2018/10/22
  • Luis Gorrotxategi eta Axel gida-txakurra.
    Luis Gorrotxategi eta Axel gida-txakurra.
  • albistea//LUIS GORROTXATEGI

    «Nire begi berriak da ‘Axel’ eta bata besteari egokitzen ari gara lehen egun hauetan»

  • Luis Gorrotxategik gida-txakur berria dauka, Labraniche beltza dotorea, eta familia hezitzaile eta trebatzaile batekin ikasi eta gero Hernanin beste mundu bat ezagutzen ari da ‘Axel’ txakurra.

  • HERNANI
    2018/04/12 00:00 Osteguna
  • PREBENTZIOARI buruz hitz egiten bada, gida-txakurrak dira txapeldunak. ONCEren ara­­bera, «itsu den edo ikus­men-gabezi larria duen per­tsonari lekuz aldatzen lagun­tzeko espreski hezitako txaku­rrak dira», eta pertsona horien «autonomia eta mugikor­ta­suna hobetzen dute».
    Oztopoak an­tze­mateko eta jabeak hori­ekin estropezurik ez egiteko ardura dute animali ho­riek. Euren zentzumen guz­tiak entre­natzen dituzte arris­kuak antzemateko.
    Hernanin Luis Gorro­txa­tegik gida-txakurra aldatu be­rri du eta txakurraren egin beharrak eta bien arteko non­dik nora­koak inork baino ho­beto eza­gutzen ditu. «Aste­bete dara­magu elka­rrekin Axelek eta nik» hori da gida-txakur berriaren izena.
    Orain elkar ulertze proze­suan daude bai Axel eta bai Luis. «Bata besteari egokitzen ari gara, bikotea sortzen. Bi urte dauzka eta bi hilabete dauzkan arte txakurtegian egon da». Euren lana egiteko presta–kun­­tza jasotzen dute. Entre­na­mendu zehatza egin beharra dute: zazpi asterekin hasten dute, eta 18 hilabete bete arte jarraitu; hala ere, behin jabe bati egokitzean, hark jarrai­tzen du presta­kuntzarekin.
    Lehen hilabeteetan, denda, saltoki handi, zinema eta ga­rraio publiko orotara sartzen ohitu behar da animalia. Bi­ga­rren fasean, ikaskuntza zeha­tza hasten da. Bertan ikasten dute arnesa erabiltzen, marra zu­zenaren printzipioa (beti zu­zen joatea, aldatzeko agindua jaso ezean), eta zin­tzarri eta beste oztopoekin zein trafi­koarekin lan egiten.

    «Labrador Retriever, Golden Retriever, Artzai Alemana eta Labraniche erabiltzen dira»
    «Fami­lia hezitzaile batekin egoten dira eta hori oinarrizko epe bat da. Urte eta urte eta erdi egoten dira gutxi gora behera familia horre­kin. Eta gazteak dire­nean, garatzen direnean, sen­do­tasun bat lortzen dute­nean pasatzen dira adiestra­tzai­le edo treba­tzailearen­gana».
    Lan honetarako txakur arraza bat baino gehiago era­biltzen direla dio Luis Gorro­txategik, baina badira batzuk gehiago erabiltzen direnak. «Gehien bat erabi­l­tzen dira Labrador Retriever arrazakoak, gutxiago baino baita ere erabiltzen dira Gol­den Retri­ever, Artzai Ale­man batzuk ere erabiltzen dira eta Axel ez da arraza purua, na­has­keta bat da Labrador eta Cani­che ar­tean. Deitzen zaie Labra­niche. Cani­cheak izan dai­tezke txiki­ak, ertainak eta haundiak eta nahasketa La­bra­­­dor eta Cani­che haun­dia­ren artekoa da».

    «Lasai edo geldi badago baimena eskatu eta ez dago arazorik ukitzeko»
    Gida-txakurrak ezin dira uki­tu, arrazoi xume batengatik, la­nean ari dira eta ez zaie arreta gale­razi behar. Gorrotxategik gida-txakurraren dekalogoa eza­­­­­­­­gutarazi nahi du. «Gizar­te­ari edo herritarrei eskatzen zaiz­kien portaerak dira. Horien artean dago txakurra lanean ari denean ezin dela ukitu edo kasurik egin behar. Zergatik? Despistatu, arreta galdu eta horren ondorioz istripu bat gertatu daitekeelako. Autobu­setan bazegoen lehen notatxoa gidariarekin ezin da hi­tzegin jartzen zuena. Arrazoi bera da».
    Luisen arabera hobe da bai­mena eskatzea. «Ez dago ara­zorik lasai badago eta ukitu eta kasu egin nahi bazaio. Baime­na eskatu eta kitto. Are eta gu­txiago eserita baldin baga­ude. Ka­lean bagaude na­hia­go dut baimena eskatzea eta txa­kurra eserita kontrol­pe­an dago de­na».

