2018/10/22
  • Mertxe, Andone eta Lourdesek beraien kasu pertsonalak kontatuko dituzte.
    Mertxe, Andone eta Lourdesek beraien kasu pertsonalak kontatuko dituzte.
  • albistea//UME LAPURTUAK

    «Eskatzen duguna da ume adoptatuek DNA probak egitea; horrek lagunduko digu jakiten egia»

  • Gurutze potenzatua, ‘barrutik egin gabe jaiotako haurra’ eta ‘ospitalea egingo da
    guztiaren kargu’. Hiru seinale, eta piztu da susmoa: «umea lapurtu zidaten». Beren kasuen berri emango dute asteazkenean 5 senidek, 19:00etan Biterin egingo den mahai-inguruan.

  • HERNANI
    2018/04/07 00:00 Larunbata
  • Duela zazpi edo zortzi bat urte telebistan besteen kasuak en­tzutean piztu zitzaien beti barruan izandako susmoa. Eta horrexegatik atera nahi dituzte argitara beren kasuak ere. «Telebistan ateratzen ez dena ez da existitzen. Badakit semea galduta daukadala. Badakit bere gurasoak, bere familia, bere bizitza dauzkala. Ez naiz hor sartuko. Baina jakin dezala egia zein izan den, ez dudala abandonatu. Eta ez dadila gehiago gertatu».

    Ahizpa, arreba edota semea lapurtu zietela susmoa duten protagonistak beren kasu per­tsonalen berri emateko prest daude. Biterin izango da mahai-ingurua, asteazkenean, 19:00etan.

    1957tik 1989ra arteko kasuak
    Mertxe Aizpurua zumaiarrarena da Biterin hitz egingo dutenen artean kasu zaharrena. «Gogoratzen naiz, umeak gu, esan zigutela ama umea ekar­tzera joan zela Donostiara. Eta handik egun batzuetara etorri zen ama, eta umerik gabe. Eta guk: ‘ama, eta umea?’ ‘Umea hil egin dun. Neska izan dun, neska ederra, baina esan zidaten barrutik egin gabe jaio dunala. Beraiek enkargatu di­tun dena egiteko’. Gehiago ez zen hitz egin etxean ume hartaz. 1957a zen».

    Andone Elizondori (Erren­teria), berriz, «semea lapurtu» zioten, 1983an. «Kotxe istripu bat izan nuen, zazpi hilabeteko haurdun nengoela. Ospita­le­ra­tu ninduten, eta Zainketa Berezien Unitatean (UVI) sartu; eta haurra, ez dakit, inkubadoran-edo. Esnatu nintzenean esan zidaten lasai egoteko, umea ondo zegoela. Eta gero, handik bi egunetara atera ninduten handik, eta galdetzen hasi, eta esan zidaten umea hil egin zela. Anaiari erakutsi zioten haur bat, hila. Esan zidaten kolpe bat zuela buruan, istripuagatik, eta derrame bat izan zuela; hobe zela hiltzea, bestela gaizki geratuko zelako. Lasai egoteko, eta denaren kar­gu egingo zirela, pentsatzeko gaztea nintzela, pentsatzeko aborto bat izan zela, eta kitto. Egoera txar batean nengoen, eta aurreneko gauza nahi nue­na zen, hura guztia gainditu eta aurrera jarraitu».

    «Susmoa izanez gero, lehenengo ospitalera joan, pazienteentzako arreta zerbitzura. Gero, Polloera. Azkenik, Erregistro Zibilera. Horrela ikusi daiteke zein kontraesan dauden, haurra Polloen ote dagoen, eta gero, erregistratuta ote dagoen»


