2017/12/18
  • Bingen Zupiria sailburua Etxepare Institutuak Tabakaleran daukan bulegoan, Donostian.
    Bingen Zupiria sailburua Etxepare Institutuak Tabakaleran daukan bulegoan, Donostian.
  • albistea//BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI  EUSKO JAURLARITZAKO HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILBURUA

    «Ni eskolan hasi nintzenean, euskeraz ikasteko modu bakarra zen Urumea ikastolara joatea»

  • Urtebete beteko du asteartean Bingen Zupiria Gorostidi hernaniarrak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura saileko sailburu gisa. Tarte honetan ikusi eta ikasitakoaz, eta sailak hemendik aurrera dauzkan asmoen inguruan aritu da Kronikarekin Etxepare Institutuak Tabakaleran duen bulegoan.

  • HERNANI
    2017/11/25 00:00 Larunbata
  • Deiako zuzendari izatetik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu izatera. Nolatan eman zenuen salto hau duela urtebete?
    Inbestidurarako bozketa eta ez­tabaida egunean, Lehen­da­ka­riak bere hi­tzaldia bukatu zuenean, telefonoz deitu zidan eta esan zidan nirekin egon beharra zeukala. Ni goiz hartan negoen Radio Euskadiko tertulia batean eta bukatu nuenean saioa, hurbildu nintzen Lehendakaritzara. Aurreko le­ge­­gintzaldian Kultu­raren arloa Hezkuntza­rekin batera egon zen sail batean, baina hari iruditzen zitzaion Gober­nuaren ekintza eta jarduna eta baita ikasturtea indartzeko ere, komeni zela berriro nortasun berezia ematea Kultura eta Hizkuntza Politikari. Proposa­mena egin zidan, eta berehala eman nion baiezkoa.

    Ia urtebete daramakizu postu horretan. Zein balorazio egiten duzu tarte honetaz?
    Aukera eman dit gertuagotik eta modu zehatzagoan ezagu­tzeko zer mugitzen den gure au­tonomia erkidegoan kultu­raren eta hizkuntzaren arloetan. Bereziki atentzioa eman dit kulturaren arloan zenbat ekimen dauden maila guztietan; erakundeetatik gau­za as­ko bultzatzen dira, baina gizartean oso txertatuta dauden eta oso bizirik dauden talde, elkarte, eragile eta ekimenak ere badaude. Aberas­ta­sun eta ba­riedade haundi bat dago; gauza txikiak dira, eta jendeak harrotasunez bizi ditu eta egiten ditu. Neurri batean, gauza bera gertatzen da hizkuntzaren arloan.

    Hori ikusita, zein dira zuen asmoak aurrera begira?
    Kulturari dagokionez, helburu garrantzitsu bat da sorkuntzaren munduan dagoen jendeari atentzio berezia eskaintzea; ho­ri­en­gandik gertu egotea eta ipi­ni daitezkeen baliabideak ipin­tzea ekintza horiek sendotzeko.
    Era berean, oso inportantea da kontuan hartzea kateak bere azkeneko begian daukala publikoa, alegia, egiten diren sorkuntza horiek bilatzen dute publikoarengan eragin bat edukitzea. Eta harreman hori, batzuetan, urruti edo hotz xamar dagoela ikusten dugu.  Horregatik, guretzat inportantea da hurbiltasun hori lortzea sortzaile, produktu eta publikoen artean eta ahal den neurrian, kultur ekintzen eta kultur produktuen kontsumoa haun­ditzea. 
    Azkenik, Donostian gaude, Her­naniren ondoan; agintaldi ho­netarako, in­portantea da eus­kaldunentzat garrantzi­tsu­ak diren Do­nos­tiako Zinemal­dia, Musika Hamabostaldia... eta horien moduko gertakizunak indar­tzea. Horrez gain, etxe honek, Tabakalerak, baditu erronka batzuk eta aberasteko eta indartsuagoa egiteko, Do­nos­tiako Udalak, Gipuzkoa­ko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin ahalegin bat egin beharko genuke.

