2017/10/20
  • Lurdes Tranche, Maite Olaziregi, Fatima Fernandez, Ainara Olaziregi eta Leon Lekuona.
    Lurdes Tranche, Maite Olaziregi, Fatima Fernandez, Ainara Olaziregi eta Leon Lekuona.
  • albistea//MUGAK ZABALDUZ KARABANA

    «Inor ez da ilegala!»

  • 8 autobus. 500 lagun inguru. Horietatik 200 bat, Euskal Herritarrak, eta 23, gipuzkoarrak. Tartean, hernaniar eta astigartarrak. Denak, «inor ez da ilegala» aldarrikatuz, Melilla eta Almeriara iritsi den Mugak Zabalduz karabanan.

  • HERNANI ASTIGARRAGA
    2017/08/12 00:00 Larunbata
  • Hernanitik abiatu ziren Lurdes Tranche eta Leon Lekuona; Urnietatik Fatima Fernandez; eta Astigarragatik Maite eta Ainara Olaziregi ahizpak. Amher edo SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteen bidez izan zuten Mugak Zabalduz karabanaren berri, eta uztailaren 14tik 22ra Bardeak, Madril, Sevilla, Algeciras-Tarifa, Melilla eta Almeria zeharkatuko zituen karabanan parte hartzea erabaki zuten, errefuxiatuei harrera ona egitea eta denentzako mugimendu askerako eskubidea aldarrikatzeko.

    Elkartasun autobusak

    Madrilen eman zitzaion hasiera ofiziala karabanari, baina Euskal Herritarrak Bardeetan elkartu ziren, egun bat lehenago, uztailaren 14an. «Gure autobusean, nafar eta giputxien artean elkartasun haundia sortu zen», dio Maite Olaziregik. Horrela, 500 laguneko asanbladak egitea zaila zen tokian, hauek autobusean  sortu zuten eztabaida eta hausnarketarako gunea.

    Handik Madrilera egin zuten, Diputatuen Kongresuan salatzeko Espainiako Estatuaren eta Europako Batasunaren konpromiso eza errefuxiatuak hartzeko; bakarrik dijoazten adin txikikoen babes eza; CIE, atzerritarrentzako zentro itxiak existitzea; mugako zamaketarien lan esplotazioa; eta beroan egindako itzultzeak.

    Sevillara jarraitu zuten bidea, eta han, Bartzelona-Dakar hegaldian deportatu nahi zuten migratzaile senegaldarraren kasuarekin egin zuten topo. Babesa erakutsi eta Iberia eta Vueling konpainien kontrako erreklamazioak jartzea erabaki zuten. «Horrela tokatu zen, eta erreklamazio orri gehiago ez zegoela esan zigutenean, kantuari ekin genion». Ekintzarekin pozik, bidean aurrera egin zuten. Baina potoloena, ikusteke zuten oraindik.

    «Melillan, a zer errealitatea!»

    Sevillatik, aurrena Tarifa eta Algecirasera egin zuten, eta han CIEak ezagutu zituzten. «CETIak etorkinak behin-behinean hartzeko zentroak dira, eta CIEak, atzerritarrentzako zentro itxiak. Kartzelak dira. Paperik gabe migratzeagatik sartzen dituzte bertan, eta baldintzak ikaragarri txarrak dira», azaldu du Lurdes Tranchek. Performance bat ere egin zuten bertan, itsasoan hiltzen diren etorkinak gogoratzeko. «Hunkigarria izan zen. Hori benetan gertatzen da».

    Baina benetan hunkitu zituena, Melilla izan zen; uztailaren 18tik 20ra egon ziren bertan, Malaga atzean utzita. «Melillan, a zer errealitatea!», dio Ainara Olaziregik. «12km2 dituen hirian, 80.000 biztanle. Franco edo Primo de Riveraren irudiak. Hesia alde batean eta itsasoa bestean. Poliziak. 20 urte ziren ez zela bertan manifestaziorik egiten. Lagundu nahi dutenak mehatxatuta daude». Maite Olaziregi ere harrituta geratu zen: «Kanpotik kritikatzea erraza da. Baina bertatik ikusi genuen barruan dauzkaten sentimenduak kanporatzeko zer nolako beldurra duten. Behar zuten txutea izan ginen». Tranchek ere horixe uste du: «Garrasi egitera atera ahal izan zuten. Ezin dutenen ahotsa izan ginen».

