2018/10/20
  • albistea//HERNANIKO GURE ESKU DAGO

    «Jai giroa izango da protagonista, eta nahi dugu, bakoitzak aukera izatea bere aldarrikapenak egiteko»

  • 19 autobus eta 1.600 lagunetik gora joango dira bihar, Hernani eta Ereñotzutik, egokitu zaien Giza Katearen zatia osatzera: lau kilometro, Aginagatik Oriora. «Herritarron Itunak daukan babesa irudikatu nahi dugu».

  • HERNANI
    2018/06/09 00:00 Larunbata
  • Asko eta asko izan ziren, 1.500 inguru, 2014ko Giza Katean par­­te hartu zuten hernaniarrak, Etxarrenen elkartuta. Eta ordu­an baino gehiago izango dira bihar, egokitu zaien zatia osa­tzera joango diren hernaniar eta ere­ñotzuarrak: 1.600-2.000 la­gun artean espero dituzte, eta gaur ere zabalik egongo da lokala, 11:00etatik 14:00etara, azkeneko izenemateetarako. Lau kilometro beteko dituzte, Aginagatik Oriora.

    Eta hainbeste jende mugi­tzeko, jarriko duten autobus kopurua ere ez da makala: 19 autobus aterako dira Her­na­ni­tik, eta horietako bat Ereño­tzu­ra joango da aurrena. Urbie­ta kaletik Marielutsera ilaran ja­rriko dira autobusak, eta bata bestearen segidan joango dira. Herritarrei, 10:00etan azaltzeko deia luzatu diete, 10:30etan abiatu ahal izateko, beranduenez. Autobus bakoitzak izango du bere kilometro zenbakia eta letra, Giza Katean dagokion kokalekura joateko.

    «Herritarron Ituna da erronka, eta Giza Katean irudikatu nahi dugu, daukan babesa»

    Hernaniko Gure Esku Dagotik, ikusi dute «badagoela interesa» gaiaren inguruan: «duela bost urte Gure Esku Dago sortu, eta hurrengo urtean egin genuen aurreneko Giza Katea; oraingoaren erdia zen, gutxi gorabehera. Eta ikusi genuen, babesa bazeukala erabakitzeko eskubideak. Beraz, hortik aurrera forma ematea tokatzen zen. Ehuntzeak, herri galdeketak... Hernanin 4.000 lagunetik gora gerturatu ziren bozka ematera. Orain, Herritarron Ituna da erronka; eta bide horretan, Giza Katean irudikatu nahi dugu, daukan babesa», azaldu dute Maria Jesus Aizpuruak eta Miren Rekondok.

    Herritarron Itunarekin, ma­hai gainean jarri nahi dituzte 2.019 arrazoi, etorkizuna erabakitzeko. Herriz herri landuko dituzte horiek; Her­na­nin egin zuten topaketan, erabaki­tzeko 80 arrazoi bildu zituzten.

    Giza Kateak, martxoaren 10ean apuntatzeko aurreneko mahaia jarri zutenetik, gero eta indar gehia­go hartu du, eta azkeneko asteotan eman dute izena askok eta askok. Guztien artean, ziurtatuko dute Gure Esku Dagok nahi duen «jai gi­roa, ekimen ireki eta malgu­an, non bakoitzak bere aldarri­ka­penak egiteko aukera izango duen. Aniztasuna da nahi du­gu­na, eta oso talde anitzak izan ditugu laguntzaile». 

    HERNANIARRON 19 ARRAZOI ERABAKITZEKO

    KULTURA
    1. Euskara da nire hizkuntza. Euskaraz bizi nahi dut. Erabakitzeko aukera izanik, nire nahi hau gauzatzeko tresnak izan ditzakedalako. 
    2. Hezkuntza: 0 urtetatik Unibertsitatera. Publikoa, euskalduna, herri eta etorkizun ikuspegia duena.
    3. Etorkinen integrazioa euskaraz.
    4. Bertako kultura ezagutarazteko, eta kultura globalizatzailea alboratzeko.

    HERRITARTASUNA
    5. Euskal Herrikoa sentitzen naizelako. Lurraldea Euskal Herria delako. Ezinbestekoa delako.
    6. Gizarte integratzailea, solidarioa, euskalduna, feminista, ekologista...
    7. Gainerako herriekin dauzkagun harremanak erabaki ahal izateko. Harreman solidarioak, ekonomikoak...
    8. Euskal Errepublika nahi dudalako.
    9. Herri honetan bizi naizenez, bertan erabaki nahi dudalako.
    10. Preso politikorik gabeko jendartea nahi dudalako.
    11. Patriarkala ez den gizartea nahi dut.

    ONGIZATEA
    12. Eredu soziala aldatzeko, etxebizitza, lana, denon eskubidea delako. Irakas­kuntza eta osasungintza publikoaren doakotasuna arriskuan ez jartzeko.
    13. Etorkinen jatorriari uko egin gabe, bertakoen eskubide berberak bermatzeko.
    14. Sektore estrategiko guztien kontrol publikoa berreskuratzeko.
    15. Gure jubilazioak eta pentsioak kudeatu ahal izateko.
    16. Alderdi ahulena (langileak) babestuko duen laneko legedi bat izateko.
    17. Elikadura osasuntsu eta jasangarria bermatzeko.

    GURE LURRA
    18. Gure mendiak zaindu eta babesteko.
    19. Nekazaritza eta arrantza gure herriak kudeatu ahal izateko.

    *Hernanin Herritarron Itunaren inguruan jasotako 80 arrazoietatik aukeratutakoak.

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Emakume arduratsuak helduak zaintzen edota garbitasunean lan egingo luke (etxeak, ofizinak...)

    Telefonoa: 654122548