    Kasu berriena Lourdes Ocariz donostiarrarena da, 1989koa. «Esan zidaten umea jaio zela hilda, eta sinetsi egiten duzu. Baina nire kasuan, gauza arraro asko zegoen. Egun hartan hasi nintzen odoletan, eta joan nintzen ospitalera. Lehenik eta behin ekografia egin zidaten. Umea bizirik zegoen. Eguerdian. Gero, bazkaria eman zidaten, eta ondoren, monitorizazioa jarri zidaten; umea bizirik zegoen. Odoletan jarraitzen nuen, baina paperetan jartzen zuen ‘metroragia mayor que una regla zela neukana; ez hemorragia haundirik. Baina ilun­tzeko zortzirak aldera, zesarea bat egin behar zidatela esan zidaten, urgentziaz. Esnatu nintzen gelan, beste emakume batekin eta haren haurrarekin. Normalean, aborto eta horrelako kasuetan aparte jartzen zaituzte. Horregatik, uste izan nuen umea nirea zela. Gero konturatzen zara ez dagoela umerik. Galdetu nuen zer gertatu zen, eta esan zidaten arnas gutxiegitasuna izan zela arrazoia. Gero, ginekologoari galdetu, eta esan zidan plazenta prebioa izan zela. Baina paperetan jartzen du ‘no desprendimiento de placenta’. Kontraesanak daude. Bestalde, hurrengo egunean erizain bat etorri zen; ‘vengo a pinchar el talón al niño’. Agian hankasartze bat besterik ez zen izan, baina... Eta gero, galdetu ziguten ea inzineratuko genuen umea han, beraiek egingo zirela denaren kargu. Ohiko esaldia izaten da hori. Erraza jar­tzen dizute; momentu emozional delikatuan harrapatzen zaituzte. Han utzi genuen».

    Momentuan bere horretan utzi zuten kontua hiru famili­ek. Baina denei antzeko mo­men­tuan piztu zitzaien ba­rruan lokartuta gordetako susmoa: komunikabideetan beste kasu batzuen berri jakitean.

    ‘Barrutik egin gabe jaiotako haurra’
    «Orain zortzi urte telebista ikusten ari nintzela, Anda­lu­zi­a­ko talde bat azaldu zen ume la­purtuen gaiarekin», gogora­tzen du Mertxek. «Batek esan zuen: ‘me dijeron que había nacido incompleto por dentro’. Eta flash moduko bat izan nuen. Dena gogoratu nuen. Eta pen­tstau nuen: ‘hara! Eta amari hori egin bazioten?’».

    Orduan mugitzen ari zen Anadir elkartera deitu zuen. «Abortuen paper-sortaren bila hasi nintzen (legajo de abortos: 24 ordu baino gutxiago bizi izan den umearen kasuan egiten den papera; bestela, herio­tza-akta egiten da). Do­nos­tiako erregistroan, ez zegoela. Zu­ma­ia­koa izanik, agian Eibarren egon zitekeela-eta, hara. Baina ezta ere. Zumaian, ere ez. Ezta Tolosan ere. Handik aurrera mugimenduan sartu nintzen, eta SOS Bebés Robados elkartean hasi. Hor ezagutu genuen elkar. Gero,  idatziak egin ni­tu­en galdezka, Foru Aldun­dira, Artxibo Oroko­rre­ra; Jose Maria Urkia Etxabe, Cien años de medicina en Gipuzkoa (1899-1999) liburuaren egileari; Itxaso Martin, Diputaziokoari; Polloe­ra; Europako Administrazio Arloko nagusiari, Madrilera... Inon ez dakite ezer».

    ANDONE:
    «Mugitzen hasi nintzenean lotsa ematen zidan. Esaten nuen hil egin zela. Orain ez; orain esaten dut lapurtu egin zidatela, ez baitago Polloen. Desagertua dago»
    LOURDES:
    «Nik ez dut esaten. Pentsatzen dut, baina ez dut esaten»
     

    Eta duda sortzen da orduan. «Ezer ez nuenez, pentsatu nu­en ez ote zen ahizpa benetan hil. DNA probak egin nituen hala ere, eta azaldu nintzen telebistan eta egunkarietan deklarazio batzuk egiten. Or­duan, gure kaleko bizilagunak hots egin zidan esanez nirekin hitz egin nahi zuela. Esan zidan: ‘gure ama jun hunan hire amarekin. Gure amak ikusi zinan neska koskorra, eta etorri hunan esanez: ‘Ze neska koskorra izan duen Mercedesek!’ Hurrengo egunean hil egin zala-eta, ‘Je­sus! Ez zinan ematen ba, neska koskor harek ezer ere zeukanik’. Titulurik gabeko herrietako emagina zen haren ama. Ho­rrek segurtasuna eman zidan baietz, ahizpa on­do ikusi zuela. Abokatu batekin hitz egin nuen Madrilen, eta esan zidan testigantza horrek balio zuela, eta notarioaren aurrean jasotzeko. Hortik aurrera, ez daukat besterik!».