    «CIEak kartzelak dira; paperik gabe migratzeagatik sartzen dituzte bertan»

    Ahotsa eman eta bertako errealitatea ezagutzeko aukera izan zuten, baita ere, Fatima Fernandezi esker, arabiera hitz egiten baitu.  Horrela ezagutu zi­tuzten (*) kalean bizi diren adin txikikoak: hondartzan lo egin eta bertako emakume batzuek eramandakoari esker egunean otordu bat egiten dutenak; adin txikikoentzako zentroetako baldintza txarrak, lapurretak eta jipoiak medio, nahiago dutenak kalean bizi; drogak hartzen dituztenak, «ahazteko». Edo 17, 19 eta 20 urteko hiru  gazteak, duela hiru hilabete Casa Blancatik atera, eta gauero riski egiten, ezkutuan kamioi azpi batean edo itsasontzi batean sartu eta muga pasatzen saiatzen zirenak, gauero jipoia jaso eta atzera bueltatzera behartzen bazituzten ere. Eta zamaketarien kasua, karabanako talde txiki batek bakarrik ezagutu ahal izan zuena; emakume helduak, alargun edo ezkongabeak, 50 edo 90 kg gainean zituztela muga pasatzean, egunero jipoi eta abusuak jasaten zituztenak.

    Hondartza, bizileku

    «Kalean bizi diren adin txikikoak ezagutu genituen», kontatu du Fatima Fernandezek. «Kala batera joaten ziren jolastera. Melillan jende askok ez ditu onartzen, lapurtzeko edo drogatzeko daudela uste baitute. Galdetu genien. Onartzen zuten batzuk drogak hartzen zituztela, ‘gehiegi ez pentsatzeko. Ahazteko’. Adin txikikoentzako zentroetan jipoiak jasaten dituzte. Zazpi bat urteko mutikoak esaten zuen beldurra pasatzen zuela; behin, guztiz biluzik esnatu zela, dena lapurtu ziotelako. Zentroak publikoak dira, baina modu pribatuan kudeatzen dira, langileak etengabe aldatzen dira…». Haiekin hitz egiteagatik eskerrak eman bazizkieten ere, beste kezka bat ere bazuten, Lekuonak oroitu duenaren arabera: « Hondartzan egiten zuten lo, eta orokorrean, inguruko etxeetako hainbat emakumek eramaten zieten afaria izaten zuten eguneko otordu bakarra. Ez zuten haiengana gehiegi hurbil gintezen nahi, beldurragatik edo beste bizilagunen baten mehatxuak jasotzeagatik afaria ekartzeari utziko zioten beldur».

    Amatxori deia

    Taberna batean, bazkalorduan bizitakoa ere ondo gogoan dute. «Zerbitzariak mahaia garbitu zuen, gu esertzeko», gogoratu du Fernandezek. «Ikusi genuen hiru mutil gaztek sobratutako janaria hartzen zutela. Gure familian ohitura dago, horrelakorik ikusiz gero, jende hori gurekin bazkaltzera gonbidatzera. Hasieran lotsa ere eman zidan galdetzeak. Baina beraiekin hitz egin, eta azkenean, animatu ziren». Eta galderak hasi ziren. «Askotan zalantza egiten genuen, galdetu edo ez. Guk ez genien ezer kontatzen, eta haien inguruan dena jakin nahi genuen!», dio Ainarak. Baina kontatu zieten. «Casa Blancatik duela hiru hilabete ahal zuten moduan etorritako hiru gazte ziren, 17, 19 eta 20 urtekoak. Hiru hilabete zeramazkiten egunero riski egiten saiatzen; hau da, ezkutuan kamioi azpi batean edo itsasontzi batean sartu eta muga pasatzen saiatzen. Baina beti harrapatu egiten zituen poliziak, eta jipoia jaso eta atzera bueltatzera behartzen zituzten. Haien lanbide bihurtu zen. Gero, eguna, ahal zuten tokian lo egiten eta ahal zutena jaten pasatzen zuten, gauean berriro saiatzeko». Hiru hilabete etxetik kanpo zeramazkitela eta, Olaziregitarrek telefonoa uztea erabaki zuten. «Casa Blancako aurrezenbakia ere ez zekiten, etxera deitu ahal izateko! Eskerrak nik banekien!», gogoratu du Fernandezek. Eta arnasa ezin eutsi, hiru gazteek etxera nola deitzen zuten begira egon ziren puska batean, Ainara Olaziregiren esanetan. «Denek etxera deitu zuten. Amarekin hitz egin nahi zuten, hiru hilabete elkarren berririk izan gabe pasa ondoren. Ordu eta erdi hura… Ikaragarria izan zen!». Arrazoi eman dio Maite Olaziregik. «Hori guztia potentea izan zen. Kalean zenbat mutil gazte bizi diren ikustea. Azken egunean elkarrekin afaldu genuen guztiok. Gertatzen dena ikusarazteko. Arraroak ez direla sentiarazteko».