    Aipatu dituzu proiektu batzuk Donostian daudenak; batzuetan badirudi herriak pixka bat aparte geratzen direla. Kultura nola sustatu daiteke gureak bezalako herrietan?
    Ez dugu ondo egiten Tabaka­lera, Zinemaldia edo Hama­bos­taldia gauza donostiar be­za­la ikusten dugunean. Nire­tzako, hirurak dira nazio pro­iek­tuak, Bilboko Guggenheim den bezala. Gero, egoitza izango dute toki batean edo bestean, baina daukate euskaldun guz­­tiontzat izateko bokazioa. Hori ondo azaltzeko diskurtso bat egin behar dugu, alegia, Do­nostiako Zinemaldia ez da donostiarrentzako gauza bat, da euskaldunontzako gauza bat eta euskaldun bezala jar­tzen gaitu munduan. 
    Dena den, egia da hiriburuetan da­go­en kultura-eskain­tza, hiru lurraldeetan, zabalagoa eta aberatsagoa dela herri­e­ta­koa baino. Erakun­deon egin­kizuna da sortuta dauden kultura-produktu hori­ei bideak eta aukerak ematea, herrietan kon­­­­tsumo horiek gertatu daitezen. Horretan ahalegin haun­dia egiten dute bai Udalek, baita Foru Aldundiek ere. 

    «Aukera eman dit gertuagotik eta modu zehatzagoan ezagu­tzeko zer mugitzen den gure au­tonomia erkidegoan kultu­raren eta hizkuntzaren arloetan»

    Kulturari dagokionez, Hernanin bertan, badago gai polemiko bat: Txillida Lekukoa. Zein puntutan dago gaia momentu honetan?
    Hau hernaniar bezala aitortuko dut eta agian batzuei ez zaie gustatuko, baina beti atentzioa eman dit ze interes gutxi agertu duen Hernaniko herriak Txillida Lekurekiko. Nik uste dut Txillidak planteatu zuenean han, bere baserrian, bere egoitza hura sortzea, herrian hotz xamar agertu zela jendea. Txillida Lekuren inguruan pro­iektu indartsuago bat sortzeko, ez dut sumatu nik jendearen aldetik berotasun haundirik. Horrek ere ematen du zer pen­tsatua, proiektu hauek behar du­telako gertuen daudenen eta bertakoak direnen be­rotasuna eta konplizitatea; ez dut hori ikusi, eta pena ematen dit horrek.
    Eta Txillida Lekuri dagokionez, momentu honetan proiek­tua geldirik dago; ez da lortu erakundeen artean Txilli­da Le­kuren inguruko proiektua au­rre­ra ateratzea, eta ez dut ikus­ten momentu honetan mo­­durik hori aurrera ateratzeko. Orain, aukeraren bat balego, Jaur­la­ri­tza prest egongo li­tzateke az­ter­tzeko eta bultzatzeko. 

    «Beti atentzioa eman dit ze interes gutxi agertu duen Hernaniko herriak Txillida Lekurekiko»

    Hitz egin duzu pixka bat kulturaren eta publikoaren arteko harremanaz. Plazaratu duzuenez, harreman zuzena izan duzue kultura sortzaileekin; zer diote haiek beren egoeraz?
    Askok eta askok aipatzen dutena da ekonomiaren ikuspuntutik krisia egon den aurreko ia hamar urte luze hauetan gu­re inguruan, toki gehienetan mu­rriztu egin dira modu gogorrean gainera, kulturarako era­biltzen diren diru-lagun­tzak, eta sortzaile hauek esaten dute murrizketa horiek he­men askoz ere txikiagoak izan direla, eta horrek posible egin duela gaur egun, gure ingurura begiratuta, euskal sorkuntza mo­mentu on batean egotea. Beraz, ez dut nik esaten, sor­tzaileek esaten dute. 
    Eta hau ikusten da, alde ba­tetik, dauzkagun kultura-erakundeen ga­rrantzian; mo­men­tu honetan Euskal Auto­nomia Erkidegoak eskaintzen du Gu­ggen­heim, Tabakalera, Balen­tziaga, Kultur Hiribu­ru­tza, Ara­ban, Artium eta Santa Maria Katedrala, eta bestetik, dauzkagulako oso ekimen ga­rran­tzitsuak zinearen arloan, teatroaren arloan… Horregatik guz­tiagatik, esango nuke m­o­men­tu positibo batean gaudela eta ikusten ari dela urteetako lanaren emaitza,urte askotan zehar jende askok egin duen ahaleginaren emaitza. 

    Hain zuzen, zu zeu kulturalki oso aktiboa izan zinen Hernanin bizi izan zinen garaian: Errondak, euskal dantza, trikitilaria… ezta? Nola aldatu da herria ordutik?
    Niretzako herri­etan egiten den eta herritarrek egiten ditugun ekintza horiek ere kultura dira. Beti pentsatu izan dut panderoa jotzen nuenean, txistua jo­tzen nuenean, kantatzen nuenean… ondo pasatzeaz aparte, ekitaldi kulturaletan parte hartzen ari nintzela. Eta orain ere, txistua edo dultzaina jotzera joaten naizenean herri kultura horretan parte hartzen ari naizela. Hori, toki askotan oso bizirik ikusten dut, eta gainera, jende gazte asko ikusten dut, bai musika kontuetan eta bai dantza kontuetan eta an­tzerki kontuetan konprometituta, eta uste dut horrek ere kultura eskaintzaren aberastasuna adierazten duela.

