienak, 15 eta 4, hurrenez hurren. Iraileko guztiak, gripeak jota. 

     

    Gripea aranon

    Munduko batez bestekoari segika, Aranon

    Aranoarren %1ari eragin zion gripearen epidemiak 1918an.

    Aranoko datuak biltzea zaila­­goa izan da Josu Arrieta­rentzat, izan ere, «udal ar­txiboan, Aranoko osoko bil­kuren aktetan gripearen epi­demiaren arrastorik ez dago, eta Herriko Osasun Batzor­derik ere, ez zegoen».

    Goizuetako agirietan ikusi bezala, seguraski «Goizueta­rekin medikua partekatuko zuten, eta herrian Osasun praktikantea besterik ez zen egongo», dio Arrietak. 

    Dena den, dio 1918an gripeak herri txiki honetan ere jo zuela: «irailean eta urrian lau hildako utzi zituen: 14 hilabeteko haurra, eta 17, 26 eta 33 urteko hiru gazte». Hori horrela, urte horretako biztanleria 433 lagunekoa zela kontuan har­tuta, «biztanleriaren %1ari» eragin zion. Hortaz, mundu mailan kalkulatutako ehune­ko kopurua. 

     

    Egilea

    Josu Arrieta, erregistroa arakatu duen herritarra

    «Duela urte batzuk» irakurri zuen Arrietak Fernando De Santiago Urquijoren tesia, eta orduan izan zuen 1918ko gripearen berri.

     

    Fernando De Santiago Urqui­jok 1986an idatzitako Historia de la Medicina en la Villa de Hernani tesiari esker izan zuen 1918ko gripearen berri aurrenekoz Josu Arrieta her­naniarrak. «Duela urte ba­tzuk» irakurri zuela onartu dio Kronikari, eta aurreneko ira­kurketa horretatik «Osiñagako datuak bilduta» zeuzkala, «4 hildako izan ziren».

    Baina hortaz aparte «ez nuen ezer egin», onartzen du. «Aurten, ordea, Berrian iraku­rri nuen gripearen inguruko zerbait, eta datuak biltzen hasi nintzen», dio. Eta horiekin, bi txosten entregatu ditu Kroni­kan, herriak gertatutakoaren berri izan dezan. Izan ere, Goizuetako kasuan adierazten duen bezala, «gaur egun, 1918 urteko gripeaz ez dago oroi­menik, ezta kanposantuan ga­rai hartako arrastorik ere. Ehun urte pasa dira, eta tarte horretan, aurreko tragediek txikiak utzi zituzten gertaera franko».

    Agiriak bilatu beharra, datuak osatzeko
    Datu guztiak biltzeko, be­raz, udaletako artxiboak ara­ka­tu behar izan ditu: Herriko Osasun Batzordeetako aktak, Erregistro Zibileko heriotzen  agiriak eta Plenoetako aktetan aurkitu izan ditu datuak.
    Hernaniren kasuan, Pleno­etan aipamen bakarra aurkitu du, eta Herriko Osasun Batzor-deetako aktak desagertuta zeudela konturatu da. Hortaz, De Santiago Urquijoren tesia izan da erreferen­tzia nagusia udaletxean ez zeuden datuak aurkitzeko.

    Beste unibertsitate-lan bat ere erabili du 2016an argita­ratutako Anton Erkorekaren La Pandemia de gripe española en el País Vasco (1918-1919). 

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Emakumea lan bila, garbiketan, helduak zaintzen...

    Telefonoa: 609209161


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894