2018/10/22
  • albistea//

    «Hernani beti, beti Hernani, Hernani beti aurrera»

  • Hernaniko kirolariak eta zaletuak motibatzeko sortu den himnoa gaur entzungo da lehenengoz Zubipen, 16:30etan. Imanol Kamio ereñotzuarra izan da himnoa osatzearen arduraduna eta berak eman dio forma abestiari. Luzaroan zuen Hernaniko kirolak gisa horretako kanta baten beharra eta jokalariei kemena eta indarra emateko balio dezakelakoan da Kamio. Himnoaren ezaugarri eta sekretuak kontatu dizkio Kronikari.
  • HERNANI
    2012/03/10 00:00 Larunbata
  • himnoa da, herri batekin identifikatua sentitzeko hots haundiko kan­­ta, eta bereziki herri sentimenduari eskain­tzen zaiona. Helburu horre­kin sortu da hernaniarren himno berria, Hernaniko ki­ro­­lariak beren herriaren nor­tasunare­kin iden­tifikatuak sentitu daitezen.

    Hala ere, Hernanik izan du iraganean ereserkiaren in­guruko tradizioa. Duela hainbat urte aski ezaguna zen kanta baten ondotik etorri da abesti berria, eta doinu zahar horren esentzia aprobe­­txatzeko eskatu diote Her­na­niko futbol eta errugbi tal­deetako zuzendariek Ozenki abesbatzeko buru Imanol Kamiori (Hernani, 1959).
    Hain zuzen ere, Ricardo Ramos CDH futbol taldeko presidente eta Juan Ro­dri­guez Hernani Errugbi El­kar­teko lehendakariak izan ziren himno berria sortzeko eskaria egin zutenak. Futbol taldea hirugarren mailara igo berri zela, eta errugbi taldeak 50 urteko ibilbidea betetzen zuela aprobetxatuta, galdetu zuten himno berria egiterik ba ote zegoen.

    Imanol Ka­mio ereñotzua­rrak esperientzia haundia du musika mun­duan eta, oso ezaguna da hernaniarren artean; gusto haundiz hartu zuen ardura. Baina garbi utzi nahi izan du hasieratik, abes­tia ez dela bi kirol horietara bakarrik mugatzen, eta Her­na­niko kirol diziplina guztiak aintzat hartzeko asmoarekin sortu dela. 

    Aurrekariak badaude
    Egin berri den himnoa ez da Kamiok egiten duen lehena. Orain bi urte arrauneko San Miguel ACT Ligako kantua konposatu zuen, eta horren haritik iritsi zaio Hernaniko himno berria egiteko enkar­gua. Berak egin ditu musika eta letra, eta bere zuzendari­tza­pean abestu eta grabatu dute lau abesbatzek: Ozenki, Kantuz, Goiz Eguzki, eta Goizuetako Umore Onak, hain zuzen. Denera, 130 bat ahots. Haiek izango dira lais­ter doinu berria ezagutzera emango dutenak.
    Ricardo Ramos Hernaniko futbol taldeko lehendakariak horrela dio: «Kamiorekin izan nuen berriketaldi batean atera zen himnoa berpizteko ideia». Izan ere, orain bi ha­markada, futbol norgehia­gokak Txantxillan jokatzen zirenean, Hernaniko ereser­kia oso ezaguna zen herr­i­tarren artean, eta sarritan entzuten zen kaxkoko kalee­tan. «Burutazio polita iruditu zitzaigun bai Imanoli eta baita niri, kantu zahar hura berreskuratu eta zertxobait aldatzea». 
    Gainera, Ramosek eskertu nahi izan du Imanol Kamiok himno berria egiteko hartu­tako lana: «Bera kantua kon­posatzeko prest agertu zen hasieratik, eta ilusio haundia egin zion erronkak. Emaitza, gainera, asko gustatu zaigu eta zuzenean entzuteko go­goz gaude».