    Euskararen inguruan ere lanean dabil zure saila. Zein dira zuen asmoak alor honetan?
    Euskeraren inguruan lan egiten ari garen eragile guztiok, bai erakundeak (Eusko Jaur­laritza, Foru Aldundia, Udalak), eta bai euskeraren gizarte-eragileak ere (talde euskerazaleak, eta eus­kera sustatzeko el­kar­teak) argi eta garbi ikusten du­gu da­to­zen urteetan helburu be­zala jarri behar dugula erabilera bultzatzea. Eta helburu ho­rre­­tara eramango gaituzten ekin­tzak bultzatu behar ditugula. 
    Eta galdetzen badidazu ze ekintza mota… batzuk uste dut daukatela zerikusia motibazioarekin; gu gazteak ginenean, momentu askotan konpromisoz eta militantziaz hartu genuen euskera erabiltzeko ohitura. Gaur zaila da jendeari militantzia hori eskatzea, or­du­an, beste mota bateko motibazioak bilatu beharko ditugu. 
    Horrekin batera, uste dut inportantea dela ikastetxeetan euskaldundu diren gazte hori­ei, eta horietako askok etxean ez dute euskeraz hitz egiteko aukerarik, horiei erraztu behar diegu ikasgelatik kanpora euskeraz ekintzak edukitzeko au­ke­ra izatea.
    Eta gero, argi dago aisialdi­an gure gazte eta umeek den­bo­ra asko pasatzen dutela erra­­minta teknologiko bitartez eduki digitalak-eta kontsumi­tzen; euskeraren presentzia hor bermatzea izango da eginkizun inportante bat.

    Aurten argitaratu ditu Soziolinguistika Klusterrak iazko Euskararen Erabileraren emaitzak, tartean Hernanikoak. Horien arabera, bi puntu besterik ez da igo euskararen erabilera azkeneko 15 urteetan. 
    Asko iruditzen zait, datu positibo bat da. Ez dakit Hernani guk uste dugun bezain euskalduna den, nire esperientziak esaten dit Hernanin jende asko dagoela euskeraz hitz egiteko gaita­su­nik ez duena, auzo osoak dau­de oso euskera gutxi dutenak. Eta testuinguru honetan, euskeraren erabilera igo izana Hernani be­za­lako herri batean, niretzat da­tu positibo bat da, nahiz eta bi puntu bakarrik izan. 

    Datuak oso antzekoak izan dira herri askotan. Zer ari da gertatzen?
    Perspektiban jarri behar dugu kontu hau; denok nahi dugu erabilera haundiagoa izatea eta euskera gehiago sumatzea, baina perspektiban jartzen ba­dugu eta konparatzen badugu gaurko egoera, eta zein zen Her­naniko egoera, kasu honetan, orain dela 30 urte, argi da­go ezagutzan eta erabileran eus­kerak gora egin duela. Eta uste dut jarri behar ditugula oinarriak eta baldin­tzak hazkunde horrek aurrera jarraitu dezan. 
    Gaiak baditu bere zailtasunak, orduan ez dut agertu nahi optimista itsu bat bezala; konturatzen naiz zeintzuk diren zailtasunak. Baina uste dut zailtasun horietan oinarrituta, eman behar ditugula pauso berriak, eta gauzak perspektiban ikusi behar ditugula, ez bost urtetik bost urtera, baizik eta, gaur egun dauzkagun erremintekin, hamar-hamabost-hogei urteko perspektiban. 
    Ni eskolan hasi nintzenean, Hernanin euskeraz ikasteko modu bakarra zen Urumea ikastolara joatea; gaur, Herna­niko ikastetxe guztietan euskeraz ikasten da. Horrek ematen du aukera bat, behin ere eduki ez duguna herrian, hizkuntzari bultzada bat emateko. 