    ‘Ospitalea egingo da guztiaren kargu’
    Telebista ikusten mugitu zi­tzaion barrua Andoneri ere. «Semea eta biok telebista ikusten ari ginela, beste kasu ba­tzuen berri izan genuen, eta atentzioa eman zidan esaldiak: ‘el hospital se hace cargo de todo’. Niri ere horixe esan zidaten. Semea hasi zitzaidan galdezka, ea haurra ikusi nuen, ea Polloera joan ote nintzen... Zioen nire kasua, istripu bat tartean izanda, erraza zela koartada moduan erabiltzeko. Momentuan esan nion semeari ez nuela pentsatu nahi semea lapurtu zidatenik; oso gogorra da. Baina buruari bueltaka hasi nintzen, eta Polloera joan nintzen. Sorpresa hartu nuen, bertan ez baitzegoen. Oso urduri jarri nintzen. Bertakoak esan zidan jende asko joaten zela galdezka. Erregistrora ere joan nin­tzen eta paperak eskatu nitu­en. Duda pila bat sortu zitzaidan, eta elkartera deitu nuen. Ospitalean historiala eskatu eta gero erregistrotik paper guztiak ateratzeko esan zidaten. Eta irregulartasun piloa aurkitu nuen. Ospitaleratze paperean jartzen du haurra hilaren 22an jaio zela, eta hiru egunetara hil zela, baina 24an deitu ziguten guri, goizeko 06:00etan, haurra hil zela esanez. Gero, hilaren 25ean berriro ingresatu zutela. Gero, abortuen paper-sortak dio jaio baino lehen hil zela. Baina istripua izan nuenez, epaiketa izan nuen, eta sendagilearen deklarazioa daukat, esaten duena haurra 31 orduz bizirik egon zela. Orduan, nondik atera ziren abortuen paper-sortak? Horien bi kopia dauzkat gainera, erregistrokoa eta ospitalekoa; biak, anaiak sinatuak, baina ez du gogoratzen bi sinatu izana, eta abokatuak ere itxura hartu dio, faltsutu egin ote den... Baina hori guztiaz gain, badaukat beste sendagile baten deklarazioa, esaten duena haurra 50 orduz egon zela bizirik, eta beste bat, 48 orduz bizi izan zela dioena. Eta Ocaso aseguruko faktura, haurra Polloera eramateagatik, eta Polloeko papera, jar­tzen duena haurra ez dagoela han. Gotzaindegian ere ez dago. Desagertua dago».

    «Beldurra daukagu, etorkinekin gauza bera egingo ote duten»

    «Ospitaleratze paperetan agertzen da gurutze potenzatua»
    «Ospitaleak ez ziren kargu egiten. Ez dira inor. Ehorztetxera deitu behar duzu. Baina momentuan ez duzu dudan jartzen sendagilearen hitza», gehitu du Lourdesek.
    Egunkarietan orain 6-7 urte irakurritakoak mugiarazi zuen Lourdes. «Bere familia aurkitu zuen mutil bat zen, ume lapurtuen kasu bat. Ospitalera joan nintzen historiala eskatzera. Lehenengo txandan batzuk, eta gero beste batzuk. Izan ere, paperetan jartzen du senarrak ez zuela baimenik eman autopsia egiteko, eta asko harritzen gaitu. Inzinerazio paperak es­ka­tzean, administraziokoak esaten zidan ez zela posible, fetoak kilo erdi baino gehiago eta 3-4 hilabete baino gehiago badauzka, ezin dutela bertan inzineratu. Bainan nire haurra 35 astekoa zen, eta bi kilo eta erdi zeuzkan! Ospitaleratze paperean jartzen du. Eta ager­tzen da gurutze potenzatua (lau T ma­ius­kula elkartuta sortua). Sa­la­keta jarri dugunon ia guztiek daukagu ikur hori. Normalean, ospitaleratze paperean agertzen da: sartu bezala ari dira esaten ume gabe aterako zarela».