    Gehiegizko zamak isilarazita

    Bertako agintariek ezkutuan pasa nahi zuten kasua izan zen, zamaketariena. «Ezer esan ezin dutenentzako bozgorailu izan ginen. Zamaketariekin hitz egiteko gai ez ginen, baina etorri ziren erakustera jasotzen zituzten kolpeen markak. Haiek ezin dute bertatik atera, baina  gertatzen dena jakin dadila nahi dute», dio Tranchek. «Bost emakume eta komunikazio taldeari bakarrik utzi zioten zamaketariak pasatzen diren tokira sartzen. Ikusi behar ez genuen zerbait zen hura». Eta hala ere, ikusi zutena ez zen egunerokoa, Ainara Olaziregiren esanetan. «Gu han ginelako tratu berezia, normalean baino hobexeagoa eman zietela kontatzen zuten. Eguneko, pasatzen uzten badiete, 7-8 euro irabazten dituzte, baina gero han ikaragarrizko mafiak daude. ‘Komertzio atipikoa’ deitzen diote, ‘kontrabando’ deitu beharrean, eta dirua egiten dute». Zamaketariengana hurbiltzen utzi zuten taldeak kontatutakoa kontatzen du Maite Olaziregik ere: «Emakume helduak dira batzuk, alargunak. Edo ezkongabeak. Ikaragarrizko pisua eramaten dute gainean, 80 edo 90 kilo, kasu batzuetan». Legea du gogoan Lekuonak: «Legeak dio eskuko ekipajea bakarrik eraman dezaketela. Ahal dutena eramaten dute. Eta denek jasaten dituzte abusuak». Agintariek nahi dutena egiten dutela gogorarazten du Fernandezek: «Muga nahi dutenean ixten dute, eta batzuetan, etxera itzultzeko ere ez diete uzten pasatzen».

     

    Plastikozko itsasoa hobea omen

    Melillan ezagututakoa oraindik buruan bueltaka, Almeriara jo zuten. «Teorian, hemen bizi diren etorkinak hobeto daude, hesiak, bidaia luzeak, CIEak gaindituta... Baina itsasoa zeharkatu ondoren, plastikozko itsasoan, negutegietan bukatzen dute, lan esplotazio egoeran. Hiritik urruti eta askotan, umeak eskolara ezin bidali. Egunean 46 euro irabazi beharrean, 32 irabazten. Ikaragarrizko tenperatura altuak egiten dituenean ere lanean. Ikusi genuen kanpamendua omen zen ondoen zegoena, eta kide batek esan zuen Greziako errefuxiatu kanpamenduetan hobeto zeudela...». Roquetas de Mar herriko Udalean aurkeztu zuten idatzia, bertako egoera salatzeko. «Hala ere, han hura salatu, eta gero, hemen, manteroak ikusten ditugu, edo etxeko lanetan aritzen diren etorkinen lan baldintza kaxkarren berri eduki eta ez dugu ezer egiten…» azpimarratzen dute denek. «Ez da Melillara joan behar ondokoarekin enpatia izateko», ohartarazi du Maite Olaziregik. «Astigarragako festetan errumaniarrek oso festa polita egin zuten. Kanpalekuak kendu dira, baina batzuk hemen geratu dira, inguruko herrietan. Denak elkartu eta festa polita egin zuten, festetan. Merienda ere ekarri zuten. Baina oso astigartar gutxi zegoen han. Hauek guregana hurbildu, eta guk kasurik ez. Guk ere hurbildu behar dugu».

    Geratzen direnak borrokan, joandakoak itzuli bitartean

    Honek guztiak nahikoa oihartzun ez duela izan sentitzen dute batzuetan; bereziki, ko­mu­nikabideetan. Baina era be­rean, sare sozialetan oihartzuna izan duelako pozik agertu dira antolatzaileak. Hausnartu eta ikasteko balio izan die Urumeako herritarrei, behinik behin.

    «Nahikoa dela esateko aukera izan dugu. Zirkulazio askea daukagu koltana, gasolina edo kafea lortzeko, baina ez pertsonentzako», ohartarazi du Tranchek. Eta Maite Olaziregik gehitu: «Gerratik etortzen dira, gosea edo klima kaxkarra medio. Eskubidea daukate. Nork nahi du bere lurraldetik atera, ondo egonda?». Beste arrazoi bat ikusi du Fernandezek: «Eta betikoa; hango aberastasunak guk ustiatzen ditugu». «Gureak Ingalaterrara bidaltzen ditugu aukeren bila, dirua daukagulako», gogorarazi du Lekuonak.

    Bereziki, «Melillako antolatzaileentzako lanean segitzeko energia eta indar txutea» izan dela argi dute, eta hortxe ikusten du lorpena, Ainara Olaziregik: «Hori zen helburua. Karabana bukatzean ere, laguntzen segitzeko modua egitea». Gogoan daukate azkenera arte oihukatutako leloa: Gaur bagoaz; bihar itzuliko gara! Eta barruraino sartu zitzaien erantzuna: Gu hemen geratuko gara, baina borrokatu egingo dugu!

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Garaje handia salgai Atzietasen.

    Telefonoa: 665705947


  • ETXEKO KONPONKETAK egiten dira; iturgintza, elektrizitatea, pintura, berogailuak, persianak... Seriotasuna.

    Telefonoa: 616886660


  • Garajea salgai Atsegindegin. 22 m2 ditu.

    Telefonoa: 617723427


  • Pixu ederra salgai Latsunbe-berri auzoan. 3 logela, 2 komun, trasteroa eta garajea aukeran. Partikularra.

    Telefonoa: 659447678


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894