2018/04/19
  • Hargibeleko mairu-baratza.
    Hargibeleko mairu-baratza.
  • albistea// TONTORREZ TONTOR

    Elizondo-Urkiagako Mendatea

  • GR-11 bidearen hirugarren etapa egiteko proposatu du Mendiriz Mendik, urtarilarren 14rako. 

  • HERNANI
    2018/01/06 00:00 Larunbata
  • Mendiriz mendi

    Pirinioetako bidea den GR-11 bidearen hirugarren etapa honen luzera ez da oso handia eta igoera nahi­ko modu progresiboan egiten denez mendian ohituta dauden guztientzat aproposa dela esan daiteke. Seina­leztapena ona da, baina lainoarekin etaparen goiko aldean orientatzeko arazoak egon daitezke. Herri batean ez denez amai­tzen, derrigorrez kotxe edo autobus baten beharra duen etapa da. 

    Gauza interesgarriak
    Kintoko oihana Nafarroako ipar-mendebaldean dagoen pa­gadia da. Baztan, Erro, Es­teribar eta Aldude ibarrek gune natural honen jabetza partekatzen dute. Nafarroako baso zabalenetako bat da. Adi mendia buru duela, paraje zabal honek bazter paregabeak gordetzen ditu. Historia handiko lekua da. Ohian honen izena Erdi Arotik datorkigu. Erdi Aro­an Nafa­rroako erregeari ba­soek eta larreek emandako ekoiz­penetik bostena ordaintzen zi­tzaion zerga bezala. Hortik datorkio Kintoa izena oihanari.
    Bazter honetako aberastasun naturala animalien eta landareen aniztasuna da. Animalia espezie guztien artean, Kintoko zeruan nagusi dira usoak, belatz handiak eta sai arreak. Lurrean, ordea, oreinak, orka­tzak eta basurdeak nagusitzen dira. Udara amaieran eta udazkenaren hasieran  oreinek marru-aldia izaten dute eta basoa soinuz betetzen da.   
    Kintoko beste ezaugarrienetako bat da bere ur gardeneko iturburu eta ibai ugariak dira. Ibai horiek Eugiko urtegia hornitzen dute eta honek Iruña. Urtegi horren hondoan daude Eugiko garai bateko arma fabrikako hondakinak. 
    Halere, Orbaitzetakoa baino modernoago den beste baten hondakinak Kintoko basoaren bihotz-bihotzean aurkitzen di­ra.  Ola hori XVI. mendean eraiki zuten eta kanoietarako balak eta tamaina txikiko armak ekoizten zituen. Mende bat geroago, bere baliabideak agortu zituenean, ateak itxi zituen. Orduan Orbaitzetakoa eraiki zuten. Gaur egun, garai hartako lekuko mutu gisa, horma eta arku batzuk besterik ez dira geratzen.. 


    Ibilbidearen deskribapena
    Santiago elizaren inguruan aurkituko ditugu lehen marka gorri-zuriak. Asfaltatutako pis­ta batetik hasten da bidea, bai­na berehala pista utzi eta bere es­kuinean dagoen bidezidor ba­tetik egin behar da gora. Borda baten parean berriro pistarekin aurkitzen gara. Es­kui­nean geratzen den bidezidorretik jarraitu behar da. Zertxobait aurrerago iturria aurkituko du­gu. Aurrerago bideak gogor egiten du gora. Pista zeharkatu eta pagadi barrutik Urkitza gailurraren ekialdeko magaletik Urbillo leporaino igotzen ja­rraitu behar da Larrabeltzeko Haitzak eta Alba gailurren artean dagoen lepo honetan iturria, mahaiak eta sua egiteko tokia aurkituko ditugu. 
    Bertatik, bidetik zertxobait desbideratuz, Alba igotzeko au­ke­ra dago. Etapako desnibela apur bat gehitzen da, baina lu­zeran zertxobait laburragoa egiten da eta, egun argiarekin, gailurretik bistak zoragarriak dira.
    Alba igotzeko asmorik ez ba­da, bere ipar aldetik inguratu eta Hargibel lepora hurbildu be­har da. Bertan izen bereko mai­ru-baratza dago. Hesiari jarraituz hego aldera egin behar da. Bideak hezegune bat duen lepora jaisten gaitu. Bertan borda bat aurkituko dugu, mahaia eta iturriarekin.
    Bideak berriro gora egiten du Lohiluzeko leporaino. On­doren, ia altuera galdu gabe, Argintzu eta Iparraldeko Kaskoa gailurren azpitik, eki aldetik, igaroko gara eta Buztanberroko lepora iritsi. Artsal gailurra bere eki aldetik inguratu eta Zaguako lepora jaitsi behar da.  Hemen norabidez aldatu eta ezkerrera, ipar aldera, egin behar da eta Ur­kiaga lepora jaisten hasi. Pagadi batean sartzen da bidea eta ordu laurden batean bidearen amaiera den Urkiaga mendatean izango gara. 

     

    Datu interesgarriak

    GR-11ren HIRUGARREN ETAPA:
    ELIZONDO-URKIAGAKO MENDATEA
    -Non kokatzen da: Nafarroa Garaian Iparraldean.
    -Luzera: 18 km
    -Denbora: 6 ordu
    -Desnibel metatua: 1.100m gorantz eta 350 m beherantz.
    -Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
    -Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
    -Mendiriz Mendik: Urtarrilaren 14an egingo du irteera hau.

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894