    Bi zatiko ereserkia
    «Helburu bat nuen, hernaniar guztiek kantatzeko moduko abestia izatea. Ez du zen­tzurik kanta batek futbol eta errugbi taldeentzat bakarrik balio izateak; kirol guz­tiak integratuko dituen doinua izan behar du» dio Kamiok, Karabelgo Doinu Zale mu­sika eskolako bulegoan. «Abestiak bi zati desberdin ditu: Lehenengo parteak tonu sendoa du; sentimentala da; herriaren nortasuna adieraz­te­ko balio duena. Bigarren za­tia, berriz, hernaniar asko­ren artean ezaguna da, nahiz eta hizkuntza aldaketa izan duen; hau da, kantu zaharrak gaztelerazko zati bat zuen, eta berria, aldiz, euskaraz egitea erabaki dugu. Gainera, azken zati hori armonizatu egin dut eta doinu erritmikoa eta herrikoia eman diot».
    Ereserkiaren hitzak zu­zen­duak daude, Her­nani he­rriari berari, eta be­r­tako he­rritarrei; eta kirolari ere egi­ten zaio erreferentzia. Ber­takoen izaera goraipatzen da abestian, baita herriak dituen tradizoak ere. «Hernaniar guztiak kantuarekin identi­fika­tuak sentitzea nahi nuen, denona izatea, eta edozeinek kantatu ahal izatea» dio egileak.

    Modu berritzailean egina
    Teknologia berriak erabili dira grabazioan; programa digita­lak erabili dira, lana asko erraztu dutenak. Perku­sioa, ostera, Jorge Pachecok egin du, modu tradizio­na­lean. Jon Lizarraldek, tron­boia grabatu du. Gainon­tzeko instrumentu guztiak (biolina, pianoa…) orde­nagailuz egin eta erantsi dira. Xabier Valle de Ler­sundik, musika birtualizatu du, soinu egokia izan dezan. Imanol Kamiok eskerrak eman nahi dizkie himnoa egiten parte hartu eta lagundu dioten kide guztiei. «Haiek egindako ekar­penik gabe zaila izango litzateke hain emaitza ona lortzea». 

    Koloreen esanahia
    Koloreen inguruko aipamena ere egiten da abestian. «As­kotan koloreak herri batekin erlazionatzen dira, eta herri­tarren eta kirol taldeen artean lotura afektiboa sortzen du­te». Kamioren arabera. Ere­ser­kian hiru kolore aipatzen dira: txuria, berdea eta gorria.  Hernaniko kirola betidanik ezagutu izan da kolore horiek soinean eramanda, eta he­rriarekin eta aberriarekin duen harremana nabarmena eta agerikoa da. «Beha­rrezkoa iruditu zait koloreak aipatzea» azaldu du.
    Baina ez da gauza berria koloreek horrelako kantetan hartzen duten prota­gonis­moa. Futbolarekin zer ikusia duten talde gehienek, Errea­lak esate baterako, koloreei egiten diete erreferentzia, hori baita talde izaeraren bereizgarria eta erreferentea.

    Motibatzeko asmoz egina
    Kamioren ustez, ereserkiaren egitekoa da kirolariak be­re­zi­ki eta herritarrak orokorrean animatzea eta motibatzea. «Herriarekiko konpromisoa azaleratzeko balio dezake, eta kirolariak animatuko ditu, seguru». 
    Ramo­sek ziurtatu du fu­t­bol taldea Zubipe zelaira ate­ratzen den guztietan ereser­kia entzungo dela, eta tra­dizioa bihurtu nahi dutela. «Zure herriari eta taldeari ematen diozun zerbait da, iraganeko kantu bat berres­kuratzeko aukera da eta  betirako egotea espero dugu. Horrek ilusioa sortzen digu».

    Emanaldia gaur Zubipen eta martxoaren 18an Landaren
    Ereserkiaren aurkezpen pu­blikoa gaur izango da, Zubipen, eta datorren astean Landaren. Abesbatzako ki­deek himnoa kantatuko dute gaur, Hirugarren mailako taldearen partidua hasi baino lehen. Partidua, 16:30etan hasiko da. Ramosen ustez «be­­harrezkoak dira gisa ho­netako ekintzak, bizi­ta­suna ematen baitiote herriari eta herritarrei».

    Beraz, hasi ahotsak ento­natzen ereserki berria kanta­tzeko, eta lainoei ez lan haundirik emateko. «Hernani beti beti Hernani, Hernani beti aurrera…». Ikusi behar­ko da ondorengo belaunal­diek ere himnoa kantatzen jarraitzen duten.


    HITZAK:

    Hernani da guztion herria,
    berde ta txuriz jantzia.
    Kirolari, kirol zale...
    talde haundi guztien iturria.
    Euskal Herrian hain ezaguna dan
    herri kuttun ta esku zabala... hernaniar guztion aberria.

    Henani beti beti Hernani, Hernani beti aurrera, ez dago beste holako talderik
    Euskal Herri guztian

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894