2017/05/24
  • albistea//SEASKA - BERNART ETXEPARE LIZEOA

    «Helburua ez da bakarrik, Hernanin ere dirua biltzea; ez gaudela hain urruti konturatzea baizik»

  • Bernart Etxepare Lizeoa da Iparraldeko euskal lizeo bakarra; Baionan dago. Baina laster ez dira ikasle guztiak kabituko, eta lizeo berria eraiki eta materialarekin hornitzeko, sagarrondoen kanpaina abiatu dute.

  • HERNANI
    2017/01/07 00:00 Larunbata
  • Sagarrondoak saltzeko Haz­ten gaitu, hazten dugu kan­paina abiatu zuen ikas­tur­te hasieran, Baionan dagoen Ber­nart Etxepare Lizeoak; Ipa­rraldean dagoen euskal lizeo bakarrak.
    Egun, 16 eta 18 urte bitarteko 260 ikasle inguruk ikasten dute bertan, baina ikasle kopurua go­ra egiten ari denez, 400 ikas­le­rentzako lizeo orokor, tek­no­lo­gi­ko eta profesionala eraiki nahi dute, datozen ikastur­te­rako. Eraikinerako dirua bildu du­te, baina eraikina hornitzeko behar-beharrezkoa den ma­te­ria­la erosteko, 300.000 euro in­gu­ru bildu behar dituzte. Ho­rre­tarako sortu dute sagarrondoen kan­paina, eta gaur zortzi, hi­la­ren 14an, Hernaniko txotx ire­ki­e­­­­ran izango dira Bernart Etxe­pa­re Lizeoko ikasleak, saga­rron­do­ak saldu, eta harremanak es­tutzeko asmotan.

    «Euskalduntzen duen eredu bakarra da, Seaskakoa»
    Pello Aranzabalek ekarri nahi izan ditu Bernart Etxepare Lizeoko ikasleak Hernanira. Izan ere, gurasoak her­nania­rrak ditu Aranzabalek, eta berak ere lotura haundia dauka he­rri­a­rekin, nahiz eta gaur egun Baionan bizi eta Lizeoan bertan egiten duen lan.
     «Iparraldean euskalduntzen duen eredu bakarra da, Seas­ka­koa; euskera ez da ofiziala, eta diru-laguntzak tantaka iristen dira. Horregatik Euskal Herri osoan bilatu behar dugu laguntza. Erronka haundia da 300.000 euro biltzea. Baina Hernanira etorrita, helburua ez da bakarrik, Hernanin ere dirua biltzea; ez gaudela hain urruti konturatzea baizik».
    Izan ere, Aranzabalek dio askotan ez garela konturatzen, denok bat garela. «Azkaindar bat hemendik 20 minutura daukagu, baina urruti dagoela pentsatzen dugu. Aldiz, Ordi­zia­ra errazago joaten gara. Gaz­teekin hona etortzean, helburua da hau ezagutzea, erakustea ez dagoela urruti, erakustea herri ikuspegi bat».

    «Euskera biziko dela ezin dugu bermatu. Jada ez da berreskuratu lehengoa. Baina proiektu hau estrategikoa dela, seguru; hau gabe, hil egingo da»