    Gotzaindegira ere jo zuen. «Matronak esan zigun ez zekiela zein ziren gure sinesmenak, eta bataiatu egin zuela umea. Ospitaleko elizan ez zegoen ezer, eta Gotzaindegian esan zidaten urte hartako libururik ere ez zegoela. Abortuen paper-sorta ere ez dago, ezta erregistroan ere. Hori izan zen martxan jartzera bultzatu ninduen pizgarria. Elkartera jo eta baietz, salaketa jartzeko esan zidaten. Salaketa jarri eta hurrengo egunerako kasua itxita zegoen, ‘delitu-proba falta’ medio. Beste kasu ba­tzuetan ikertu egin da. Nire kasuan, ezta hori ere».

    Eta orain, zer egin?
    Kasu etsigarriak dirudite. Baina ez Mertxe, Andone eta Lourdes, eta ezta asteazkenean mahai-inguruan izango diren beste bi senideak ere, ez daude etsitzeko prest, nahiz eta askotan, «lotsa, isiltasuna», sufritu.

    «Zama hori kendu dut gainetik», aitortu du Andonek. «Mu­gitzen hasi nintzenean lo­tsa ematen zidan. Esaten nuen hil egin zela. Orain ez; orain esaten dut lapurtu egin zidatela, ez baitago Polloen. Desagertua dago». Lourdesi gehiago kostatazen zaio. «Nik ez dut esaten. Pen­tsa­tzen dut, baina ez dut esaten».

    Argi daukatena da, gaia za­bal­du behar dela. «Ez da kasu bat edo bi», dio Mertxek. «Gi­puzkoan bakarrik 300dik go­ra dira. Eta Gobernua, ze lasai! Eta alderdi po­litikoak ere bai! Eta emakume mugimenduak ere... Ama bati umea kentzea ez al da biolen­tzia? Ez da inor etorri galdetzera».

    Beraz, bi gauza eskatu eta go­men­datzen dituzte. Batetik, «umea lapurtu diotela susmoa iza­nez gero, lehenengo ospitalera joan, pazienteentzako arreta zerbi­tzura. Gero, Polloera. Gero, Erre­gis­tro Zibilera. Ho­rre­la ikusi daiteke zein kontraesan dauden, haurra Polloen ote dagoen, eta gero, erregistratuta ote dagoen». Bestetik, mezu bat argi zabaltzen dute: «Eskatzen duguna da ume adoptatuek DNA probak egitea; horrela lagunduko digu jakiten egia». Horrekin lotuta, hala ere, badute beste eskaera bat: «DNA banku bakarra eta kontrolatua». Izan ere, egun, laborategi bakoi­tzak berea dauka, eta beraz, koinzidentziak bilatzea zaila da. Gainera, laborategi horien atzean zein dauden ere, «ez da ka­sua­litatea», kaltetuen esanetan. «Fran­kis­moa­­ren mar­ko horretan zebiltzanek segurtasuna zu­ten, ez zi­tzaiela ezer gertatuko...». Eta orain horrelakoak ger­ta­tzea zailagoa dela uste badute ere, badute beste kezkarik. «Bel­durra daukagu etorkinekin gau­za bera egingo ote duten. Paperik ez dute, eta haurra hil eta denaren kargu egingo direla esaten diete. Eskertu ere egingo dute! Ho­rre­ga­tik atera nahi dugu kalera, ez gehiago gertatzeko», diote irmo. «Ho­nekin lor­tzen badugu gehiago ez la­pur­tzea, gai­tzerdi; gureak dagoeneko galdu dira. Eta ‘la­pur­tu’ esaten dugu, Polloen ez dau­delako. Ez dakigu non dauden».

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894