    Gida-txakurren dekalogoa dago. Arauetako bat da txakur hauek ezin direla ukitu edo kasurik egin behar. «Despistatu, arreta galdu eta ondorioz istripua gertatu daiteke»

    «‘Xido’ orain urtebete jubilatu zuten zalantzak edukitzen hasi zelako»
    Axel, Luis Gorrotxategik duen hirugarren gida-txakurra da. Baina berak bi zenbatzen ditu. «Lehendabizi bat eduki nuen, baino gaixotu egin zen eta hu­ra oso denbora gutxi eduki nu­en. Bederatzi urtetan Xido edu­ki dut. Orain urtebete jubi­la­tu zuten zalantza batzuk edu­kitzen hasi zelako. Auto­buseta igotzeko esaterako zalan­tza batzuk izan zituen eta trebatzaileak hoberena jubila­tzea zela erabaki zuen».
    Zihurtasuna da baloratzen dena. Luisek ikastaro batzuk egin zituen aurretik, baina ez zuen lortu gustoko bikoterik. «Ez nuen hartu. Azken ikastaro bat egin nuen Axelekin eta biok elkartu gara». Biak elka­rren arteko ikasketa pro­zesu batean daude orain. «Treba­tzai­learekin dagoenean berriz ere familiarengana itzultzen da, beraz familia­rekin izaten duen lotura hori ez du eten. Gero bai, aste batzuk egin ditu txakur­tegian eta orain etorri da Hernanira eta beste mundu bat aurkitu du. Segurtasun falta batekin dago Axel, orain asentatu egin behar du ingu­ruan arrotza egiten zaion guztira. Egia esan oso ongi ari da. Bere portaera oso ona da».
     
    «Harreman afektibo sendoa sortzen da»
    «Axel nire begiak da eta hori da elkartu gaituen funtsa. Berak ikasi du pertsona eramaten eta nik behar det eramango nauen norbait bat. Pertsona lortzea zaila denez, lanpetuak baitzaudete denbora guztian, pertsonak adikor egotea ez da erraza, Axelek hartu du funtzio hori. Txakurra eta ni egun guztian elkarrekin gaude. Jeiki gara, gosaldu dugu, bere egin beharrak egitera atera dut, bilera batera eraman nau, elkarrizketa egitera ere bai, gero pentsionisten kontzen­traziora joango gara... egun guztia egiten dugu elkarrekin eta horrek sortzen du lotura haundia. Ez da bakarrik beha­rra, ematen dizu nola bait esateko laguntasuna eta mai­ta­suna. Harreman afek­tibo sen­doa sortzen da eta hori ez duzunean hutsunea naba­ri­tzen da».  Horregatik nahiz eta Xidok, aurreko gida-txa­ku­rrak, gida lanak ez egin Luis Gorro­txa­tegirekin bizi da. «Guk nahi genuen txakurra gurekin ge­ratzea, baina ez genekien hori posible zen. Eta aukera eman ziguten ONCEkoek ho­rrela izan zedin eta gurekin bizi da». Ez da ahaztu behar txakur hauen jabea ONCE dela.

    «Osasun-baldintza zorrotzak bete behar dituzte»
    Gida-txakurra izateko, anima­liek osasun-baldintza zorro­tza­goak bete behar dituzte. «Muga zehatz batzuk dauzka» dio Gorrotxategik. Adibidez, «ezin du ebakuntza gela batera sartu edo kura gela batera sartu, baina bestela edozein tokira joan daiteke. Txakur ho­riek legez lokal publiko guz­tietara sar dai­tezke, eta urtean behin amorruaren aurkako txertoa jartzen diete, eta aldian-aldian bizkarroiak hil. Gainera, urtean bi­tan, giza­kiari eragin die­zaio­keen gaixo­ta­sunik ez dutela berretsi behar du albaitari batek ziur­tagiri batean». Duda iz­pirik gabe, lan-prebentzio eta higie­nearen txapeldunak dira zakur hauek.
    Seguru poliza bat ere badu edozein kalte sortu baldin ba­du eta hala ere behin kapitulu nahiko desatsegin bat bizi behar izan zuen Luis Gorro­txategik. «Gida-txakurrak da­uz­­­­kan gaitasunak nahiko eza­gunak dira, baina tarteka sor­tzen dira arazoak. Batekin nahi­ko desatsegina izan zen. Salatu egin nuen. Eskatzen zidan txakurra kanpoan uztea eta nik legeak ahalbidetzen didan bezala txakurra nirekin sartuko zela esan nion. Edozein leku publikora, ez pribatura noski, ahalbidetzen du eta dendak leku publikoak dira nahiz eta jabetza pribatua izan. Isuna jarri zioten».  yy

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894