    EITBren kudeaketa ere zure sailari dagokio, eta gainera, EITBko zuzendaria izandakoa zara zu ere. Asko hitz egiten ari da azkenaldian erakundea birplanteatzeko beharraz. Zer deritzozu zuk?
    Gustatuko litzaidake argitzea gau­za bat: Jaurlaritzak ez du EITB kudeatzen; EITB kudea­tzen dute bertan lan egiten du­ten pro­fesionalek eta Lege­bil­tza­rrak onartutako zuzendari­tzak. Gainera, gehiengo haundi bat behar du eta kontuak eman be­har dizkio alderdi po­litiko guztiak ordezkatuta dauden Admi­nis­trazio Kon­tseilu bati eta Le­gebiltzarreko batzorde bati. 
    Batzuetan hobeto egingo di­tuzte gauzak eta beste batzuetan okerrago, baina telebistan eta irratian lan egiten du­en jendeak egiten du produktua. 
    Nik uste dut inportantzia gu­txi ematen diegula EITBk di­tuen indarguneei. Batetik, oso talde autonomiko gutxik eta oso enpresa pribatu gutxik lor­tu dute EITBk daukan indarra irratiaren arloan. Eta telebistari dagokionez, EITBk urte hauetan demostratu du gaitasuna gure autonomia erkidegoko erre­ferente informatiboa izateko, eta baita ere erakutsi du gaitasun hori hizkuntzaren ikus­pegitik, euskeraren ikuspegitik, normalizazioan eragiteko. Hori egin du, batez ere, haur programazioaren bitartez, kirol programazioaren bi­tar­tez eta entretenimenduaren arloko zen­bait markaren bitartez. 
    Egia da, ez daukagu 24 or­duz euskeraz eskaintza potentea egiten duen telebista bat, ETB1en kasuan, baina badaukagu eduki bereziak sortzen di­tuen telebista bat, euskaldun as­koren gogobetetasuna lo­r­tzen duena. 
    Burura datorzkit Herri txiki, infernu handi moduko formatuak edo antzekoak, jarraitzaileak dituztenak eta hizkuntzaren erabilera eta normalizazioaren aldetik eta euskerazko entretenimenduaren ikuspegitik, fun­tzio bat betetzen dutenak. 

    «Egia da, ez daukagu 24 orduz euskeraz eskaintza potentea egiten duen telebista bat; baina badaukagu eduki bereziak sortzen di­tuen telebista bat»

    Eta zer aldatu beharko lu­keen EITBk? Gaur egungo egitura sortu zen 1982an; momentu horretan, Espainian bi telebista zeuden TVEren 1. eta 2. kateak, eta gaur 100 eta piko telebista ikusi ditzakegu; egoera guztiz aldatu da. EITBren egitura sortu zen telebista analogikoa zen garai batean, gaur euskarri guztiak digitalak dira; telebista ikusi dezakegu, ‘telebista’ deitzen dio­gun aparatu horretan, ta­blet batean, telefono mugikorrean… Orduan, go­goeta horretan azpimarratu behar dugu edukiak sortzearen garrantzia, alegia, euskerazko eta euskal komunitatearentzako edukiak sortzeko EITBk du­en garrantzia, eta gero, beharbada, berak enpresa bezala dau­kan egitura ere egokitu be­harko genuke garai berri hauetara. Hori da Legebiltzarrak egin beharko duen gogoeta eta hartu beharko duen erabakia.

    Eta tokiko hedabideen egoera nola ikusten duzu? Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Berrian aipatu zuen hausnarketa abiatu beharra zegoela, batez ere kopuruari dagokionean…
    Nik uste dut gogoeta egin beharra dagoela, baina gogoeta horretan ez daudela egoera berean tokiko hedabide guztiak. Uste dut zorrotzak izan beharko dugula tokiko hedabideekin eta eskatu behar diegu bizi diren ingurune horretan eraginkorrak izateko. Eta ikuspegi horretatik, oso egoera desberdinak daude. Gipuzkoan, Biz­kaian eta Arabako tokiren batean badira indartsu ageri diren tokiko hedabideak; badira beste batzuk seguruena hain egitura eta egoera eraginkorra ez dutenak, eta orduan, honi guztiari buruzko gogoeta bat egitea ere komeni da. Hel­burua izango litzateke ahalik eta tokiko hedabiderik eraginkorrenak eta indartsuenak lortzea; ez dakidana da horretarako, orain dauzkagun guztiak beharrezkoak ditugun. 

    Ardanzaren komunikazio arduraduna, EITBko zuzendaria, orain sailburua… politikan jarraitzeko asmoa daukazu ala kazetaritzara buelta egingo duzu noizbait? 
    Etorkizuna ez dago nire esku, lehenengo. Eta ez dakit… inpresioa daukat orain hartu dudan erabaki honek bete-betean jarri nauela politikaren arloan, eta oso zaila ikusten dut gaur egun nagoen arlo honetatik kazetaritzara bueltatzeko pausu hori. Baina, behin ere, ez dago jakiterik; bizi ere egin behar da, eta denborak esango du! 

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • ETXEKO KONPONKETAK egiten dira; iturgintza, elektrizitatea, pintura, berogailuak, persianak... Seriotasuna.

    Telefonoa: 616886660