    Lizeoa, ikasketa profesionalak eta barnetegia
    Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak, 2 urtetatik Baxora (Selektibitatea) arteko ikasketak eskaintzen dizkie, eredu esukaldunean, haur eta gazteei. 1969an sortu zen, eta bilakaera ikaragarria izan du, ordutik; gaur egun, 3.500 ikasle daude, 34 ikastolatan. Horietako 30, ama ikastolak dira. Beste 3, kolegioak, hemen DBHrako institutuak liratekeenak; Zibu­run, Kanbon eta Lartzabalen daude. Eta azken ikastola da, Baionako Lizeoa, 16 eta 18 urte arteko gazteentzako dena.
    Ikasle kopurua gora egiten ari dela-eta, eraikiko dute lizeo berria, Baionan. Ikasketa ibil­bi­de osoa euskeraz egiteko aukera eman nahi dute horrela, gai­ne­ra. Izan ere, orain arte Seaskak ez du ikasketa pro­fesio­nalik eskaini, eta lizeo berrian izango da aukera. Horrez gain, bar­ne­tegia ere eraikiko dute.
    Aranzabalek dio orain arteko barnetegia Tartassen, Landetan dagoela kokatua, eta alokatu egiten dutela. «Izan ere, ikasle askok ehun kilometrotik gora egin beharko lituzkete egunero etxetik Lizeora. Horregatik, orain arte astean zehar bar­ne­tegian bizitzeko lehentasuna dute egu­nero autobusean etorri ezin dutenek. Hemendik au­rre­ra, as­moa da lizeo berrian eraikitzea, barnetegia. Bertan harre­ma­nak estutzen dira. Koa­dri­lak ate­ra­tzen dira. Euskal mun­dua ez da komunitate haun­dia Ipa­rral­dean, baina be­re­­zia da. Halako erresis­ten­tzia sen­timendua sor­tzen du. As­ko­tan, euskeraz ari­tzeko eskatu be­har izaten diegu ikasleei, baina kirolean, adi­bidez, asko markatzen dute eus­kaldunak direla, kontrarioek ez ulertzeko, eta talde senti­men­dua indar­tzeko». 
    Hau guztia medio, Aran­za­balen ustez, estrategikoa da lizeo berria eraikitzea. «Jende askok ilusio haundia dauka. Euskera biziko dela ezin dugu bermatu. Gaur egun, jada, ez da berreskuratu lehengoa. Baina proiektu hau estrategikoa dela, seguru; hau gabe, hil egingo da».

    Sagarrondoak, euskeraren alde
    «Ikastolen elkarteko elkartasun kutxatik lortu da finantzazioa, eta Akitaniako Kontseilutik ere bai, ikasketa profesionalak (he­men­go Lanbide Heziketaren antzekoa) eskaintzeagatik. Bai­na horiek, eraikina ordaintzeko dira. Barne ekipamendurako, ez dago ezer», azaldu du Aran­za­balek.
    Horretarako abiatu dute Haz­­ten gaitu, hazten dugu kan­pai­­na. «Sagarra zerbait debe­ka­tua izan da, gure hizkuntza be­zala. Baina era berean, gure kul­turan tradizio haundia dauka, eta sagar barietate asko dago. Gu bezala!». Dagoeneko, erosi dai­­tezke sagarrondoak 30, 50 edo 100 euroan, www.betxepa­re.eus webgunearen bitartez edo banku transferentzia eginez, ondoko kontu korrontean: IBAN: FR76 1333 5000 4008 0012 8466 819 - BIC: CEPAFRPP333.
    Onena, hala ere, Hernanin jarriko duten postura gertu­ra­tzea dela dio Aranzabalek, umoretsu: «bankuek komisioa kobratzen dute eta...».
    Sagarrondoak erosi ondoren, nahi duenak izango du horiek jasotzeko aukera. «Sagarron­do­en zikloa errespetatu nahi izan dugu, eta beraz, abenduan jaso behar ziren, edo bestela, da­to­rren otsailean. Esan digutenez, martxo erdialdetik aurrera, ez da komeni sagarrondoak lan­da­tzea». Hegoaldean, Gasteiz eta Bilbo ingurukoentzako bilketa puntuak antolatuko dituzte, baina hernaniarrak mugiarazi egin nahi dituzte: «joan dai­te­ze­la Baionara! Benetan, ez dagoela urruti! Horrela, gainera, bisita gi­datua egingo dugu. Eta Eus­ke­ra­ren Sagastia ere ezagutuko du­te». Izan ere, sagarrondoa ero­si nahi, baina non landatu ez dau­kanarentzat, Baionako herriko etxeak utzitako eremu bat erabiliko dute, horiek lan­datzeko; euskerarekin batera, hazi daitezen.

  • BIDEOAK
  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • ETXEKO KONPONKETAK egiten dira; iturgintza, elektrizitatea, pintura, berogailuak, persianak... Seriotasuna.

    Telefonoa: 616886660


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894